
Lehendakariaren ustez, bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizunak egungo egoeraren interpretazioa izan behar du
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du bakea eta bizikidetza oinarri dituen etorkizunak egungo errealitatea hartu behar du kontuan, eta ez iraganekoa. Azaldu duenez, "beharrezkoa" da terrorismoaren biktimak errespetatzea, memoria, egia eta justizia aldarrikatzea eta kaltea errekonozitzea. Baieztatu duenez, gainera, bake eta bizikidetzako agertoki bat eraikitzea harago doa eta horiek guztiak gainditzen ditu.
Lehendakariak aurreratu du prentsaurrekoan "ahal bezain pronto" bilduko dela Rajoy presidentearekin, eta, esan duenez, topaketa "diskretua" izango da. Guztia ere, Urkulluren hitzetan, "eraginkorragoa" izan dadin.
Bestalde, Lurralde Historikoen Legea aldatzeko aukeraz galdetuta, esan du eztabaidatzeko prest dagoela, horretarako espazio bat baitago, hain zuzen ere, autogobernuari buruzko Legebiltzarreko Batzorde Txostengilea. Nolanahi ere, Iñigo Urkulluk zehaztu du ez direla nahastu behar Lurralde Historikoen Legea eta administrazioen artean egon daitezkeen bikoiztasunak. Eusko Jaurlaritza gai honi buruzko dokumentu bat lantzen ari da dagoeneko. Ez dira bi gaiak nahastu behar; izan ere, Lurralde Historikoen Legean aldaketak proposatzen baditugu, Gernikako Estatutuan edo Konstituzioan ere ari gara aldaketak proposatzen, baieztatu duenez.
Beste gai batzuetara etorrita, lehendakariak Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu du. Iñigo Urkulluk eta bere gobernuak begi onez ikusten dute Bilbo eta San Mames 2020ko futboleko Eurokoparen egoitza izatea, eta espero dute Euskal Selekzioa ekitaldi horren anfitrioi izatea eta maila ofizialean lehiatzea.


