Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskararen erabilera normalizatzeko V Plan Nagusia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

2014.eko urtarrilak 24

 

Herritarrek administrazioarekiko duten harremanean nahi duten hizkuntza ofiziala hautatzeko eskubidea egiazki betetzea da Planaren helburua

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko Plan Nagusia (V. plangintzaldia, 2013-2017) aurkeztu du gaur Donostian. Patxi Baztarrikarekin batera partaide izan dira: Gotzon Lobera, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria eta Maite Iruretagoiena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Era berean, Andrés Zearreta, Funtzio Publikoko sailburuordea ere ekitaldian izan da.

eguneroko jardunean”.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak bi konstatazio nabarmendu nahi izan ditu Planaren xehetasunetan sartu aurretik:

Lehena: “1990eko lehen Plan haietatik gaur arte Jaurlaritzan ere berealdiko aldaketa gertatu da euskarari dagokionez. Datu bat, oso adierazgarria: 1995ean Jaurlaritzako langileen %23,5 baino ez zen lana euskaraz egiteko gai; gaur egun langile guztien %51,1ek egiaztatuta dauka dagokion hizkuntza gaitasuna, eta beste %9,8k dagokiona baino bat baxuagoa. Beraz, 1995ean %23,5 baina gaur egun %59,9 dira euskaraz neurri batean lan egiteko gai. Duela 20 urte halako bi. Guztira, 4.052 langile”.

Bigarrena: “Aurrerakada hori oso apala izan da euskara lan hizkuntza gisa erabiltzerakoan, ez da izan ahal bestekoa, ez da izan ezta ere behar bestekoa. Horri zuzenean lotuta dagoen zerbait esango dut hasiera beretik, horrela gehiago azpimarratuta uzteko: V Plangintzaldirako Plan Nagusi honen ezaugarri nagusien artean nagusia da, Jaurlaritzan euskara laneko hizkuntza gisa nabarmen gehiago erabiltzeko neurriak hartzea”.

Hau azalduta, Planaren helburu nagusia zein den argitu du: “Eusko Jaurlaritzaren helburua da euskal gizartean elebitasun iraunkorra eraikitzea. Honegatik da Eusko Jaurlaritzaren 2013-2017 bitarteko Euskararen Erabilerarako Plan Nagusi honen helburu nagusia honako hauxe: herritarrak beraiek aukeraturiko hizkuntza ofizialean, euskaraz nahiz gaztelaniaz, atenditzea, herritar guztiek duten hizkuntza ofiziala aukeratzeko eskubidea egiazki betetzea, eta euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa erabiltzea

Sailburuordeak honako hau nabarmendu nahi izan du goiko ideia hobeki azaltzeko: “Arau bat dugu sakratua dena, Moisesen taulako agindua balitz bezala bete nahi duguna: herritarren hizkuntza aukera errespetatzea. Herritarrena da Jaurlaritza, herritarrei zor gatzaizkie, eta herritarrek dute Jaurlaritzarekiko harremanetan euskara edo gaztelania aukeratzeko eskubidea”.

Bestalde, eta aurreko ideiarekin lotuz, lau helburu orokor nabarmendu ditu Patxi Baztarrikak:

- Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Eusko Jaurlaritzarekiko harremanetan, bost urteotarako lehentasuna emanez zuzeneko arretakoak eta jendaurrekoak diren zerbitzuetan.
- Euskara lan hizkuntza izateko pauso zehatzak, neurgarriak eta aurreragarriak ematea: anomalia bat da, desorekaren seinale, euskara ere hizkuntza ofiziala izanik eta herri-langileen eta goi kargudunen erdia baino gehiago euskalduna izanik, euskara ez izatea, gaztelania bezala, laneko hizkuntza ohikoa gaur den baino askoz neurri handiagoan.

- Herri administrazioen arteko harremanetan euskara gehiago erabiltzea: administrazioak eredugarri izan behar duelako eta legeak bete eta betearazi egin behar dituelako.
- Goi kargudun politikoen lidergoa eta inplikazioa indartzea.

Lau helburu orokor horiek garatzeko hiru zehar-lerro nabarmendu dira:

  • -  Hizkuntza Ofizialak erabiltzeko Irizpideak onartu eta aplikatzea, Sailez Sail.

  • -  Langileen eta erakunde-ordezkari politikoen euskara gaitasuna handitzea, erabilera bera areagotzeko.

- Langileen eta erakunde-ordezkari politikoen euskararekiko atxikimendua eta adostasuna areagotzea.

Plan honek nori eragingo dion garbi utzi nahi izan du Patxi Baztarrikak: “Planak zuzenean eragingo dien herri-langile eta zerbitzuen artean, nabarmendu nahi ditut, hain zuzen ere lan hizkuntza gisa euskara erabiltzeko gai diren langileak. Helburua da parte-hartzaileek gutxienez funtzio komunikatiboren bat edo beste betetzerakoan euskara erabiltzea lan hizkuntza gisa. Lanean euskara erabili dezakeenari erabiltzeko aukera, bultzada, babesa eta laguntza ematea da Plan honen egiteko nagusia, betiere, berriro diot, herritarraren hizkuntza aukera eta hizkuntza eskubideak eraginkortasunez errespetatuz”.

Bukatzeko, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ideia hau nabarmendu nahi izan du: “Plan hau ez da HPS-rena, ez da HPSrena bakarrik. Plan hau Jaurlaritza osoarena da, Jaurlaritza osoarena baita euskararekiko eta hizkuntza bizikidetzarekiko konpromisoa, eta Jaurlaritza osoarena baita euskararen erabilera areagotzeko erronka.”

Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria den Gotzon Loberak Planaren zehaztasunak zeintzuk diren azaldu ditu. Hauek dira, laburbilduz, Patxi Baztarrikak aipatu dituen lau helburu orokorrak garatzen dituzten hiru xehetasun:

- Jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuek lehentasuna izango dute bete- betean.
- Gizarte izaerako nahiz izaera orokorreko ataletan administrazio atal elebidunak sortuko dira, eta, egokiera denean, baita euskarazko atalak ere.

- Derrigortasun data izanik hizkuntza eskakizuna egiaztaturik duten lanpostu guztietan funtzio batzuk euskaraz betetzea, sail bakoitzak erabakitzen duenaren arabera. Hori ez ezik, derrigortasun data eduki gabe baina dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatuta dutenen inplikazioa lortu nahi da, beraiek ere planean integratzeko, funtzio jakin batzuk euskaraz ere egin ahal izateko.

Bestalde, Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria den Maite Iruretagoienak honako hau azpimarratu du bere hizketaldian: “Orain arteko plangintzaldietan, gure baliabide guztiak erabili ditugu, administrazioko euskara garatzeko eta administrazioko langileak euskaldundu eta trebatzeko, beti ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean. Eta lan-ildo berari jarraituko diogu, zer esanik ez, V. Plangintzaldian. Hizkuntza-prestakuntzari dagokionez, jarraitu egingo dugu euskal Administrazio Publiko guztietako langileen hizkuntza-maila ebaluatzen eta Hizkuntza Eskakizunak akreditatzen”.

Eta jarraitu du: “V. Plangintzaldi honetan, eta euskalduntzearen alorrean orain arte egindako ibilbide luzearen ondorioz, Herri Administrazioetan euskara erabiltzeari eman nahi zaio lehentasuna, Hizkuntza Politikako sailburuordeak azaldu duen bezala, eta, erabilera sustatze aldera, euskara lanpostuan erabiltzeko berariazko hizkuntza- prestakuntzari emango diogu bultzadarik handiena; Hor dauzkagu, adibidez, 2013an eskaini diren 43 ikastaroak, 500 ikasle baino gehiagorekin, edota ELEBI programa arrakastatsua”.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Mara_Rod
    2014.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno vasco presenta el V Plan general de Normalización del uso del euskera http://t.co/QdTuhyCGty

  • @ALeunda
    2014.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    Euskararen erabilera normalizatzeko V Plan Nagusia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak http://t.co/d0B64pqh4j

  • @mirenepalacios
    2014.eko urtarrilak 28

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno vasco presenta el V Plan general de Normalización del uso del euskera http://t.co/bIVSUEuh0V

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)