Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Kirol eragileentzako etengabeko prestakuntza programa, Kiroleskolaren eskutik

2014.eko otsailak 05

 

  • Otsailaren 6an eta 7an hasiko da Kiroleskolaren prestakuntza programa, "Ariketa fisikoa eta osasuna sustatzea: udalerri aktiboak" jardunaldirekin
  • Pisua galtzera zuzendutako ariketetan dauden azken joerak ere aztertuko dira hil honetan

Kiroleskolak, Kirolaren Euskal Eskolak, prest du 2014ko lehen seihilekorako etengabeko prestakuntza programa, kirolean aritzen diren eragileei zuzendua. Otsailaren 6an hasi eta ekainaren 14ra arte, kirolaren edo osasunaren arloetan diharduten profesional nahiz boluntarioei zuzendutako zazpi jardunaldi, mintegi eta mahai inguru antolatu dituzte.

Prestakuntza programari otsailaren 6an eta 7an emango zaio hasiera Irungo Ficoban, "Ariketa fisikoa eta osasuna sustatzea: udalerri aktiboak" izenburupeko jardunaldiarekin. Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariaren irekiera hitzaldiaren ondotik, egungo gizartean ariketa fisikoa sustatzeko erronkaz jardungo dute bi egunez, eta erronka horretan zeresana duten sektore eta diziplina profesionalak ere aztertuko dira. Herritarren ariketa fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa albora uzteko ahaleginean tokiko erakundeek, udalerriek bereziki, duten papera ere mintzagai izango da. Udalerrietan ariketa fisikoa bultzatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak tokiko eragileak prestatzeko martxan jarri duten ekimena azalduko da jardunaldian, Irun sasoian. Irunen egingo den ikastaro honen atzetik, antzeko beste ekimen batzuk gauzatuko dira Euskadin, Jarduera Fisikoa bultzatzeko Euskal Planaren estrategien barruan.

Irungo jardunaldi honetan parte hartuko dute, besteak beste, lehen arretako eta familia medikuek, Bergara, Irun eta Orioko kirol-teknikariek, hirigintza adituek, Osasun Saileko teknikariek eta kirol zerbitzuetako enpresek.                Profesional multzo zabalari zuzendutako jardunaldia izango da: udal-teknikariak (kirola, hirigintza, gizarte ongizatea, hezkuntza nahiz mugikortasunekoak), osasun publikoko teknikariak, gorputz hezkuntzako irakasleak, eskola-kiroletako koordinatzaileak eta kirol-zentroetako zuzendariak dira ikastaro honen hartzaileak.  

Kirolaren Euskal Eskolaren hurrengo hitzordua otsailaren 21 eta 22an izango da Gasteizen, "Pisua galtzera zuzendutako ariketa fisikoa. Azken joerak" mintegiarekin. Osasunaren aldetik ez ezik ikuspegi estetikotik ere gero eta ardura handiagoa sortzen duen gai honetan, duela gutxira arte, epe luzeko ariketa aerobikoak egitea gomendatzen zen nagusiki, baina alor horretako azken ikerketek aditzera ematen dute beste entrenamendu edo ariketa mota batzuk praktikatzea are onuragarriagoa izan daitekeela pisua galtzeko. Horretaz jardungo dute, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean, Jose Antonio Casajus, Ariketa Fisikoa eta Osasunean katedradunak eta German Vicente Rodriguez Jarduera Fisikoa eta Populazio Bereziak ikasgaiko irakasleak, biak ere Zaragozako Unibertsitatekoak. Teknikari eta entrenatzaileei, prestatzaile fisikoei, ariketa fisikoko eta osasuneko begiraleei eta entrenatzaile pertsonalei zuzendutako mintegia izango da.

Ondorengo hilabeteetan ere jardunaldi eta mintegi gehiagorekin aurrera egingo du Kiroleskolaren egitarauak. Martxoan esaterako, Kirol Federazioen kudeaketari buruzko jardunaldiak izango dira Bilbon, eta apirilean berriz, Olinpiadetako dominadunen lan sisteman entrenatzaileak daukan garrantziari buruzko mahai ingurua, Getxon. Maiatzaren amaieran, eta hiru egunez, dopinaren aurkako prebentzioaz arituko dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Ekainean azkenik, udaletako kirol politiken topaketa izango da Getxon, eta kirol talentuak antzeman eta garatzeko egungo joerei buruzko mintegia Donostian.

 

Gasteizen, 2014ko otsailaren 5ean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)