Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak azpimarratu du bere Gobernuak erakutsi duela “badakiela ondo kudeatzen”, eta euskal ekonomiaren “susperraldia” iragarri du

2010.eko maiatzak 04

Gobernu Kontseiluak bilera egin du Artaza Jauregian, Patxi López Lehendakariaren lehenengo urtemugaren egunean

Gobernu Kontseilua Artaza Jauregira (Leioa) mugitu da gaur, bere asteko bilera egiteko, Patxi López Lehendakaria Eusko Jaurlaritzara iritsi den egunaren urtemugan. Bilera horren ostean, Lehendakariak balantze zehatza egin du Lehendakaritzaren buru gisa eman dituen hamabi hilabeteei buruz. Lópezek azpimarratu duenez, bere Gobernuak erakutsi du “badakiela ondo kudeatzen”; bere esanetan, horri esker krisiaren kontrako neurriek, programek eta planek “ondo funtzionatu dute”, eta “krisi-egoera zikloz aldatzen hasi da”. Gure ekonomiaren susperraldiaren aurrean gaude, berretsi du. Beste alde batetik, Lehendakariak eskerrak eman dizkio euskal gizarteari terrorismoa deslegitimatzen laguntzeagatik, eta “azken esfortzua eskatu dio ETArekin behin betiko amaitzeko eta hori zatiketarik gabe egiteko”.

“Euskadi orain dela urtebete baino hobeto dago gaur”. Horrela laburbildu du Patxi López Lehendakariak Gobernu sozialistak Lehendakaritzan eman duen lehenengo urte hau. Hamabi hilabete hauetan “gauza asko aldatu dira Euskadin” eta, “iragarpen katastrofikoak gorabehera”, euskal gizarteak erakutsi ditu bere “arduratasuna eta heldutasuna”, zeren normaltasunez hartu baitu Gobernu aldaketa. Lehendakariak azpimarratu duenez, bere Gobernuak erakutsi du aurten “badakiela ondo kudeatzen”; izan ere, krisiaren kontrako laguntzak, programak, neurriak eta planak “emaitzak lortzen ari dira”. “Ziklo aldaketaren berrespena dugu aurrean, hau da, azken batean, gure ekonomiaren susperraldia dugu aurrean”, adierazi du Lópezek.

Gobernu Kontseilua Artaza Jauregian (Leioa) bildu da gaur goizean, Patxi López Lehendakariaren Gobernuaren lehenengo urtemugaren kariaz.  Lehendakaria 9 sailbururekin bildu da –Bernabé Unda ezin izan da etorri-, Gobernu sozialistak hamabi hilabete hauetan lortutako emaitza eta balorapenen balantzea egiteko.

Bere hitzaldian, Lehendakariak bi datu ekonomiko “itxaropentsu” jakinarazi ditu, alegia, euskal ekonomiaren “joera aldaketa” adierazten duten bi datu. Alde batetik, iragan apirilean 3.825 langabe gutxiago egon ziren, eta horri esker urte arteko langabezia-tasa azken urte eta erdiko txikiena izan da; bestetik, ekoizpen industriala % 1,9 igo da. “Horrek berresten du ziklo aldaketa, hau da, gure ekonomiaren susperraldia”, azpimarratu du Lópezek. Bere esanetan, “datu horiek frogatzen dute geuk abiatutako neurri, programa eta planak emaitzak ematen ari direla eta indarrik gabe uzten dutela hain sarritan entzun dugun lelo hori, alegia, Jaurlaritza honek krisiaren kontrako ekimenik ez duela dioen lelo hori”. “Jardun egin dugu, baita ondo jardun ere”, gaineratu du.

Horregatik, Lehendakariak segurtatu du euskal gizartea orain dela urtebete baino “egoera hobean dagoela krisi ekonomikoari aurre egiteko”. Ildo horretatik, Lópezek nabarmendu du bere Gobernuak baduela “ondo kudeatzeko ahalmena”, orain dela urtebete aurkitu zuten egoera zer-nolakoa zen kontuan hartuta: krisia bete-betean zegoen, “zerga-bilketa gainbehera bizian erortzen ari zen” eta aurrekontua “ia agortuta zegoen”; onartutako aurrekontuaren % 70 konprometituta zegoen ordurako. Panorama horren aurrean, Lópezen Gobernuak agerian utzi du “bere kudeatze-ahalmena; frogatuta utzi du ideiak garbi dituela eta bestelako gobernatze-forma bat bilatu du, lankidetza eta elkarrizketa bultzatuz; horrez gain, esan du “Euskadi defendatzea gure ekonomia eta gure enpresak defendatzea dela, ez enpresak ixtea, merkatuak dauden tokira joan ez daitezen eskatuz”.

“Azken esfortzua ETAren kontra”

Lehendakariak nabarmendu duenez, sozialistak Lehendakaritzara iritsi izanak “bestelako gobernatze-forma bat” ekarri du, zeren bertan behera utzi baitu lehengo Exekutiboak planteatzen zuen eztabaida, alegia, “irtenbiderik gabeko eztabaida zirkularra”. Gaur egun, atzean uzten ari gara “Gatazka Handi” hori, beste gatazka batzuei buruz eztabaidatzeko, baita pluralean eztabaidatzeko ere, adierazi du Lópezek. Bere hitzetan, bere Gobernuaren zeregina izan da “negoziatzea eta akordioak bilatzea, itunak bilatzea, erantzun egokienak, eraginkorrenak eta sendoenak emateko arazo horiei”. “Garbi erakutsi dugu bazegoela bestelako forma bat gauzak egiteko”, gaineratu du.

Euskal gizartearen arazo nagusietako bat, krisi ekonomikoarekin batera, terrorismoa da. Alor horretan, Eusko Jaurlaritzak “esfortzu berezia egin du terrorismoarekin bukatzeko eta espazio publikoak askatasunarentzat berreskuratzeko”. Borroka horretan, bai Lehendakaria eta bai bere sailburuak “lagunduta eta babestuta sentitu dira une orotan, herrialdearen zeregina den lan horretan”.

Lehendakariak berretsi du bere Gobernuaren irmotasuna ETAren terrorismoaren aurrean eta beraren alde daudenen aurrean: ”inor ere ezin da neutrala izan terrorismoaren aurrean”, nabarmendu du. ETAk aurten eragin dituen biktimak gogoratu ondoren –Eduardo Puelles, Carlos Sáenz de Tejada, Diego Salva eta Jean-Serge Nerín, “azken esfortzua” eskatu dio euskal gizarteari terrorismoa ezabatzeko. “Herritar guztiei eskatzen diet, salbuespenik gabe, guztion artean azken esfortzua egin dezagula ETArekin behin betiko amaitzeko, eta hori zatiketarik gabe egiteko”, adierazi du.

Gizarte-itun berria

Bere Gobernuaren lehenengo urte honen balantzean, Lópezek bere egin du “gardentasunaren eta parte-hartzearen” aldeko apustua, zenbait neurritan islatzen den bezala: open goverment, open data, Legegintzako Egutegiaren berreskurapena, edo administrazioak egiten ditun kontratuak argitaratzea”. Bere hitzetan, neurri horien helburua da Eusko Jaurlaritzak erabiltzen dituen datuak herritarrek ere erabili ahal izatea”. “Gobernu honek, kudeatzen jakiteaz gain, aurreko Gobernuek baino hobeto daki  kudeatzen. Eta bestelako modu batean egiten dugu; gardentasun handiagoz eta lankidetza handiagoa bilatuz”, adierazi du.

Etorkizunari begira, Lehendakariak “gizarte-itun berri” bat proposatu du, “herritar librez osatutako Euskadi solidario, iraunkor eta lehiakorra” definitu ahal izateko. “Erantzukidetasunean” oinarritutako Euskadi. “Krisi honetan, ziur gaude guztiok altxatuko garela edo jausi egingo garela. Ziur gaude batuta egotea dela modu bakarra askatasun handiagoa eta aurrerabide handiagoa bermatzeko etorkizunerako”, esan du amaitzeko.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010.05.04)

Iruzkin bat
  • 2010.eko maiatzak 10

    El autobombo no es suficiente: hay que gestionar mejor que el anterior gobierno, porque a este ejcutivo el nacionalismo no le va a tolerar nada medio mal hecho.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari