Berriak Lehendakaritza
Eu

Bilboko Udalak europako hitzaldi batean parte hartu du, kultura eta sormena etorkizunaren eragile hizpide

2014.eko urtarrilak 29

Bilboko Udalak gaur goizean "Kultura eta sormena: Europako herrialde eta hiriak aitzindari" izenburupeko hitzaldian parte hartu du Bruselan, Europako Batasunaren Eskualdeetako Lantaldeak antolatuta. Hitzaldiaren xedea, kulturaren eta sormenaren alorrean, udal garapenari lotutako kasu arrakastatsuak partekatu eta sustatzea da, Europako Batasunak 2014-2020 aldirako finantzabiderako eskainitako aukera berrien esparruan.

Ibone Bengoetxea Bilboko Udalaren Bigarren Alkateorde nahiz Kultura eta Hezkuntza Sailburuak jardunaldia ireki du, Bilboren kasuari zein eztabaidaren ardatz nagusiei buruz emandako sarrerako azalpenaren bidez. Berarekin batera egon dira Anton Rombouts -Herbehereetako s´-Hertogenbosch hiriko Alkatea eta Eskualdeetako Lantaldearen Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Ikerkuntza Batzordeburua- eta Helga Trüpel -Kultura eta Hezkuntzako Batzordeburuordea-. Bilboko ordezkariaren hitzaldia 2014-2020 aldirako Europako Programazio berria ezartzeko prozesuaren barruan egin da. Programa horietan arlo desberdinetako jarduera eta finantzazio-ildoak batzen dituzte eta Creative Europe 2014-2020 izeneko Programa erreferentziazkoa da kulturari eta sormenari dagokienez.

Bilboko Udalaren Bigarren Alkateorde nahiz Kultura eta Hezkuntza Sailburuaren hitzaldian, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzako Idazkaritza Nagusia eta Europako Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzaren sostengua eta gertuko lankidetza eduki dituzte.

"Kultura eta sormena: Europako herrialde eta hiriak aitzindari" izenburupeko hitzaldiaren barruan, besteak beste, hurrengo gaiei buruzko hainbat lan-saio egin dituzte: talentua sortzea eta atxikitzea; kulturaren garrantzia kohesio ekonomiko eta sozialerako; Europa zeharreko kultur proiektuetan sareko lana; Europako hazkundearen estrategiari begira kulturak zein sormenak toki bakoitzean duten garrantzia.

Jardunaldi honetan, arduradun politikoak, adituak, sortzaileak, joeren behatzaileak, artistak eta Europako elkarteen nahiz munduko erakundeen ordezkariak batzartu dira. Bertan, kulturaren eta sormenaren sektoreei lotutako "istorio arrakastatsuak" eta horiek tokian tokiko garapenean izandako eragina izan dituzte eztabaidagai. Europa Sortzailea programari buruzko saio informatiboak ere antolatu dira.

Europar Batasunak kulturaren eta sormenaren aldeko hautua egin du, kontinentearen hazkundea dinamizatzeko potentzial handienetariko sektoretzat hartuta. Gainera, udal eta eskualdeetako agintariak ezin dira eztabaida honetatik kanpo egon, hitzaldi honetan Europako Komisarioak nabarmendu duenez. Komisarioak Bilbo eta Veneziaren eginkizun garrantzitsua gailendu du jardunaldiaren ondorioen artean.

Amaierako ekitaldian, EBko Eskualdeetako Lantaldearen Lehenengo Lehendakariordea den Mercedes Bresso egon da Komisarioarekin batera. Gaurko hitzaldiaren ondorioak bihar, urtarrilaren 30ean eztabaidatuko dira EBko Herrialdeetako Lantaldearen Osoko Bilkuran eta Hazkundea zein Lana sustatzeko Europa 2020 Estrategia ebaluatzeko hala nola 2014ko martxoaren 7an eta 8an Atenasen egingo den Eskualde eta Hirietako Europako seigarren Gailurra prestatzeko ere balio izango dute.


Kulturak eta kulturaren zein sormenaren industriek duten balioa

Kulturaren eta sormenaren Europako sektoreek potentzial garrantzitsua dute ekonomiaren susperketa iraunkorra sustatzeko eta lanpostuak sortzeko. EBko BPGren %4,5 eta lanpostuen %4 betetzen dute kulturaren eta sormenaren alorretako erakundeek eta enpresek, EBko ekonomiaren zati garrantzitsu eta oso dinamikoa osatuta.

Hala ere, sormenaren sektoreek zenbait erronka dituzte, esate baterako, Europako hizkuntza-aniztasunak zatikatutako kulturaren espazio eta merkatua, ekoizpen artistikoaren "ingurune digitalerako jauzia", sormenaren enpresek finantzazioa eskuratzeko duten zailtasuna eta datu alderagarrien gabezia.

Gobernu-maila guztietan erronka horiei aurre egitea lagungarria izan daiteke Hazkundea nahiz Lanaren 2020ko Europako Estrategiaren helburuak lortzeko.

Ildo horretan, kulturaren eta sormenaren sektoreak herrialdeetako eta hirietako bizimoduan duten garrantzia eta alderantzizkoa nabarmendu behar da. Izan ere, EBko udal eta herrialdeetako agintariak kultura-jardueretarako gastu publikoaren %65ren ardura dute eta enpresei emandako laguntzei dagokienez, %30 baino gehiago kudeatzen dute. Halaber, kultur ondarea zaintzeaz arduratzen dira, herritarrei zein enpresa sortzaileei zerbitzuak eskainita, kultur-ekitaldiak egitearen bidez eta EB osoarekin sareko jarduerak antolatuta.

Europako Batasunak 2014-2020 aldirako programazio berria abian jarri du eta, zehatz-mehatz, kulturaren eta sormenaren nahiz ikusentzunezkoen alorrean Programa espezifikoa: Creative Europe Programa. Kulturaren eta sormenaren industrien potentziala sustatzean eta indartzean hala nola kulturaren balioan eta kultur arloko lankidetzan ere ahaleginak biltzea da Programa honen xedea. Hainbat mekanismo eta ekimen abiarazi dira EAEn, Creative Europe Programaren aukerak eta baliabideak ahal den beste erabiltzeari dagokionez, euskal kultur sektoreari nahiz eragile publiko eta pribatuei aukerak eskaintzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau