Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Francesco Tonucci eskola txikietako irakasleekin izango da Donostian

2014.eko urtarrilak 27

 

Eskola Txikietako irakasleentzako hitzaldiak eskainiko ditu pedagogo ospetsuak Donostiako Irakasle Eskolan

Francesco Tonucci pedagogo italiar entzutetsuak Eskola Txikietako irakasleei zuzendutako hitzaldiak eskainiko ditu gaur astelehena, urtarrilak 27 eta bihar asteartea 28, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak antolatuta, UPV/EHUrekin lankidetzan, 160 irakaslek eman dute izena jardunaldian parte hartzeko.

Bi egunez, Eskola Txikietan darabilten formazio eta gogoeta prozesua Francesco Tonucciren ekarpenekin aberasteko aukera izango dute irakasleek. Zalantza edota kezka pedagogikoak haren laguntzaz argitu ahal izango dituzte, bai eta Eskola Txikien etorkizunaren inguruan Tonucciren iritzi eta gomendioak jaso ere.

Helburu horiekin, pedagogo italiarrak honako gai hauek hartuko ditu jardunaldietarako ardatz:

  • Umeen bi eskubide: eskola hezkuntzarako eskubidea eta jolasteko eskubidea.
  • Guztiontzako eskola eta eskola konpentsatzailea: eskolaren ardura eta erantzukizuna desberdintasunak konpentsatzekoan.
  • Umeen ahotsak entzun daitezen eskolak egin beharrekoak.

Nor da Francesco Tonucci?

Pedagogo, pentsalari eta marrazkilari italiarra da Francesco Tonucci (Fano, 1941), "Frato" ezizenez ere ezaguna. "Haurren hiria" (La città dei bambini) izeneko proiektua garatu zuen bere jaioterrian 1991n, Italiako Fano hirian. Hiriak sortu eta egituratzerakoan haurrak aintzat hartzea planteatzen zuen egitasmo hartan. Haurrak erreferentzia gisa hartzen dituen hiriaren proiektua arrakastatsua izan zen, eta munduko beste zenbait herrialdetara ere hedatu zen esperientzia.

Hezkuntza sisteman berriz, Tonuccik uste du eskolak aintzat hartu behar dituela ikasleen eguneroko bizitzako esperientziak, eta horiek ikasgelan erabili. Berak esana da, "haurrek eskolara patrikak beteta dituztela joan behar dute, ez hutsik, eta ezagutza horiek atera, ikasgelan lantzeko. Haurrei hitza ematean hasten da lana". Era berean, bestelako ekintzak burutu ahal izan ditzaten, arratsaldez umeei denbora libre nahikoa uztearen aldekoa da pedagogo italiarra, horrela eskolan mintzagai berriak izango baitituzte. "Irakasleek haurren askatasun eta jolas uneak behaketa lana egiteko baliatu beharko lituzkete, normalean ikasgelan agertzen ez diren haurren izaera eta jarrerak ikusi. Ez euren kontra erabiltzeko, hobeto ezagutzeko baizik". Eskolak ikasleen motibazioa landu behar du Tonucciren aburuz, haurrak egiten dakien hartan oinarrituta. Irakasleen paperaz, berriz, zera dio pedagogoak: "Irakaslea ez da jakituria, jakituriaren bitartekari baizik". 

Gasteizen, 2014ko urtarrilaren 27an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Francesco Tonucci