Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Jon Azkue pozik agertu da artisau-arrantza Arrantza-Politika Bateratuko ardatz estrategiko gisa sartu delako

2010.eko maiatzak 04

Coruña, maiatzak 4.- Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordea "pozik" agertu da gaur, Coruñan egin den Arrantza-politika Bateratuaren gaineko Europako biltzarreko proposamenen artean Eusko Jaurlaritzaren eskaera aztertu delako: "artisau-arrantza" erkidegoko etorkizuneko legeriako "ardatz estrategiko" gisa sartzea.

Jon Azkue, Jokin Díaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariarekin batera, Arrantza-politika Bateratua berritzeko biltzarrean izan da. Coruñan egin da biltzarra, maiatzaren 2an eta 3an. EBko herrialde guztietako arrantzako arduradunek eta César Deben Europako Batzordearen ordezkariak hartu dute parte topaketa horretan, eta adostu diren joerak gaur aztertuko ditu EBko Arrantza Ministroen Kontseiluak Vigon.

Azkuek "2013-2020 aldirako Arrantza-politika Bateratua prestatzen joan behar dela" gogorarazi du, eta gure baxurako ontziteriak egiten duen "artisau-arrantza"ren kontzeptua aintzat hartzea garrantzitsua dela nabarmendu du, "sektore horrentzako laguntzak finkatzeko, enplegua bermatzen duena eta arrantzaren mendekotasun handia duten guneekin harremanik handiena duen arrantza-modua baita". 

"Artisau-arrantza babesteak etorkizunean arrantza mantentzea esan nahi du, eta ekonomiaren, jendartearen eta bizi-iturrien jasangarritasuna bermatzea. Enpleguen jasangarritasunaren ideia hori funtsezkoa da guretzat. Harmena aurkitu dugu, eta proposamen horiek indartzeko lanean jarraituko dugu, Arrantza-politika Bateratu berriaren izapide guztietan" erantsi du.

Bilera horretan bertan, kudeaketa-sistemak hobetu beharra ere jarri da mahai gainean, "eta eskualdeei garatzeko aukera gehiago ematea", eta funts publikoak erabiltzea "itsasoari lotutako jarduerak gauzatzen dituzten pertsonen baldintza sozialak hobetzeko", "prestakuntza" eta "laneko segurtasuna"ren gaineko ezagutzak areagotuz.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek, bestalde, guneak eta harrapaketak murriztearen gaineko erabakiak beti zientziaren irizpideei jarraituz hartzea defendatu dute.

Bilera positiboa izan da, Europako Batzordeak berak aurkeztutako ondorioengatik, EBren lehendakaritza Espainiak izanik. Finkatuta zeuden helburuak lortu direla uste dugu, eta sartu direla" esan du sailburuordeak, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Azkue