Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Euskal enpresetako kaleratze kolektiboak % 44 gutxiago izan ziren azken urtean

2014.eko urtarrilak 24

2013 amaituta, 1.872 pertsonak zuten kontratua deuseztatzeko espediente bat EAEn, alde handia dago, beraz, urtebete lehenago egoera berean  zeuden 3.336 langileko kopuruarekin. Estatu osoan % 10,3ko beherakada egon da, eta % 44koa euskal enpresetan.

Kontratua deuseztatzeko edo azkentzeko espedienteak langilearen eta enpresaren arteko kontratu-harremana amaitzea dakar azken horrek doitzeko egiturazko behar bat duenean. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Laneko sailburuorde Ricardo Barkalaren iritziz, «gure enpresetan lanpostuak zuzenean kentzea ez dakarten plantilla berregituratzeko prozesuak gero eta gehiago aplikatzen ari» direla islatzen du azkentzeko enplegu-erregulazioko espedienteek 2013an izandako beheranzko bilakaerak.

Deuseztatzeko espedientea ekonomiaren egoeraren adierazle fidagarria izaten dela kontuan hartuta, «enpresek urte amaieran erakutsitako datuek krisitik behin betiko baina pixkanaka ateratzen» ari garela aurreikus lezakete, Barkalaren iritziz. Lan-merkatuaren ildo positibo berean daude, halaber, EAEko enplegu-sorrerari eta Gizarte Segurantzako afiliazioari buruzko azken zifrak.

Kaleratze kolektiboak Estatuan ere murriztu dira, baina horren ehunekoak askoz txikiagoak izan dira Euskadikoak baino: % 10,3 Estatuan eta ia % 44 euskal enpresetan. Krisia hasi zenetik, 2012 izan da espediente gehien izapidetu diren urtea, eta ondoren 2010 eta 2009 daude, 2.026 eta 1.978 espedienterekin, hurrenez hurren.

 

Enplegu-erregulazioko 207 espediente abenduan

Abenduan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegua erregulatzeko 207 espediente izapidetu zituen; hau da, azaroan baino % 20 gehiago, baina 2012ko abenduan baino % 14 gutxiago. Etendura-espedienteak 111 izan dira, lanaldia murriztekoak 84 eta azkentzeko espedienteak 12.

2013ko abenduan izapidetutako 207 espedienteetatik, 152 aurreko baten jarraipena izan dira, eta 1.901 langileri eragin diete (% 82). Erregulazio-espedienteek 2.312 langileri eragin diete urteko azken hilean; aurreko hilean baino % 27 gehiagori, eta 2012ko abenduan baino % 29 gutxiagori. Azkentzeek 127 langileri eragin diete, azaroan baino % 71 gutxiago.

Sektoreka, lan-erregulazio espedienteen kopurua bere horretan mantendu da nekazaritzan eta eraikuntzan, jaitsi egin da industrian eta pixkatxo bat igo da zerbitzuetan.

Akordioen ehunekoa handia da oraindik, % 90etik gorakoa abenduan. Enplegu-erregulazioko espedienteen kausa nagusia eskariaren eta ekoizpenaren murrizketa izan da abenduan. Hauexek izan dira gehien eragindako eskualdeak: Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostialdea.

Egun, 14.942 langileri eragiten dieten 1.143 espediente daude indarrean; espediente horietatik 715 (% 63) aurreko beste baten jarraipena dira.





OHARRA:

Enplegu Erregulazioko Espedienteen (EEE) estatistika osoa Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean ikus daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)