Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako ikertzaileek loaren apneari eta arterietako hipertentsioari buruzko ikerketa batean parte hartu dute, eta ikerketa JAMAN argitaratu dute

2014.eko urtarrilak 30

Loaren Espainiar Elkarteak lankidetzan egin duen azterlan bat da, eta Osakidetzako zortzi ikertzailek hartu dute parte. Azterlana medikuntzari buruzko munduko aldizkari garrantzitsuenetako batean (the Journal of the American Medical Association, JAMA) argitaratu berri dute.

  • Ikerketa horrek baieztatu du, lehenbizikoz, loaren apnea sudurreko maskaren bidez tratatzeari esker arterietako hipertentsioa ere murrizten dela.
  • "Arterietako hipertentsio errefraktarioa duen paziente oro aztertu behar da, loaren apnearik ez duela ziurtatzeko".
  • Arterietako hipertentsio errefraktarioa duten pazienteen %70 baino gehiagok loaren apnea dute. Paziente horietatik gehienak diagnostikatu gabe daude.
  •  Medikuntzaren arlo horretan gaur egun arte inoiz egin den "azterlanik garrantzitsu eta handiena" da. 

Bilbo, 2014ko urtarrila.- Loaren Espainiar Elkarteak lankidetzan egindako azterlan multizentriko bat argitaratu berri du Amerikako Medikuntza Elkartearen JAMA aldizkari prestigiotsuak. Azterlan horretan Osakidetzako zortzi ikertzailek parte hartu dute (Arabako Unibertsitate Ospitalea - BioAraba Proiektua), eta 'Effect of CPAP on Blood Pressure in Patients With Obstructive Sleep Apnea and Resistant Hypertension. The HIPARCO Randomized Clinical Trial' (1), alegia, Arnas bideetako presio positibo jarraituko sudurreko maskaren eragina loaren apnea buxatzailea eta arterietako hipertentsio errefraktarioa duten pazienteen arteria-presioan: HIPARCO saiakuntza kliniko aleatorizatua du izena azterlanak.

Osakidetzako euskal ikertzaile Joaquín Durán-Cantolla izan da ikerketaren egileetako bat, eta Arabako Unibertsitate Ospitalea - BioAraba Proiektuko Ikerketa Zerbitzuko kide ere bada. Berak nabarmendu duenez, "hipertentsio errefraktarioa eta loaren apnea duten pazienteetan arinki presurizatutako airezko sudurreko CPAP maskarak erabiltzearen bitartez arteria-presioaren zifretan egindako murrizketan izan den eragina ebaluatu da azterlanean (ingelesezko CPAP siglen euskarazko baliokidea 'arnas bideetako presio positibo jarraitua' da)". Valentziako La Fe ospitaleko ikertzaile Miguel Ángel Martínez García izan da ikerketaren buru.

Joaquín Durán-Cantolla doktoreak adierazi duenez, ikerketa medikuntzaren arlo horretan gaur egun arte inoiz egin den "azterlanik garrantzitsu eta handiena da; arterietako hipertentsio errefraktarioa duten pazienteen %70 baino gehiagok loaren apnea dute, eta gehienak ez daude diagnostikatuta".

Ondorioak

Azterlanaren ondorioetatik mezu bi atera dira osasun-elkarteko kideentzat eta arterietako hipertentsio errefraktarioa eta loaren apnea duten pazienteentzat: "Alde batetik, hipertentsio errefraktarioa duen paziente oro aztertu behar da, oraindik diagnostikatu ez zaion loaren apnearik ez duela ziurtatzeko. Eta, bestetik, arinki presurizatutako airezko sudurreko CPAP maskaren bidezko tratamenduak arteria-presioaren zifrak nabarmen murrizten laguntzen du".

Hiparco azterlanean, hipertentsio errefraktarioa eta loaren apnea zuten 194 paziente bi taldetan banatu ziren, ausazko eran. Lehen taldeko pazienteei ohiko tratamendua eman zitzaien; bigarren tadeko pazienteek, ordea, ohiko tratamendua jasotzeaz gain, loaren apnearen tratamendua ere jaso zuten, CPAP tresnaren bitartez.

Pazienteen arteria-presioa 24 orduz kontrolatu zuten erregistro-sistema elektrokardiografiko eramangarriaren bitartez, eta 12 astez jarraipena egin zitzaien. Joaquín Durán-Cantollak adierazi bezala, "CPAP jaso zuten pazienteetan nabarmen murriztu zen arteria-presioa, bai sistolikoa bai diastolikoa, arteria-presiorako tratamendua soilik (CPAPik ez) jaso zuen taldeko pazienteen aldean. Hori bereziki agerikoa izaten da gauez eta tratamenduari behar bezala atxikitzen zaizkion pazienteetan".

Osakidetzako ikertzaileak gogorarazi duenez, "ebidentzia zientifikoak egiaztatu du odol-presioaren murrizketa minimoak ere (2 edo 3 mmHg, esate baterako) eragin kliniko esanguratsua izan dezakeela heriotza kardiobaskularren tasa murriztean (tasa hori %6-8 ere murriztu daiteke iktusen kasuan, eta %4-5, kardiopatia koronarioan). Horregatik da hain garrantzitsua azterlan hau".

Hipertentsioa duten pazienteen %12tik %27ra bitartekoek gutxienez hiru medikamendu antihipertentsibo behar dituzte gaixotasuna behar bezala kontrolatzeko. Paziente horiek, gainera, arterietako hipertentsio errefraktarioa dutela jotzen da. Talde horrek aukera gehiago du (%50eko probabilitatea) gertaera kardiobaskularren bat izateko, soilik arterietako hipertentsio ez errefraktarioa duten pazienteek baino.

Bestalde, loaren apnea buxatzaileak helduaroan dagoen biztanleria orokorraren %4tik %6ra bitartekoei eragiten die, eta ehuneko horrek gora egiten du adinean aurrera egin ahala. Sindrome horren ezaugarria da aire-bideak behin eta berriz buxatzen direla gauez, eta horren ondorioz, pazienteak oxigenoa falta izaten du aldizka, eta lo-etenaldiak gertatzen dira. Nazioarteko ebidentziak frogatu du loaren apnea buxatzailea dela arterietako hipertentsio errefraktarioaren arrisku-faktore ohikoenetako bat.

(1) JAMA. 2013;310(22):2407-2415. doi:10.1001/jama.2013.281250.

http://jama.jamanetwork.com/article.aspx?articleID=1788459

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @crisleep
    2014.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Investigadores de osakidetza participan en una investigación publicada en JAMA sobre apnea del sueño e hipertens... http://t.co/f58v9hBCO3

Komunikabideek behera kargatzeko