Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak antzerki-forumaren antzezpenak antolatu ditu nerabeen artean mugikortasun segurua bultzatzeko

2014.eko urtarrilak 30

Mila ikasle inguruk parte hartuko dute egingo diren 35 antzezpenetan

Mugikortasunarekin zerikusia duten hainbat portaera arriskutsuari buruz hausnartzeko aukera izango dute Euskadiko mila ikasle inguruk hemendik udaberrira bitartean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak antolaturiko «Norabide guztiak» izeneko antzerki-forumaren antzezpenetan. Trafiko Zuzendaritzak urtero garatzen dituen sentsibilizazio-kanpainetako bat da «Norabide guztiak» izenekoa, mugikortasun segururako hezkuntza-programaren barruan.

Garbiñe Sáez Molinuevo zuzendariak honela azaldu du: «Bideko Segurtasunaren esparruan dugun estrategiaren bitartez mugikortasun seguruaren kultura berri bat sustatu nahi dugu, non pertsonen erantzukizuna eta autonomia prebentzioaren oinarria diren. Pertsonak, arduratsuak eta beren ekintzen jakitun direnean, egoera arriskutsuak hobeto prebenitzeko gauza dira. Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako prestakuntza-jarduera honek helburu hori du, gazteak arduratsuago egitea, alegia. Etorkizuneko gidariak dira, izan ere, eta hausnartu eta kontzientzia har dezaten lagun diezaiekegun guztia etorkizunerako onuragarria izango da.»


Urtarrilaren 8an abiarazi zen programa Donostiako La Salle ikastetxean, eta Bilboko Jesuiten ikastetxean martxoaren 24an amaitzea aurreikusi da. Guztira, 35 antzezpen egingo dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleentzako kanpaina honetan. Euskadiko 1.200 ikaslek parte hartu zuten iaz.

Antzezpenak hiru atal izango ditu

«Norabide guztiak» antzerki pedagogiko parte-hartzaileak haien ekintzen ondorio negatiboak ikusten laguntzen die ikasle nerabeei. Ikusleak eginkizun pasiboa du antzezpenaren hasieran, baina geroago antzezlanaren aktore eta egile bilakatuko da.

Lehenengo atalak 35 eta 45 minutu arteko iraupena du; bertan bide-segurtasunarekin lotutako ekintzei buruzko istorio bat kontatzen da: lagun talde bat jai bat prestatzen ari da, baina zoritxarreko amaiera izango du. Bigarren atalean, amaiera positiboa izateko kontakizunaren zein une alda daitekeen galdetzen dio moderatzaileak publikoari. Une horretatik aurrera, ikasleak istorioaren parte izatera igaroko dira, eta aktoreekin batera arituko dira iradokitzen diren aldaketak erakusteko lanean. Amaitzeko, hirugarren atalean, talde txikitan jarriko dira ikasleak, eta eguneroko errealitatearen egoera ezagunak aztertuko dituzte.

Antzezpena euskaraz edo gaztelaniaz egingo da. Parte hartzen duten irakasleek orientabide didaktikoen dokumentu bat jasoko dute amaieran, ikasgelan ere lan dezaten.

Trafikoko zuzendariak azaldu duenez, «Antzerkiaren formatu horri oso egoki deritzogu, errealitate negatibo bat beste positibo bat bihurtzeko aukera ematen baitio nerabeari, erabaki zuzenak hartuz soilik. Bide-segurtasuna hobetzeko ezinbesteko tresna bat da arriskua hautematera eta saihestera bideratutako hezkuntza».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau