Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Funeraria Bilbaína SAk erraustearen inguruko eskakizun guztiak betetzen ditu

2014.eko otsailak 04
  • Euskadi errausketa-baldintza zorrotzenetakoak eskatzen dituen Europako lurraldea da
  • Guztira, 21 errausketa-labe daude EAEn: Araban, 4; Bizkaian, 8 (horietako bi udalarenak) eta, Gipuzkoan, 9 (hiru, udalarenak).
  • Urtean 9.300 errauste egiten dira Euskadin


Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren iritziz, «Funeraria Bilbaína enpresak Bilboko instalazioan gauzatzen duen jarduerak ingurumen-araudia betetzen du, eta ez du eragin kaltegarririk inguruko airearen kalitatean». Horretarako, instalazioan eginiko sei txosten hartu ditu erreferentzia gisa. Txosten horietako lehenengoa proba-fasean egin zen, eta gainerakoak, ondoren. Bestalde, kutsadura atmosferikoagatiko kalte nabarmenaren berehalako mehatxua eragin duen gertakaririk ere ez da izan.

Euskadi errausketa-baldintza zorrotzenetakoak eskatzen dituen Europako lurraldea da. Euskal Autonomia Erkidegoan 21 errausketa-labe daude guztira: Araban, 4; Bizkaian, 8 (horietako bi udalarenak) eta, Gipuzkoan, 9 (hiru, udalarenak). Urtean 9.300 errauste egiten dira Euskadin.

Ingurumeneko sailburu Ana Oregik eta sailburuorde Josean Galerak legebiltzar-batzordean gogorazi dutenez, instalazio mota horri airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko 34/2007 Legea aplikatzen zaio, eta 2011ko otsailaren 4an, ingurumen-organoak errauste-labearen funtzionamendurako baimena igorri zuen. Baimen horrek, bestalde, jardueraren baldintzak, isurtzeko muga-balioak eta instalazioan egin beharreko kontrolak biltzen zituen.

Eusko Jaurlaritzak joan den urtarrilaren 29an onarturiko ebazpenean eman zitzaion baimena FB SAri. Baimen horrek jarduera gauzatzeko hainbat baldintza ezartzen zituen; besteak beste: funtzionamendu-baldintzak betetzea, muga-balioak errespetatzea, isurketen eta airearen kalitatearen kontrolak egitea, eskakizun teknikoak izatea, atmosferara eginiko isurketen erregistro eguneratua izatea, eta, uneoro, jardueraren berri ematea administrazioari. Baimen berriak zortzi urteko iraunaldia du; horren ondoren, berritu egin beharko da, betiere, jardueraren baldintzak betetzen badira.

Ebazpenean adierazitako baldintzez gain, enpresak konpromisoa hartu du hainbat alderdi teknikori buruz; besteak beste, errausketarako gutxieneko tenperaturak beti monitorizatzea eta automatikoki erregistratzea, eta errausketak «gehiegizko oxigeno kopuruarekin egitea -% 6tik jaitsiko ez den batez besteko edukiarekin-, eta oxigeno-ekarpena etengabe erregistratzea, % 3tik beherako oxigeno-kontzentrazioetarako alarmarekin. Horretaz gain, ez da materialetan edo estalduran PECa, melamina, kloroa edo metal astunak dituzten hilkutxarik erraustuko (heldulekuak eta apaingarriak errausketa baino lehen kenduko dira)».

Ingurumen-sailburuak azaldu duenez, «funtzionamendu-baldintzek errausketa-prozesuan iritsi beharreko tenperaturari eta oxigeno-ehunekoari egiten diote erreferentzia, baita erraustu daitezkeen hilkutxen ezaugarriei ere».

«Funtzionamendu-baldintza horiek betetzen direla bermatzeko, jarduera baimenean adierazitakoez bestelako baldintzetan garatzea saihesten duten sistemak ezarri dira; esaterako, labearen tenperatura 850º-tik beherakoa denean labea kargatzea galarazten duen katigamendu bat; edo labeak oxigeno-ekarpena etengabe erregistratzea» erantsi du sailburuak.

Kontrola
Araudiak ezartzen duen bezala, atmosferara eginiko isurketen kontrolak instalazioaren titularrarekin inolako loturarik ez duten ingurumen-lankidetzako entitateek egingo dituzte. Entitate horiek, halaber, UNE-EN-ISO 17.020 ziurtagiria izango dute eta, jarduera gauzatzen ari diren bitartean, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoak beteko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Bilboko Gure Etxea bizilagunen elkarteari jakinarazi dio FB SA enpresak jarduerarentzat ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta gogorarazi die baimena ontzat ematean ez direla aintzat hartu instalazio berrien eraikuntza edo dauden instalazioen aldaketa nabarmena.

Ingurumen Sailburuordetzak zehaztu duenez, instalazioak isurketa nahiko txikiak egiten ditu, lan egiten duen denbora (egunean 4-6 ordu) eta emaria (900-1.300 m3/h) mugatuak baitira. FB SA enpresak eginiko baimen-eskaeraren izapidetzean zehar, Sailburuordetzako teknikariak bitan izan ziren instalazioan hura ikuskatzeko.

Joerak
Ingurumen-organoak aintzat hartu du kontaminatzaileei buruzko Stockholmeko Ituna, eta han jasotakoak baino isurketa-muga zorrotzagoak ezarri ditu. Ondorioz, instalazioak sistema osagarri bat jarri behar izan du atmosferara eginiko isurketak arazteko.

Gaur egun, 21 errausketa-labe daude funtzionamenduan Euskal Autonomia Erkidegoan: Araban, 4; Bizkaian, 8 (horietako bi udalarenak) eta, Gipuzkoan, 9 (hiru, udalarenak). Urtean 9.300 errauste egiten dira. Errausketa-labe baten kostuak 150.000 euro inguru izaten dira, eta horri, arazketa-sistemaren 300.000 euro erantsi behar dizkiogu.

Espainian arazketa-sistema duen oso errausketa-labe gutxi dago, ez baitago instalazioak behartzen dituen araudirik. Frantzian errausketa-labe berri guztiak arazketa-sistema izatera behartu zituzten 2010ean, eta lehendik zeudenak 2018a baino lehen eguneratzera. Britainia Handian 2013rako errausketen % 50 araztuta egotea lortzeko plana dago. Alemaniako, Belgikako eta Norvegiako joera instalazio berriei arazketa eskatzea da. Euskadin, Eusko Jaurlaritzak baimenak emango dizkie arazketa-sistemak dituzten instalazio berriei. 2019ra arte, lehendik zeuden errausketa-labeek funtzionatzen jarraitzeko aukera izango dute, baina baldintza zorrotz batzuk jarraitu beharko dituzte; adibidez, urtean 800 errausketa baino gehiago ez egitea, eta, eginez gero, adierazitako arazketa-sistema instalatzea. 2019ko uztailaren 1etik, EAEko errausketa-labe guztiek arazketa-sistemekin funtzionatuko dute, urtean 200 errausketatik behera egiten dituzten karga txikikoek izan ezik; horiek ez dute arazketa-sistemarik beharko.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MutuaTrapagaran
    2014.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    Ba al zenekien...? Urtean 9.300 errauste egiten dira #Euskadi-n http://t.co/pwB6msbGyh #ehorzketa #errausketa @Irekia @IngurumenEJGV

  • @MutuaTrapagaran
    2014.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    Ba al zenekien...? #Euskadi-n 21 #errausketa-labe daude (#Araba 4; #Bizkaia 8 #Gipuzkoa 9) http://t.co/pwB6msbGyh @Irekia @IngurumenEJGV

  • @MutuaTrapagaran
    2014.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    ¿Sabías que...? Anualmente en #Euskadi se realizan cerca de 9.300 #cremaciones http://t.co/rMDTtkE0pu #funerales @Irekia @IngurumenEJGV

  • @MutuaTrapagaran
    2014.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    ¿Sabías que...? En #Euskadi hay 21 #crematorios (4 en #Araba; 8 en #Bizkaia y 9 en Gipuzkoa) http://t.co/rMDTtkE0pu @Irekia @IngurumenEJGV

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)