Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Ikuskaritzak aurkitutako arau hausteen heren bat segurtasun baldintzei eta makinen egokitzapenari dagozkie

2014.eko otsailak 07

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak 2013an lan-segurtasun arloan aurkitutako arau-hausteen heren bat lantokiko segurtasun-baldintzen zein erabilitako makinen gabeziei dagozkie

Euskadiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak iaz 8.753 jarduera egin zituen enpresetako lan-osasun eta -segurtasun arloan, zerbitzu eta eginkizun horiek EAEri eskualdatu dizkiotenetik bigarren urtean. Ikuskatzaileen lanak 338 arau-hauste azaleratu zituen; horietatik heren batek (108) segurtasun-baldintzen, makinen eta lan-ekipoen gabeziekin izan zuen zerikusia.

Ikuskaritzak hainbat irregulartasun ere hauteman zituen arrisku-ebaluazioan, prestakuntzan eta langileei emandako informazioan, bai eta kanpoko prebentzio zerbitzuetan ere, nagusiki. Horren guztiaren ondorioz, lan-agintaritzak, hau da, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 1,66 milioi euroko zehapenak jarri zizkien enpresei.

Juan María Aburtoren iritziz, «2012ko urtarrilean Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Euskadiri eskualdatzeak kudeatzeko eta antolatzeko gaitasun handia eman dio, eta horri esker, gure langileen eta enpresen zerbitzura dagoen ikuskapen-zerbitzu eredu bat ezarri ahal izan da».

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politiketako Sailaren egituran bertan dago; horri esker, Ikuskaritzak errazago jo dezake Osalan, Lanbide eta Lan Agintaritza erakundeen datu-base eta aplikazioetara, besteak beste, eta horrek lana errazten dio. Halaber, erakundeen arteko lantaldeak sortzeak hobekuntza operatibo bat ere ekarri du, ikuskatzeko lana eraginkorragoa izatea eraginez.

Ikuskaritza enpleguaren kalitatea babesteko zerbitzu publiko bat da, eta hainbat jarduera egiten ditu iruzurrari, desberdintasunei edo istripu-tasari aurre egiteko; haren lana ez da mugatzen langileen osasun- eta segurtasun-baldintzak kontrolatzera, ordea. Bi arlo gehiagotan ere egiten du lan, izan ere: lan-harremanetan eta gizarte-segurantzan (Estatuaren eskumena da azken hori).

Ikuskaritzako langileek 25.083 zerbitzu-agindu gauzatu dituzte guztira (45.497 jarduera); kasuak banan-banan aztertu ondoren, 1.982 arau-hauste akta egin dira, 8,22 milioi euroko zenbatekoarekin.

Agindu guztietatik, 11.775 hainbat erakunderen salaketa edo eskaeren ondorio izan dira, eta 13.263 Ikuskaritzak berak lan-baldintzak kontrolatzeko urtero egiten dituen kanpainen barruan aurreikusitako jardueren ondorio.

Lurraldearen eta eskualdatutako arloen arabera, 4.392 zerbitzu-agindu izapidetu dira Araban; horietatik 380 lan-segurtasun eta -osasunari buruzkoak izan dira, eta 1.362 lan-harremanei buruzkoak. Arau-hausteak 337 izan dira guztira, 1,12 milioi euroko zenbatekoarekin.

Bizkaian 12.222 zerbitzu-agindu izapidetu dira guztira; horietatik 1.391 lan-segurtasun eta -osasunari buruzkoak izan dira, eta 2.338 lan-harremanei buruzkoak. Arau-hausteak 1.178 izan dira orotara, 5,16 milioi euroko zenbatekoarekin.

Azkenik, Gipuzkoan 8.424 zerbitzu-agindu izapidetu dira; horietatik 1.080 lan-segurtasun eta -osasunari buruzkoak izan dira, eta 1.648 lan-harremanei buruzkoak. Arau-hausteak 466 izan dira orotara, 1,94 milioi euroko zenbatekoarekin.

 

Lan-harremanak

Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak, lan-harremanen arloan, 5.348 zerbitzu-agindu gauzatu ditu; horietatik 5.172 salaketen eta lan-agintaritzak eskatutako txostenen ondorio izan dira, eta bere ekimenez egin ditu 276 aurreikusitako jardueren barruan.

Arlo horretan egon da salaketa zein lan-agintaritzaren txosten-eskaera gehien Enplegu Erregulazioko Espedienteen (EEE) ondorioz.

5.348 zerbitzu-agindu horiek izapidetzeko 6.807 jarduera egin dira, bai eta 5.225 lan-kontratu berrikusi ere; azken horietatik 164, ikuskatzaileen esku-hartzeari esker, mugagabe egin behar izan dituzte. Arlo horretan egindako 188 arau-hausteen ondorioz 1,01 milioi euroko zehapenak ezarri dira.

Arau-hauste guztietatik, 41 ordutegiak eta aparteko orduak ez betetzearekin lotuta egon dira, 18 grebarako eskubidearekin, 15 aparteko orduekin eta 19 lansari eta kitapenekin.

 

Segurtasun handiagoa ETEetan

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak, Osalan erakundearekin batera, segurtasun eta osasun arloan orain arte egindako ahaleginari eutsi nahi dio aurten, ETEetan bereziki.

Soldaten ordainketei, horiek ordaintzeko atzerapenei, hitzarmen kolektiboan araututakoak baino zenbateko txikiagoak ordaintzeari edo soldatak ez ordaintzeari buruzko salaketei arreta berezia jarriko zaie, orobat.

 

 

 

 

Dokumentazioa:

Transferentzien batzorde mistoak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erdietsitako akordioa 2012ko urtarrilaren 1ean gauzatu zen (ekainaren 28ko 138/2011 Dekretua).

Zaintza, laguntza tekniko, adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje arloan ikuskapen-lanak egiteko behar beste organo, funtzionario eta bitarteko material eskualdatzea zekarren akordio horrek.

Transferentzia horrek Estatuko Administrazio Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegokoa ikuskapen-zerbitzuaren titularkide izatea dakarrenez, ordezkaritza paritarioko kide anitzeko organo bat eratzea hitzartu zuten bi administrazioek: Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Euskal Kontseilua, alegia. Organo horrek ikuskapen-lanaren koordinazioa, eraginkortasuna eta efikazia errazten ditu Euskadin; kide hauek osatuta dago: Eusko Jaurlaritzako lauk, enplegu, lan-osasun eta lan arloen ordezkari gisa, eta administrazio zentraleko lauk, gizarte-segurantza, enplegu eta atzerritarren arloetarako. Presidente-kargua txandaka hartzen dute.

Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren sistemari atxikitako funtzionarioek antolamendu juridikoan onartutako eginkizun guztiak garatzen dituzte ikuskapen-jardueren esparruan, zer administraziotako kide diren alde batera utzita. Euskadiko Ikuskaritzako langileei dagokienez, egiten dituzten jarduerak eskualdaketako arloei (Lan-segurtasun eta -osasuna, eta lan-harremanak) zein eskualdatu gabekoei (gizarte-segurantza) dagozkie.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)