Berriak Segurtasuna
Eu

Beltrán de Herediak hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dio ETAri

2014.eko otsailak 10

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak erretorikatik ekintzetara pasatzea eskatu dio ETAri: har dezala armagabetzeko konpromisoa. «Eusko Jaurlaritzaren eskaera da, bai, baina baita gizartearena ere», adierazi du. Beltrán de Herediarentzat, ETAk bere gain solaskide politikoaren izaera hartzea edo agenda politikoa gidatu nahi izatea «euskal gizartea iraintzea da». «Euskal gizarteak ondo daki zer nahi duen; armagabetzeko konpromisoa galdatzen du, hori da ETAk egin behar duena», berretsi du. Gainera, esan du Ertzaintza «prest eta prestatuta» dagoela armagabetzean zeregin aktiboa izateko. Edonola ere, sailburuak azpimarratu duenez, «garrantzitsuena armagabetzea bera da».

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediari Radio Euskadi kateko «Boulevard» saioan egin diote elkarrizketa. Sailburuak herritarrei eskatu die kasu egiteko administrazioek denboralearen aurrean emandako prebentzio-neurriei. Segurtasun sailburuak gogorarazi du EAEn alerta laranja aktibatuta egongo dela gaur eta bihar, asteartea, itsasoko arriskuagatik. Hamaseigarren alerta da aurten, horiak, laranjak eta gorria gehituta. Beltrán de Herediak larrialdietan Meteorologia Agentziak izan duen eraginkortasuna eta profesionaltasuna txalotu ditu.

Noiznahi gerta daitezkeen larrialdiei dagokienez, sailburuak azaldu du, bihar denez 112 larrialdietarako Europako telefonoaren Nazioarteko Eguna, Segurtasun Sailak sailak berak eskainitako zerbitzuen gaineko gida aurkeztuko duela. Sailburuak azaldu duenez, sailak eskaintzen dituen zerbitzuak herritarrei ezagutaraztea da xedea, zer egin eta nori deitu jakin dezaten.

Polizia-zerbitzuen artean sor daitezkeen bikoiztasunei buruz galdetuta, Estefanía Beltrán de Heredia esan du polizien arteko koordinazioa «ona dela». Hala ere, eraginik gabeko arloak badaudela esan du; Autonomia Estatutuaren arabera Ertzaintzari badagokio ere eskumena, praktikan ez da erabat horrela gertatzen. Sailburuak adierazi duenez, «segurtasun-indarrak eskumenetara eta egungo egoerara egokitu behar dira, eraginkorrak izan daitezen ikuspegi operatibotik eta ekonomikotik».

Segurtasun sailburuak azaldu du Ertzaintza ere «2016 Ortzimuga Plan Estrategikoaren prozesuan erabat sartuta dagoela». Berregituraketa prozesuaren «zatirik handiena» eginda dagoela, «doikuntza gehiago» aurreikusita dauden arren, adierazi du sailburuak. Egindako aldaketen artean daude Babeserako Unitatea sortzea, Laguntza eta Indartze unitateak desagerraraztea, polizia-etxeak berrantolatzea eta ikerkuntza-arloko ertzain kopurua handitzea.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Beltrán de Heredia pide a ETA que deje las palabras y pase a los hechos http://t.co/lMcBQzQNlP

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)