Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Galera: «Bizimodu honi eusteak posible izan behar du orain artekoa bezain ingurumen-kostu handia izan gabe»

2014.eko urtarrilak 24


Durangoko Berdeago ferian parte hartu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak gomendatu duenez, «gizartearen zati handi batena bezain bizi-maila egokiari eusteko beste modu bat pentsatu beharra dago, orain artekoa bezain ingurumen-kostu handia eragingo ez duena». Galerak Durangoko Berdeago ingurumen-ferian adierazi duenez, 2030. urtean eskura daukaguna baino % 40 ur edangarri gehiago beharko dugu, eta 2050erako, berriz, baliabide naturalen eskaera gaur egungoa halako hiru egingo da.

Ingurumenaren sektoreko 50 enpresatik gora elkartu diren feria honetan izan da sailburuordea. Asteburu honetan hamar mila bisitaritik gora jasoko ditu Durangon feriak. Galeraren iritziz, «enpresek eta herri-administrazioek elkar hartuta jardun behar dute lanean, gaur egungo hazte-eredua, baliabideen kontsumoan oinarritua, eraldatzeko eta baliabideen eraginkortasunean oinarritutako batez ordezteko; alegia, produktuak lehengai gisa sartzeko berriz ere ekoizpen-zikloan»

Durangoko alkatesarekin eta Bizkaiko Ingurumeneko foru-diputatuarekin batera, «euskal herritarrak jakitun dira zenbateko erantzukizuna duen beren portaerak ingurumenaren zaintzan» azaldu du Galerak. «Horri zor zaio biztanleen % 80k baino gehiagok uste izatea kontsumo jasangarriaren bidez nork bere ekarpena eginda ingurumena hobetzen lagun lezakeela».

«Ekonomia eta enpresak zirt edo zart egiteko unean gaude, eta ezinbestekoa da sistema ekonomiko jasangarriago eta bidezkoago baten alde lan egitea, karbonoarekiko hain mendekoa ez den, baliabideak eraginkor erabiltzen eta birziklatzen dituen eta sozialki inklusiboa den ekonomia batean», gehitu du Galera sailburuak.

Eraldaketa sakona
Ingurumeneko sailburuordeak esan duenez, «Euskal Herriko enpresa-bilbea gauza izan da azken 30 urteetan aldaketa sakona egiteko ingurumenarekiko begirunearen alorrean, eta horri esker erreferentzial bilakatu dela. Industriak isurtzen du EAEn zuzenean isurtzen diren berotegi-efektuko gasen % 21».

«1990az geroztik -hori baita Kyotoko protokoloak abiapuntutzat hartu zuen urtea-, industriaren isuriak % 43 murriztu dira aldaketa eta eraldaketa teknologikoari esker. Eusko Jaurlaritzak zer esan handia izan du Industriak egokitzeko egin duen ahalegin handi horretan. Hori dela eta, milioi bat eta hirurehun mila euroz lagundu ditugu ingurumena babesteko ehun bat proiektu, gehienetan Euskal Herriko ETEek garatuak eta 40 lanpostu sortzea ekarriko dutenak», azpimarratu du Galerak.

«Mugikortasun jasangarria, etxe barruko eraginkortasun energetikoa, hondakinen kudeaketa egokia eta birziklatzearen kultura sustatzea izan dira Berdeago feriaren aurtengo ekitaldiaren aurkezpenaren ardatzak, eta elementu gakoak izango dira gure seme-alabek bihar guk gaur dugunaz gozatzeko» esanez amaitu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @indforma
    2014.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    Euskadi. Galera: “Mantener este nivel de vida ha de ser posible sin un alto coste #ambiental como sucede hasta ahora” http://t.co/2XJMXrk5dU

  • @Torremadariaga
    2014.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Galera: «Bizimodu honi eusteak posible izan behar du orain artekoa bezain... http://t.co/VINbJxpcCC

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)