Berriak Osasuna
Eu

Gripearen eragina zertxobait jaitsi da

2014.eko urtarrilak 29

Gripearen eragina 100.000 biztanleko 317 kasutan kokatu da; aurreko asteko zifraren azpitik, beraz.

Mediku Jagoleen Sareak aurreko astean jasotako datuek erakusten dutenez, gripe-kasuek zertxobait egin dute behera. Eragin-tasa 100.000 biztanleko 317 kasura iritsi da; aurreko astean, ordea, 340 kasukoa izan zen, biztanle kopuru bereko.

Eragin handiena 0 eta 4 urte arteko eta 5 eta 14 urte arteko pertsonek jasan dute, 100.000 biztanleko 1.563 eta 715 kasurekin, hurrenez hurren. Bestalde, 65 eta 74 urte arteko pertsonen taldean izandako eraginak ere gora egin du, eta 163 kasu izan dira 100.000 biztanleko.

Mediku Jagoleen Sareko (sasoiko gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sarea, hiru lurralde historikoetako lehen mailako arretako zentroetako 38 sendagile generalistak eta 11 pediatrak osatua) profesionalek astero egindako analisien arabera, birusaren eragin handia dago oraindik ere, eta A motako birusari dagozkio egindako isolamendu guztiak.

Lehen mailako arreta zerbitzuan gripeagatik artaturiko kontsultei dagokienez, % 7 jaitsi dira aurreko astearekin alderatuta, eta 4.687 kontsulta egin dira guztira. Oraingoan, eta lurraldea aintzat hartuta, portaera antzekoa izan da hiruetan. Gipuzkoan izan da tasa handiena, 227 kasu 100.000 biztanleko; hurrena Araba, 216 kasurekin, eta, azkenik, Bizkaia, 208 kasurekin.

Aste honetan ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendioa egin dute: gripea dela-eta osasun-arreta behar izanez gero, familiako medikuarenera jo eta haren aginduak jarraitu.

Gomendioak

Gripea gaixotasun birikoa da, hori dela-eta, ez da antibiotikoekin tratatu behar. Antibiotikoak ez dira batere eraginkorrak birusen aurrean. Oso kasu puntualetan bakarrik, betiere medikuaren aginduz, hartu behar dira antibiotikoak.

Gaixotasun hori desatsegina da, baina onbera biztanle osasuntsuengan, eta ez du tratamendu berezirik behar. Atseden hartzea eta likido eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko; horiexek dira gomendio nagusiak. Sukarra luzatzen bada, medikuarekin hitz egin beharko dugu.

Transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, ezinbestekoa da prebentzio-neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

Gasteizen, 2014ko urtarrilaren 28an.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau