Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Tapiak dei egin die enpresariei eta langileei elkarrekin lan egin dezaten eta «proiektu berdin eta bakarra osa dezaten»

2014.eko otsailak 06

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak enpresetan enpresarien eta langileen arteko harreman-eredu bateratua sortzearen garrantzia azpimarratu du. Sailburuak aldarrikatutako ereduan, batzuk zein besteak «proiektu beraren parte sentiaraziko dira, eta proiektuak arrakasta lortzeko egingo dute lan». Alemania eta Danimarka dira horren adibide; azaldu duenez, arriskuak partekatu behar dira, baita etekinak ere, eta enpresako kide guztien prestakuntzaren aldeko apustua egin behar da, «den-denak beharrezkoak baitira». Funtsean, «guztien ongia» da xedea, berretsi du Tapia sailburuak.

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua Onda Vascako «Euskadi Hoy» programan izan da gaur, osteguna, goizean. Elkarrizketan, gaurkotasuneko gaiak izan ditu hizpide, ontzigintza-sektorearen egoera, argindarraren erreforma eta turismoa, kasu.

Espainiako Gobernuarekin kritiko agertu da sailburua Argindarraren Erreformari eginiko azken aldaketaren harira; «erreformaren erreforma da». Legea onartu eta hilabetera aldatu behar izateak esan nahi du «gutxi hausnartu zela edo ondorioak ez zirela behar adina balioetsi», adierazi du. Tapiak «enpresen lehiakortasunari egokitutako legea» eskatu du, Eusko Jaurlaritzak bakarrik ez, Europak ere horixe eskatzen baitu, zehaztu duenez. Tapia esan duenez, Espainiako Estatua eskakizun horien aurka ari da; alegia, industria-garapenari buruzko Europako etorkizuneko politika gidatuko duten ardatzen aurka.

Ontzigintzaren sektoreari dagokionez, sailburuak zehaztu du oraindik ere ez dela Navalen arazo nagusietako bat den tax lease zaharraren auzia itxi. Sailburuaren hitzetan, «funtsezkoa da» Espainiako Estatua eta Europa akordio batera iristea, aipatutako auzia ixteko. Bestalde, sektorearen etorkizunari dagokionez, azaldu du zuzendaritza-taldeari dagokiola modu «bereizgarrian eta merkatuan jokabide oso aktiboa izanda» lan-zama bilatzea. Ardura hori enpresa-zuzendaritzari dagokion arren, Tapiak argitu duenez, Jaurlaritza prest dago prozesu horretan laguntzeko.

Azkenik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak turismoak Euskadin duen garrantzia azpimarratu du. Jaurlaritzak nazioarteko turismoa bultzatu nahi du, bisitari atzerritarrek «gehiago inbertitzen dutelako Euskadin».  Bestalde, Tapiak esan duenez, «hil ala bizikoa» da EAErentzat Espainiako Estatutik, Madrildik eta Bartzelonatik, esaterako, datorren turismoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)