Berriak Lehendakaritza
Eu

Galdakao-Usansolo Ospitalean AECC elkarteko boluntarioakizango dira, minbizia duten gaixoei eta haien familiei bizi-kalitate hobea emateko

2014.eko otsailak 04

·        Boluntarioek gaixoei lagun egingo diete, gaixoen senitartekoek atseden hartzeko beharra dutenean.
·         Babes emozionala emango diete gaixoei eta haien familiei, eta ospitaleko egonaldia atseginago egingo diete, aisialdiko jardueren bitartez.

Galdakao-Usansolo Ospitaleak, Barrualde-Galdakao Osakidetzaren Erakunde Sanitario berrian erreferentzia den zentroak, lankidetza-hitzarmena sinatu du Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearekin (AECC), gaixo onkologikoek eta haien familiek bizi-kalitate hobea izan dezaten.


Hitzarmenari esker, elkarte horretako boluntarioek lagun egingo diete gaixoei eta haien familiei, betiere pazientearen egoerak horretarako aukera ematen badu eta eraginpean daudenek eragozpenik jartzen ez badute. Zehazki, helburua da AECC elkarteko kideek gaixoei lagun egitea gaixoen senitartekoek atseden hartzeko beharra dutenean, eta babes emozionala ere ematea bai pazienteei bai haien familiei, diagnostikoari eta patologiaren prozesuari loturiko emozioak adieraz ditzaten.


Orobat, hitzarmenak barnean hartzen du adoretze- eta entretenimendu-jarduerak eskaintzea, gaixoei ospitaleko egonaldia atseginago egiteko. Horrez gain, hitzarmenak ahalbidetuko du erabilgarri dauden baliabideak azkar bideratzea, boluntarioen koordinatzailearen bitartez. Hain zuzen, koordinatzaileak hautemango du zein egoeratan eta zein behar dagoenean esku hartu beharko duten langile espezializatuek.


Minbiziak iraupen luzeko etengabeko zainketak eskatzen ditu eta, maiz, pazientearen itxurak okerrera egiten du; hori kolpe psikologiko gogorra izaten da senitartekoentzat, eta desoreka eragiten du elkarbizitzan.
Arazo horren aurrean, Osakidetzako Galdakao-Usansolo Ospitaleko Onkologia Zerbitzuaren arduradun Josefa Ferreiro doktoreak nabarmendu duenez, lankidetza “oso onuragarria izango da, pazientearentzat ez-ezik, familiarentzat ere bai. Gure pazienteak aldian behin etortzen dira ospitalera, eta ospitaleratu behar izaten ditugu, batzuetan; horren ondorioz, familia-ingurune osoa erabat aztoratzen da”.
Ferreiro doktoreak adierazi duenaren arabera, “AECC elkartearekin sinatutako hitzarmenari esker, beharbada, egoera jakin batzuetan, bai pazientea bai haren familia lasaiago egongo dira, ez soilik fisikoki, bai eta alderdi emozionalean ere; eta horrek bizi-kalitatea nabarmen hobetzea ekarriko du pazientearen ingurune osora”.
Bestalde, AECCren Bizkaiko kudeatzaile Gabriel Otalora “oso pozik” utzi du hitzarmena sinatu izanak, hain zuzen ere “ezinbestekoa den arreta psikologiko eta soziala eskainiko baitie gaixoei eta haien familiei”.
Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak konpromisoa hartu du pazienteak behar bezala artatzeko boluntario-kopurua emateko eta boluntarioak identifikatzeko mantalak hornitzeko. Ospitaleak leku batzuk utziko ditu, boluntarioak koordinatzeko ardura izango duten profesionalek bulego gisa erabil ditzaten, eta beharrezko irizpide medikoak emango ditu, jarduerak egiterakoan bizikidetza balioets dadin. Jarduerak goizez egingo dituzte, ospitalearen funtzionatzeko era ez oztopatzeko egokien joko diren orduetan.


BORONDATEZKO LANA OSAKIDETZAN


Basurtuko eta Arabako Unibertsitate Ospitaleek sinatuta dute hitzarmena Minbiziaren aurkako Elkartearekin, dagoeneko. Hitzarmen horri esker, ospitale horietako gaixo onkologikoek laguntza soziala eta afektiboa jasotzen dute.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Bizkaiko Minbizidun Haurren Elkarteak (Aspanovas) hainbat urtez dihardu haur onkologikoen eta haien familien egunerokotasunean parte hartzen. Elkarte horretako boluntarioek laguntza morala, psikologikoa eta azpiegiturak ematen dituzte.


Bestalde, orain dela hiru hilabete, Donostia Unibertsitate Ospitaleak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Nagusilan Adin Nagusikoen Giza Boluntariotza elkartearekin eta, hitzarmen horri esker, irakurketa-saioak egiten dituzte Onkologiako eta Zainketa Aringarrietako pazienteekin, ospitaleko egonaldia atseginago egiteko xedearekin.
Horregatik, bihar asteazkena, otrasilak 5, bi kontaketen irakurmen saio bat antolatu da. “El avión de la bella durmiente”, Gabriel García Marquezena, eta “La bromita”, Antón Chéjovena. Hitzordua 17.30 etan izango da, Gipuzkoa eraikineko 3. solairuan, egon Gelan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau