Berriak Lehendakaritza
Eu

Kolonbiak giza eskubideen arloan emandako pausoak positibotzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak, eta lanean jarraitzera animatu ditu

2014.eko otsailak 04

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok azken egunetan Kolonbiako hainbat elkarte eta erakunderekin izan dituen bilerak positibotzat jo ditu. Kolonbian bertan izan da Hernando, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Programarekin lotuta.

Bilerak izan eta  testigantzak jaso ondoren ateratako lehen ondorioetan, Monikak Hernandok adierazi du ordezkaritza arduratuta dagoela "erakundeetako liderrak gero eta mehatxu eta jazarpen gehiago jasaten ari direlako beren komunitateetan giza eskubideak defendatzeagatik soilik", eta horregatik berretsi du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela babes programa horri eustea eta programa bultzatzea 2014n.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak esan du Kolonbian abiatutako bake prozesua «itxaropentsua» dela eta eragileak «elkarrizketan aurrerapausoak ematera» animatu ditu, baita «beste eragile batzuei irekitzera» ere, «gizarte zibila barne, biktimen, komunitateen eta elkarteen ahotsa kontuan har dadin». Era berean, tokian toki eta komunitateetan bake justu eta iraunkor baterako oinarriak ezartzeko garatzen ari diren askotariko ekimenak aintzat hartzeko eskatu du.

Beste alde batetik, biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubideei eta berriz ez gertatzeko bermeei dagokienez, Kolonbian biktimei arreta eta babesa emateko unitateak, lurrak itzultzeko unitateak eta memoria historikoaren zentro nazionala sortu izana oso positibotzat jo du Monika Hernandok. Dena den, oraindik ere gabezia asko daudela gogorarazi du.

Azkenik, lurrak itzultzeari dagokionez, komunitateak legearen aplikazio mailarekin kezkatuta daudela ohartarazi du Hernandok. Ildo horretan, erakunde eskudunak legea betetzeko pausoak ematera animatu ditu, baita komunitateen ezaugarri etnikoak eta kulturalak kontuan hartuta egitera ere. Halaber, komunitate indigenei historikoki dagozkien lurraldeen kasuan, Kolonbiako Konstituzioa betetzearen garrantzia nabarmendu du; hau da, komunitateen artean aurretik kontsulta libre bat egin beharko dela, ondo informatuta.

Eusko Jaurlaritzak Bogotan daukan bulegoan emandako balorazio-prentsaurrekoan, Monika Hernando zuzendariak, Amaia Arregi legebiltzarkideak, CEAR Euskadiko zuzendari Patricia Bárcenak eta Hegoako ordezkari Karlos Pérez de Armiñok, ordezkaritza osoaren izenean, Kolonbiarako bidaian beraiekin bildu diren elkarte eta erakunde guztiei eskerrak eman dizkiete, egin dieten harrera onarengatik.

Monika Hernando Euskadiko ordezkaritza batekin joan zen Kolonbiako hainbat lekutara, joan den astean, Euskadin behin-behinekoz abegi hartuta egon ondoren jaioterrira itzuli diren hainbat kolonbiarren egoera bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, giza eskubideekiko konpromisoa izateagatik, Kolonbian jazarrita eta mehatxatuta egon ziren aipatutako pertsonak.

 Kolonbiako egonaldian, ordezkaritza eta laguntzaile izan duen Kolonbiako Justizia eta Bakea Elizarteko Batzordea Caua Departamentura joan dira, komunitate indigenekin, giza eskubideen aldeko elkarteekin eta lankidetza-agentziekin harremanak izateko, eta hala, pertsona horien egoera lehen eskutik ezagutzeko. Bestalde, Bogotan, Kolonbiako erakunde publikoekin bildu dira, komunitate eta elkarteak pairatzen ari diren giza eskubideen urraketak salatzeko eta haien aldarrikapen nagusiak helarazteko.

 Eusko Jaurlaritzak, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, bultzatu duen Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programaren barruan sartu da ordezkaritzaren bidaia. Giza eskubideen alde egiten duten lana dela-eta jatorrizko herrialdeetan mehatxuak edo jazarpena pairatzen dituzten elkarte edo gizarte-mugimenduetako pertsonei harrera egitea du helburutzat aipatutako programak. Berriki, Kolonbiako hiru ekintzaile hartu ditu CEAR-Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeak gure herrialdean, erakunde hori arduratzen baita programa kudeatzeaz.

 Monika Hernandoz gain, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikariz, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kidez eta Eusko Jaurlaritzako programa honetan parte hartzen duten elkarteetako ordezkariz osatutako talde bat izan da Kolonbian. Hauek dira aipatutako elkarteak: CEAR-Euskadi, Bakea Duintasunarekin, Giza Eskubideen Aldeko Hezkuntzaren Elkarteen Foroa eta HEGOA.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @BarcenaPatricia
    2014.eko otsailak 04

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco valora los avances en derechos humanos en Colombia y anima a seguir trabajando http://t.co/iPB4zKkmis

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)