Berriak Osasuna
Eu

Bizi-itxaropena luzatu, osasunaren pertzeptzioa hobetu eta Osakidetzarekiko konfidantza sendotu dira, EAEko osasunari buruzko inkestaren arabera

2014.eko otsailak 03

Hala azpimarratu du Jon Darpon Osasun sailburuak gaur Legebiltzarrean txosten horren berri emateko agerraldian

            Bizi-itxaropena luzatu, osasunaren pertzeptzioa hobetu eta Osakidetzarekiko herritarren konfidantza sendotu dira, 2013ko Euskal Autonomia Erkidegoko Osasunari buruzko Inkestak (EAEOI) dioenaren arabera. Hala azpimarratu du Jon Darpon Osasun sailburuak gaur Legebiltzarrean txosten horren berri emateko agerraldian.  

            Hain zuzen ere, sailburua Osasun Batzordearen aurrean azaldu da, Osasun Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluaketa arloko zuzendaria den MªLuisa Arteagoitiarekin batera, esan bezala, aipaturiko inkestaren edukiaren eta zehaztasunen berri emateko. 1986an burutu zen lehendabizikoz EAEOI eta 92az geroztik, berriz, bost urtez behin gure erkidegoaren osasunaren argazki moduko bat eskeintzen du.

            Jon Darponen aburuz, datuok islatzen dute Euskadik osasunari dagokionez ekitateruntzko bidean jarraitzen duela, gizarte-ezberdintasunak murriztuz eta eginkizun dagoena orandik ere asko dela jakin arren. Aurrerapenok guztiok, sailburuaren hitzetan betiere, euskal gizarte osoaren meritua ezezik, Osakidetzaren profesionalen lanari zor zaizkio.      

2013KO EAEOI-REN ONDORIO NAGUSIAK

I.- OSASUN EGOERA

  • Osasun ona edo oso ona dutela sentitzen duten pertsonen proportzioak gora egin du 2002koarekin (%30 inguru bi sexuetan) zein 2007koarekin alderatuta (%5); hala, emakumeen %78k eta gizonen %82k horrela sentitzen dute 2013an. Osasun ona dutela dioten emakumeen proportzioa gizonezkoena baino txikiagoa da.
  • Osasun mentalak (antsietate eta depresioko sintomen prebalentzia, alegia) okerrera egin du emakumeetan 2002tik, orduko %18tik 2013ko %24ra igaro baita. Gizonetan prebalentzia ez da ia aldatu 2002tik 2007ra artean, baina gora egin du harrez geroztik, %16ra iritsi arte (%11koa zen 2007an). Gizonen osasun mentaleko desberdintasun sozioekonomikoak handitu dira, eta egonkor mantendu dira emakumeetan. Okerrera egiten du osasun mentalak klase soziala jaitsi ahala.
  • Jardueraren mugapen kronikoaren prebalentzian ez da aldaketarik izan gizonetan, baina handitu egin da emakumeen artean, bai 2002koarekin bai 2007koarekin alderatuta.
  • Ezgaitasunik gabeko bizi-itxaropena, 2007koarekin alderatuta, gutxi gorabehera egonkor mantendu da gizonetan (0,3 urte murriztu da), eta behera egin du emakumeetan (1,8 urte). Konparazioa 2002koarekin eginez gero, 1,7 urte handiagoa da gizonetan, eta 0,7 emakumeetan.

