Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak alerta laranja berriak aktibatu ditu haizeagatik eta olatuengatik

2014.eko otsailak 04

Bihar, otsailak 5, aurtengo itsasoko bosgarren ekaitza helduko dela espero da

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeagatiko alerta laranja aktibatu du gaurko (asteartea), Bizkaian eta Gipuzkoan eraginpean dauden zein eraginpean ez dauden aldeetan, baita biharko (asteazkena) olatuengatiko eta haizeagatiko alerta laranja ere.

Iragarpen meteorologikoen arabera, haize zakarrak ekarriko dituen beste ekaitz bat dator, itsasertzerako alerta laranja izanda (baina aurreko igandeko goizaldeko itsasgoraren altuera hain handiak izan gabe). Itsasertzean oraindik egiten ari diren birgaikuntza-lanak kontutan hartuz, Segurtasun Sailak bihar (asteazkena, otsailak 5), 18:00etan Larrialdiei Aurregiteko Bidea - LABI deritzan Euskadiko Babes Zibileko Planaren “0” egoera aktibatuko du.

Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, aste honetan zehar espero da Atlantikoan beste depresio batzuk sortzea, modu nabarian barrurago sartuko direnak. Haize gogorrak, orokorrean hegoaldekoak, eta olatu handiak ekarriko dituzte. Aste honetan prezipitazioak, ordea, ez dira oso aipagarriak izango. Hegoaldeko haizeek tenperaturak epelduko dituzte eta ez da elurte-kasu nabarmenik izango.

Gaur (asteartea, otsailak 4) Atlantikoan depresio bat sortuko da eta egunaren bukaeran Britainiar Uharteen hego-mendebaldean jarriko da. Horrek eragingo du hegoaldeko haizea areagotzen joatea eta arratsalde-gaueko partean haize-boladek 130 km/h-ko abiadura gaindituko dute eraginpeko aldeetan, batez ere mendebaldeko mendialdeko eremuetan. Haize-boladek itsasertzean 110-120 km/h-ko abiadura gaindi lezakete eta 80-90 km/h-ko abiadura eraginpean ez dauden aldeetan. Baliteke 100 km/h-ko abiadura gainditzea Bizkaian eta Gipuzkoan eraginpean ez dauden aldeetan.

Olatuak

Asteartean, otsailak 5, haizeak indarra galduko du aldi baterako, baina depresioak altuera handiko olatuak sortuko ditu. Olatu horiek egun horretan zehar helduko dira altuera nabariak izanda eta arratsaldean 7 m ingurukoak izan daitezke. Dena den, kasu honetan, itsasoaren maila ez da oso altua izango (otsailak 5, Bilboko Portua: 20:52an -tokiko ordua- marearen altuera 3,89 m-koa); hain zuzen, aurreko asteburuko kasuan erregistratutakoa baino ia metro 1 baino txikiagoa.

Espero diren olatuak ez dira bereziak izango, baina kontuan izan behar da aurreko ekaitzak kostaldean kaltetutako eremuetan eragina izango duela. Horregatik, kostaldeko puntu batzuk ahulagoak izango dira.

Ostegunean, otsailak 6, olatuen altuera jaisten joango da eta egunaren bukaeran pixka bat handiagoak izango dira.

Haizea

Ostegunean, otsailak 6, aurrekoa bezain sakona izango ez den beste depresio bat euskal itsasertzetik igaro liteke. Horrek berriro hegoaldeko haize biziak ekarriko lituzke eta haize-boladak 120-130 km/h-tik gorakoak izan litezke mendialdeko eremuetan, 110 km/h-koak itsasertzeko eremuetan eta 80-90 km/h-koak eraginpean ez dauden eremuetan.

Egunaren bukaeran haizeak mendebaldetik jo lezake, bolada gogorrekin, batez ere itsasertzean, 110 km/h-ko abiadura izanda. Depresio horrek ere eragin lezake olatuen altuera unean-unean igoaraztea 6ko gauean eta 7ko goizaldean zehar, 5 metro inguruko altuera garrantzitsuetara iritsita.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, ekaitz- eta haize-arriskuak direla eta, beroriek sor litzaketen ondorio kaltegarriak prebenitu eta arintzeko asmoz, herritarrei aholku hauek eman nahi dizkie:

Haizeari dagokionez:


Itxi eta finkatu ateak, leihoak eta olanak.
Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
Segurtatu aldamioak, garabiak eta obretako beste elementu batzuk.
Ez egin erreketarik edo surik.
Aldendu zaitez erlaitzetatik, murruetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-paneletatik eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden etxeen aurretik igarotzean.

Itsasoari dagokionez:

Errespetatu agintari eskudunek emandako oharrak eta gomendioak.
Urrundu zaitez hondartzatik, baita haize zakarren indarrak sor ditzakeen mareen eta olatuen eraginpeko tokietatik ere.
Ez erabili itsasontzirik eta begiratu berorien amarrak. Ez egin inola ere uretako kirolik.
Ez egin jarduerarik itsasoan.
Urrundu zaitez olatuak hausten diren tokitik (arrokak, kai-muturrak, kaiak).
Ez hurbildu itsas ondoko pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara. Uraren indarrak bultza zaitzake.


Egon zaitez informatuta Euskalmeten www.euskalmet.euskadi.net web-orriaren bitartez edo Twitterren: @Euskalmet. Larrialdian deitu 112 telefonora.


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko