Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak Internet bidezko ia 3.600 iruzur ikertu ditu azken urtean

2014.eko otsailak 01

delitosinformaticos@ertzaintza.net / delituinformatikoak@ertzaintza.net helbidearen bidez, herritarrak Ertzaintzako adituekin harremanetan jar daitezke

2013. urtean, Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako Internet bidezko hiru mila eta seiehun iruzur kasu inguru kontabilizatu zituen. Nagusiki, partikularren banku-kontuetan egindako diru-zordunketak edo web-orrien bidezko iruzurrezko erosketak izan ziren. Ertzaintzako informatika arloko adituek sareko «maukez» ez fidatzea, ekipoetako sistema eragileak eguneratzea eta birusen kontrako softwareak instalatzea gomendatzen dute.

Iruzurrek osatzen dute atal garrantzitsuenetako bat, kopuru aldetik, Ertzaintzak erregistratutako «delitu informatikoen» artean. Gainera, zenbakiek erakusten dutenez, azken urtean gorakada handia gertatu da. Iazko ekitaldian, Internet bidezko iruzurrekin lotuta egindako delitu eta falten kopurua 3.592koa izan zen; aurreko urtean –2012an–, berriz, 2.561. Horrek esan nahi du milatik gorako hazkundea izan dela; hau da, % 40 ingurukoa.

Azken urteetan bildutako estatistiken arabera, informatikaz baliatuz egiten diren delituzko egintzen artean, iruzurrak kopuru osoaren % 90 inguru dira. Gainerakoak, mehatxuak, beldurrarazteak, irainak, sexu-jazarpenak eta adingabekoak galbidean jartzeak, sekretuen azaleratze eta zabaltzeak, estortsioak eta jabetza intelektualaren aurkako egintzak dira, besteak beste.

Online erosketen bidezko iruzurretik ordenagailuaren kontrola galtzera

Aurkeztutako salaketen azterketan oinarrituta, iruzur gehienak partikularren banku-kontuetan dirua zorduntzearekin lotuta daude.

Delitugileak erabiltzailearen datuak eta kreditu-txarteletako pasahitzak benetakoak diruditen web-orri faltsuen bitartez lortzen saiatzen dira edo bestelako teknikak erabiliz, adibidez: phishing-a edo pharming-a. Azken horiek, normalean, posta elektronikoaren edo berehalako mezularitza-zerbitzuen bidez egiten dituzte, biktimen datu babestuez jabetzeko eta haien kontuetan eragiketak egin edo nortasuna faltsutzeko. Hona hemen horren adibide bat: ustezko banketxe baten izenean mezu elektroniko bat bidaltzea edo, gutxiagotan gertatzen dena, SMS bat, txartel bateko datuak eskatzeko, segurtasun arrazoiak direla-eta desblokeatu behar dutela argudiatuz. Informazio hori eskuratu ondoren, delitugileek zordunketa bat edo gehiago egiten dituzte. Normalean, hiru mila eurotik beherakoak izaten dira, banketxeen filtroak saihesteko.

Ildo horretan, Ertzaintzak, uztailean, beste norbaiten nortasuna erabiltzeaz eta Murtziako ehungintza enpresa bati iruzur bidez 110.000 euro lapurtzeaz akusatutako sei gizon atxilotu zituen, Ortuellan. Delitugileek enpresario «erabat fidagarriak» izatearen plantak egiten zituzten, Internet bidez ehungintzako produktu batzuk erosiz. Salgaiak jaso eta bi zor-agiri faltsurekin ordaintzera zihoazenean atxilotu zituen Ertzaintzak. Azoketan saltzeko erabiltzen zituzten salgaiak.

Ohiko beste iruzurretako bat bigarren eskuko produktuak saltzen dituzten web-orrietako aurretiazko ordainketekin gertatzen da. Eskaintza oso onak egitea amu gisa erabiliz, biktimek zenbatekoa aurreratzea edo diru-bidalketa enpresen bitartez ordaintzea lortzen dute. Azkenean, salgaia ez da inoiz iristen hartzailearengana edo haren ezaugarriak eskainitakoak baino okerragoak dira. Ertzaintzak 2012ko abenduaren bukaeran egin zuen iruzur mota horrekin lotutako polizia-operazioetako bat. Bilbon, Estatuko hainbat herritako banketxeetan nortasun faltsua erabiliz eta agiri manipulatuak erakutsiz kontuak iruzur bidez irekitzen zituen gizon bat atxilotu zuen. Azpijoko hori egitearekin batera, Internet bidezko ibilgailu-salmentako iragarki faltsuak jartzen zituen. Erosleei –normalean, Europako beste herrialde batzuetakoak izaten ziren– nortasun faltsuarekin irekitako kontu-zenbaki bat bidaltzen zien, lehenengo ordainketa egin zezaten, ibilgailua helmuga-herrialdera bidaltzeko izapideak abiatzeko argudio gisa. Banku-transferentzia egiten zutenean, delitugileak dirua ateratzen zuen eta hiritik joaten zen, arrastorik ez uzteko. Hala, jazarpena saihesten saiatzen zen, eta ekintzak Internet bidez eta Europar Batasuneko herrialdeekin eginez, polizia-ikerketak zailtzen zituen.

Beste kasu batzuetan, birus baten bidez partikularren ekipo informatikoen kontrola hartu izan dute delitugileek. Ordenagailuak funtzionatzeari ia erabat uzten dio, eta konpontzeko, diru-ordain bat eskatzen dute. Horren antzeko iruzur bat erakunde ofizial baten izenean (polizia, Estatuko agentziak, eta abar) ekipoa blokeatzea, eta jabetza intelektualeko edo haur-pornografiako arauak urratzen dituzten artxiboak antzeman izana argudiatuz, isun bat jartzea da.

Beste alde batetik, gaur egungo krisi ekonomikoko egoeraz baliatuz, lan-eskaintza faltsuen bidezko iruzurrak gertatzen dira; lanean berehala hasteko eta soldata handiak ordaintzeko promesak egiten dituzte edo etxetik lan egiteko aukera eskaintzen dute. Lan horiek lortzeko, aldez aurretik banku-kontu batean diru kopuru bat sartzeko exijitzen dute, kontratazio-izapide batzuk egiteko dela edo egin beharreko prestakuntza ikastaro baten gastuak ordaintzeko dela aitzakiatzat jarriz.

Krisi egoera honetan, oporrei lotuta, apartamentuen alokairu edo bidaia merkeak ere aurki ditzakegu sarean. Azkenean, oso garesti ateratzen dira, gezur hutsak direlako. Aipatutako apartamentu edo bidaia existitzen ez denez, adostutako ordainketa-seinalea galdu egiten dugu.

Parte hartu ez dugun zozketa batean sari bat lortu izana jakinarazteko mezu elektroniko bat jasoz gero, hori ere iruzur bat izan daiteke. Normalean, marka eta erakundeen logotipo ezagunak erabiltzen dituzte fidagarritasun handiagoa emateko. Sari faltsua jasotzeko, ezinbestekoa izaten da aldez aurretik diru kopuru jakin bat ordaintzea, zergei edo bestelako kostuei aurre egiteko.

Halaber, gerta daiteke posta elektroniko bidez herentzia handi baten berri jasotzea ere, urrutiko senidea omen den baten heriotzarekin lotuta. Ustezko testamentu-betearazleak edo, batzuetan, abokatu batek egin beharreko izapideak jakinarazten dituzte, eta beti aldez aurretik gasturen bat ordaindu beharra izaten da. Posta elektronikoz egiten duten antzeko beste egintzetako bat ustezko aberats baten izenean eskaintza bat egitea izaten da. Pertsona horrek, bere herrialdetik diru kopuru bat transferentzia bidez ateratzeko kontu korronte bat uztearen truke, komisio itzela ordainduko duela agintzen du. Azkenean, hainbat aldiz harremanetan egon ondoren, diru kopururen bat eskatzen dute, hainbat arrazoi argudiatuz. Egitate horiei «iruzur nigeriarra» deitzen zaie. Biktimek ordainketa egindakoan, agindutako irabazien berri izateari uzten diote.

Ertzaintza, delitu informatikoen aurka

Ertzaintzako Ikerkuntza Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Unitate Nagusiaren barruan dagoen Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusia (ITDAN) arduratzen da ikerketak egiteaz eta «ziberdelituen» kontrako borrokaz, 1998az geroztik. Arlo horretan espezializatutako talde bat da, alderdi juridiko eta teknikoetan berariazko prestakuntza eta ikerketa kriminalean esperientzia duten ertzainez osatutakoa. Beren lanaren barruan, teknologia berriekin eta Internetekin lotutako delituak antzeman eta ikertzen dituzte, eta Ertzaintzak ondorio larriak dituzten gisa horretako auzietan egiten dituen ekintza guztietan laguntzen dute. Beren zereginetako bat mota horretako egitateekin lotutako salaketez eta agiri judizialez arduratzea da. Gainera, beste polizia batzuekin eta sektoreko enpresekin etengabeko harremana daukate.

Bestelako edozein delituren kasuan bezala, salaketak jartzea ezinbestekoa da. Zehazki, kasu hauetan, eskura dagoen informazio guztia ematea garrantzitsua da, garrantzirik gabekoa iruditu arren. Ahal bada, formatu digitaleko kopia bat egitea komeni da (CDr), datu guztiak bilduz, adibidez: helbide elektronikoak, argazkiak, etab. Mezu elektronikoei dagokienez, goiburuan agertzen den informazioa bereziki garrantzitsua da.

Beste alde batetik, informatikarekin, Internetekin eta abarrekin lotutako egitateren bat delituzkoa dela iruditzen bazaigu, Ertzaintzari jakinaraz diezaiokegu. Horretarako, zuzenean «delitu informatikoetan» aditua den taldearekin harremanetan jar gaitezke, helbide elektroniko honetara idatziz: delitosinformaticos@ertzaintza.net / delituinformatikoak@ertzaintza.net. Informazio horiek salaketatzat jotzen ez diren arren, modu horretan ematen diren datuak kontuan hartu eta aztertu egingo dira, eta Ertzaintzak deliturik izan den egiaztatzeko beharrezko gestioak egingo ditu. Beharrezkoa bada, delitua argitzeko ikerketak egingo ditu. Dena den, kasu gehienetan, salaketa formal bat jarri beharko da horretarako.

Internet bidezko iruzurrak edo bestelako arau-hausteak gutxitzeko, Ertzaintzak ondorengo gomendioak gogorarazi ditu:

-Sen ona erabili eta ez fidatu maukez. Mota guztietako iruzurrei aplika dakiekeen printzipio bat dago: «Inork ez du eurorik ematen 90 zentimoren truke» (inork ez du ogerleko bat ematen lau pezetaren truke). Objektu bat merkeegia bada, benetakotasuna zalantzan jartzea komeni da. Erosi aurretik, saltzailearen nortasuna baieztatu.

-Birusen aurkako software bat instalatu. Birusak dira Internetek ordenagailuetan sortzen duen arrisku handienetako bat, kalte asko eragiten dituztelako. Beraz, softwareak erabiltzea eta etengabe eguneratzea oso garrantzitsua da. Egunero, arrisku berri asko topatzen ditugu. Horrek adierazten du programa instalatu arren eguneratzen ez badugu arriskua izango dugula.

-Suebaki bat instalatu. Suebakiak ordenagailu baten eta sare baten artean –kasu honetan, Internet– hesi funtzioa betetzen duten gailu fisikoak edo programak dira. Segurtasun-maila onargarria ematen duten erabilera pertsonalerako askotariko produktu komertzialak daude, baita doakoak ere.

-Sistema eragilea etengabe eguneratzea. Askotan, segurtasun-zuloak aurkitzen ditugu sistema eragileetan eta ekoizleek horiek konpontzeko eguneratzeak eskaintzen dituzte.

-Ez ireki zalantzazko jatorria duten mezu elektronikoak.

-Ez instalatu iturri ezezaguneko edo fidagarritasun gutxiko programak; izan ere, inork ez du bermatzen aldatuta egongo ez direnik, ezta nahi ez ditugun ekintza batzuk egingo ez dituztenik ere. Salgai dauden programa ia guztiek kostu txikiko alternatibak ematen dituzte, baita doakoak ere.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko uztailak 23

    Infomorosos.com, portal de Coordinadora Financiera e Hipotecaria SLU, Apdo de Correos 5070 • 48009 Bilbao, estafan a través de llamadas telefónicas al no entregar la información que prometen en llamadas que pueden llegar a costar 30 € o más, pueden ver denuncias en el siguiente enlace: Denuncias para el teléfono 807575757
    http://www.listaspam.com/busca.php?,Telefono=807575757&page=8

  • 2014.eko uztailak 23

    Coordinadora Financiera e Hipotecaria SLU, Apdo de Correos 5070 • 48009 Bilbao, estafan a través de llamadas telefónicas al no entregar la información que prometen en llamadas que pueden llegar a costar 30 € o más, pueden ver denuncias en el siguiente enlace: Denuncias para el teléfono 807575757
    http://www.listaspam.com/busca.php?,Telefono=807575757&page=8

Komunikabideek behera kargatzeko