II.- OSASUNAREN DETERMINATZAILEAK

OSASUNAREKIN LOTUTAKO JARRERAK

  • TABAKOAREN kontsumoak oso jaitsiera nabarmena izan du. Gizonetan 2002ko % 30etik 2007ko % 28ra jaitsi zen, eta % 24koa da 2013an. Beherakada hori apalagoa izan da emakumeetan, 2002ko % 20tik 2013ko % 19ra. Tabako-kontsumoko desberdintasun sozioekonomikoak handitzen ari dira, bereziki emakume gazteen artean. Lantokiko eta ostalaritza-establezimenduetako tabako-kearen esposizio pasiboak behera egin du oso modu nabarian. Gizonen % 25 eta emakumeen % 18 zeuden tabako-kearen esposiziopean lantokian 2002an; orain gizonen % 6 eta emakumeen % 3 baino ez daude egoera horretan. Etxeko eta lantokiko esposizio pasiboa handiagoa izaten da gizarte-maila apaldu ahala.
  • EDARI ALKOHOLDUNAK kontsumitu ohi dituzten pertsonen proportzioak gora egin du. Gizonen % 59 eta emakumeen % 30 ohiko edaleak ziren (bai 2002an bai 2007an), baina orain gizonen % 63 eta emakumeen % 38 dira. Nolanahi ere, emakumeen egoera gizonena baino nabarmen hobea da. Epe luzera osasun-arazoak eragiteko arrisku handia duen alkohol-kontsumoaren prebalentzia, 2013an, % 25ekoa da gizonen artean eta % 15ekoa emakumeen artean.
  • Gizonen artean JARDUERA FISIKOAREN praktika handitu da, baina ez emakumeen artean. Jarduera fisiko osasungarria egiten duen populazioa hartu da fisikoki aktibotzat. Horren arabera, pertsona aktiboen portzentaiak gora egin du gizonezkoetan (2007ko % 68tik 2013ko %73ra) eta apenas aldatu da  emakumezkoen kasuan (%65 2007an eta %66 2013an).
  • 2002tik eta 2007ra artean handitu ondoren, egonkortu egin da OBESITATEAREN prebalentzia EAEn (% 14 gizonen artean eta % 12 emakumeen artean). Desberdintasun sozioekonomikoak bi sexuetan oso garrantzitsuak dira obesitatearen prebalentzian, eta handiagoak emakumeen artean.

LAN BALDINTZAK ETA INGURUNEA

LANA:

  • Lanik gabe dauden pertsonek osasun mental txarragoa dute (antsietate- eta depresio-arazoak) lanean daudenek baino. Zehazki, gizon eta emakume langabetuen % 92 eta % 59 gehiagok dute osasun mental txarragoa, hurrenez hurren, lanean daudenek baino. Halaber, lanean daudenek baino tabako gehiago erretzen dute gizonen eta emakumeen % 57 eta % 25 gehiagok, hurrenez hurren.
  • Etengabe kontzentraturik egotea edo jaramon egitea (emakumeen %68 eta gizonen %78, 2013an) edo mugimendu berak behin eta berriz errepikatzea (emakumezkoen %67 eta gizonezkoen %66, 2013an) dira, aspaldidanik eta aldaketa handirik gabe, bai gizonek bai emakumeek dituzten lan-arrisku ergonomikorik ohikoenak.
  • Bakterioek, birusek edota antzeko eragile biologikoek kutsatzea; eta kearen, hautsaren edo produktu toxikoen eraginpean egotea dira emakumeek lantokian pairatzen dituzten arrisku fisiko-kimikorik ohikoenak. 2002az geroztik, kutsatzearen arriskuak gora egin du (2002ko %10etik 2013ko %13ra); kearen eta abarren arnasketak eragindakoa gutxitu den bitartean (2002ko %15etik 2013ko %13ra). 2002az geroztik urriztu da. Gizonezkoei dagokienez, ostera, gehiegizko zarata, eta kea eta abarrak arnastea dira lantokiko arrisku fisiko-kimikorik ohikoenak. 2002tik aurrera, murriztu egin dira, halere, kearen eta abarren arnasketaren arriskua (2002ko %30etik 2013ko %23ra) zein gehiegizko zaratarena ere (2002ko %28tik 2013ko %23ra).
  • Etxeko eta zaintza-lanak. Emakumeek pairatzen duten etxeko lanaren zama gizonena baino bi aldiz handiagoa da. Edozein adineko emakumeek gizonezkoek baino ordu gehiago eskeintzen diete etxeko lanei eta pertsonak zaintzeari. Emakumezkoen nahiz gizonezkoen kasuan, 25 eta 44 urte bitartekoak dira asteko ordu gehien dihardutenak: asteko 34 ordu, emakumeek; eta 16, gizonek.

ETXEAREN INGURUNEA:

  • Etxearen ingurunearen gaineko pertzepzioa positiboa da oro har, eta pertsona-kopuru txiki batean baino ez da negatiboa. Gizonek zein emakumeek adierazten duten arazorik handiena (% 8) traba egiten duten animaliak egotea da. Ingurune zaratatsuak, industria-kutsadurarekin edo seguruak ez direnak (delinkuentzia, indarkeria edo bandalismoa dela-eta) dituzten etxeak maizago agertzen dira gizarte-maila jaitsi ahala.

FAKTORE PSIKOSOZIALAK:

  • Gizarte-laguntzaren pertzepzioak hobera egin du emakumeen artean (ezegonkortasun psikiko, ahultasun fisiko edo urrakortasun pertsonal edo sozialeko uneetan laguntza emateko prest dauden pertsonen sarea).

III.- OSASUN ETA ZAINTZA ZERBITZUAK 

  • Biztanleen %90 inguru pozik edo oso pozik daude osasun-sistemarekin. Ez dago desberdintasun sozioekonomikorik osasun-sistemarekin duten poztasun-mailan.
  • Pertsonen %95 inguruk uste dute osasun-sistemak ongi erantzuten diela dituzten osasun-arretaren beharrei.
  • Gizonen %13k eta emakumeen %14k erabili dituzte larrialdietako zerbitzuak inkesta egin aurreko sei hiletan; ehuneko horiek 2002 eta 2007koen oso antzekoak dira. Gizonen eta emakumeen %8 ospitaleratu zituzten inkestaren aurretiko 12 hiletan.
  • Aurreko hiru urteetan mamografia bat egin duten 50-64 urteko (bahetze-programaren xede-taldea, berriki 69 urtera arte handituta) emakumeen proportzioak gora egin du 2002tik, eta %90etik gorakoa da gaur egun. Gainera, desberdintasun sozioekonomikoak ezabatu dira. Hiru urtean edo gutxiagoan behin zitologia bat egiten duten emakumeen proportzioa egonkortu da; emakumeen %57 ingurukoa da. Eskala sozialak behera egin ahala ehunekoa ere txikiagotzen da.
  • Gripearen txertoa jarri duten adineko pertsonen (65 urte eta gehiago) proportzioak behera egin du, oro har, 2007koarekin alderatuta. Biztanleria osoa kontuan hartuta, gizonen %24k eta emakumeen %22k jarri dute txertoa, baina ehunekoa %80tik gorakoa da adinean aurrera doazenen artean. 
PARTE HARTZE HANDIA 2013KO EAEOI-N

 Inkestako parte-hartze handia azpimarratu du Jon Darpon Osasun sailburuak, ERANTZUN TASA % 86koa izan baita. Erantzuteari uko egin dioten familiak (% 8) edo hainbat ahalegin egin ondoren inkestatu ezin izan diren familiak (% 6) dira gainerakoak.

Etxean eginiko elkarrizketaren bidez bildu dira datuak, inkestagile profesional eta entrenatuen bidez. Informazioa 2012ko azken hiruhilekoan eta 2013ko lehenengoan bildu zen, CAPI bidez (ordenagailuak lagundutako elkarrizketa), Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoa ordezkatzeko moduan ausaz hautatutako 5.300 etxeren LAGIN baten gainean; guztira 12.995 lagunek erantzun diote familia-galdetegi bati eta 15 urteko eta gehiagoko 8.036 lagunek banako galdetegi bati.

EAEOIk oinarrizko egitura bat izan du 1992tik, eta GALDERA BERRIAK erantsi dira edizio bakoitzean osasunaren kudeaketa- eta ikerketa-arloan zein beste sektore sozial batzuetan sortutako behar berriei erantzuteko. 2013ko EAEOIren diseinuan hainbat metodologia-aurrerapen eta aldaketa gehitu dira tresna hau euskal osasun-maparen ezaugarrietara ahalik eta gehien egokitzeko. Ildo horretatik, hauei buruzko atalak handitu izana nabarmendu beharra dago: gizarte-kapitala, adingabeen zaintza, alkohola denbora txikian edatea, koloneko minbiziaren prebentzioko bahetze-programak, zerbitzu soziosanitarioen erabilera, estali gabeko osasun-arretako edo ospitaleratzeko beharrak eta Osakidetzaren informazio-teknologia berrien erabilera (Osarean).

 

                                                 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @konpantzia
    2014.eko otsailak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Aumento de la esperanza de vida, mejora de la percepción de la salud y confianza en Osakidetza, principales… http:/…

  • @nmelg
    2014.eko otsailak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Aumento de la esperanza de vida, mejora de la percepción de la salud y confianza en Osakidetza, principales… http:/…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)