Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzaren eta udaltzaingoen zaintza-egutegia aurkeztu du

2014.eko otsailak 04
Orotara, hainbat arrisku-faktoreren 34 kontrol-kanpaina izango dira

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevo, Koordinazio eta Segurtasuneko zuzendari Rodrigo Gartzia eta Ertzaintzako Trafikoko buru nagusi Iñigo Ibarra udaltzaingoen ordezkariekin bildu dira gaur Erandion, aurtengo zaintza- eta kontrol-egutegia aurkezteko.

Trafiko Zuzendaritzak planifikatzen eta koordinatzen ditu poliziek egiten dituzten zaintza- eta kontrol-kanpainak. Horien helburua, bada, errepideetako segurtasuna hobetzea eta trafiko-istripuetako biktima-kopurua murriztea da. Horretarako, kanpainek arrisku-faktoretzat jotakoen zaintza dute hizpide.

"Garrantzitsua da –nabarmendu du Trafikoko zuzendariak– prebentzioan koordinatuta egotea; izan ere, denon lana ezinbestekoa da euskal errepide eta kaleetako ezbehar-kopuruaren datuak hobetzeko".

Horren harira Koordinazioko zuzenari Rodrigo Gartziak adierazi duenez, "Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak euskal poliziaren atal ezberdinekin lankidetzan aritzeko hainbat tresna sortu ditu: lan-mahaiak, udaltzaingoen koordinazio-batzordeak, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko tokiko koordinazio-batzordeak, eta udaltzaingoen ataria. Azken hori, bada, komunikazio-arazoak konpontzeko tresna erabilgarria da, bai eta Ertzaintzaren eta tokiko poliziaren atalen arteko informazio-trukerako ere; hortaz, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, beharrezkoa da udaltzaingo guztiek datu-base horretarako sarbidea izatea".

Ikerketek baieztatzen dutenez, istripu bat gertatzeko ez da arrazoi bakarra egoten; aitzitik, hainbat elementu izaten dira. Distrazioak, abiadura desegokiak, nekeak, egoera txarrean dagoen ibilgailu batek edo alkohola edo drogak kontsumitu ondoren arduragabekeriaz gidatzeak zoritxarreko amaierara eraman dezakete, denek deitoratzen dutena. Gaur aurkeztu duten egutegian markatutako egunetan bereziki kontrolatuko dira horiek eta beste arrisku-arrazoi batzuk. (Kontsultatu 1. eranskina). Orotara, zaintza bereziko 34 kanpaina aurreikusten dira.

Gaurko bileran Galdakao, Plentzia, Gorliz, Oñati, Beasain, Ordizia, Zumarraga, Zarautz, Laudio, Gasteiz, Bilbo, Erandio, Gueñes, Getxo, Mungia Leioa, Basauri, Trapaga eta Amurrioko udaltzaingoen ordezkariak izan dira.

Udalek kanpainak aurkeztu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak proposatutakoez gain, baina gaur aurkeztutako egutegia batera lan egiteko esparrua da.

Urtarrila: ez da hildakorik egon trafiko-istripuetan Euskadin

Trafiko-istripu baten ondoriozko hildakoen zenbakizko datua zifrarik txikienera heldu zen iaz Euskadin; izan ere, 56 lagun hil ziren –urtarrilaren 1eko oharrean 57 lagun hil zirela aipatu zen, baina Ertzaintzak ondoren egin dituen ikerketek baieztatu dute horietako batek bere buruaz beste egin zuela–.

Errepideko heriotzen beherakada hori berretsi egin da; izan ere, urtarrilean ez da inor hil Euskal errepide eta kaleetan.

Istripu-tasaren datuen jarraipena egiten denetik, lehenengoz ez da egon hilabete batean heriotza-istripurik euskal errepideetan. 1993az geroztik egiten da erregistro hori; hortaz, 20 urtez egin da, eta hilero erregistratu da heriotzaren bat.

2000az geroztik, Ertzaintzaren estatistika-baseei udaltzaingoek emandako hiriko istripuen datuak gehitu zaizkie.

Iazko urtarrilean, esate baterako, bi lagun hil ziren trafiko-istripuetan.

Joera positibo hori zauritu larrien kasuan ere errepikatu da; izan ere, 18 zauritu larri erregistratu dira urtarrilean, iazko urtarrilean baino 12 gutxiago.

Garbiñe Sáez Molinuevoren arabera, albiste on hori erakunde guztien baterako lanaren ondorioa da. "Gure lanaren emaitzekin pozik egon gaitezke, baina ahaztu gabe ezinbestekoa dela modu koordinatuan lan egitea, gaurko bileran planteatu bezala, baldin eta zifra positiboei eutsi nahi badiegu. Gainera, bideen erabiltzaileen (dela auto-gidariak, dela txirrindulariak, dela oinezkoak) jarrera eta erantzukizuna aintzat hartu behar dugu; izan ere, zuhurtziaz jokatzen badute, ez dugu heriotza gehiago deitoratu beharko".

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko otsailak 04

    Comentario de Twitter:
    Tráfico del Gobierno Vasco presenta el calendario de vigilancia que llevarán a cabo Ertzaintza y Policias Locales http://t.co/qg8bOXhf4A

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Ibarra