Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak igandera arte, hilak 9, luzatu du itsasoko alerta laranja, olatuen altuera dela-eta

2014.eko otsailak 07

Segurtasun Sailak larunbatetik igandera (hilak 9) luzatu du itsasoko eta kostako alerta laranja, 8 metrotara hel daitezkeen olatuengatik. Nolanahi ere, ez da itsasaldi bizirik izango. Euskal Meteorologia Agentzia Euskalmetek azaldu duenez, hurrengo egunetan depresioak eratuko dira Ozeano Atlantikoan eta haize bortitza eta olatu handiak ekarriko dituzte gurera.

Ondorioz, otsailaren 7an eta 8an, hegoaldeko haize bortitza izango da. Baliteke 120 km/h-tik gorakoa izatea ageriko zonetan, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan, eta 80 km/h-tik gorakoa agerikoak ez diren zonetan. Baliteke Bizkaian 90-100 km/h ingurukoak izatea, Araban 90 km/h-koak eta Gipuzkoan 70-80 km/h-koak. Hala ere, larunbat eguerditik aurrera indarra galduko du. Olatuei dagokienez, larunbatean eta igandean 8 metro artekoak izan daitezke, 19 segundoro.

Kontuan izan behar da ez dela itsasaldi bizirik izango; guztiz kontrakoa baizik, 3,5 metrotik beherako itsaso maila izango da. Olatuen aurretik, arreta jarri behar zaio gaur gaueko eta bihar goizaldeko hego-mendebaldeko haize indartsuari.

Datorren asterako, gutxienez otsailaren 15erako, ez da zirkulazio atmosferikoaren ezaugarririk aldatuko; hortaz, haize eta olatu denborale berriak iristeko aukera dago, Atlantikoan sortuko diren depresioak direla-eta.

Gomendioak

Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkuak denboraleak eta haizeak daudenerako, ondorio txarrak saihesteko edo ahalik eta gehien murrizteko:

Haizeari dagokionez:

Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.

Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.

Segurtatu aldamioak, garabiak eta obretako gainontzeko elementuak.

Ez piztu inolako surik.

Aldendu erlaitz, horma, zuhaitz edota publizitate paneletatik eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aldamenetik igarotzerakoan.

Itsasoari dagokionez:

Bete agintaritza eskudunek emandako jarraibideak eta aholkuak.

Aldendu hondartzetatik, baita haize indartsuen eraginez sor daitezkeen olatuen eragina jasan dezaketen bestelako guneetatik ere.

Ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela. Ez egin inola ere uretako kirolik.

Ez sartu itsasora ezertarako.

Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (arrokak, kai-muturrak, moilak).

Ez joan itsas-pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara. Itsasoak eraman egin zaitzake.

 

Informazioa uneoro, Euskalmeten web-gunean www.euskalmet.euskadi.net edo Twitterren @Euskalmet. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.


Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Bioestrategia
    2014.eko otsailak 07

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Seguridad prolonga al domingo, día 9, la alerta naranja marítimo costera por altura de ola vía... http://t.co/n0im48QBY0