Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Europak bere erantzuna testuinguru ekonomikora egokitzea espero du Eusko Jaurlaritzak

2014.eko urtarrilak 24

Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak «zuhurtzia» eskatu du Europar Batasuneko abokatutzak «opor fiskalen» inguruan egin duen txostenaren aurrean. Prozesu korapilatsua dela esan du sailburuak, eta Justizia Auzitegiak ebazpena argitaratu arte itxaron behar dela. Hala ere, bai administrazioek bai enpresek Europar Batasuneko lehiakortasun-legearekin bat ez datozen diru-laguntzak itzultzeko ahalegina egin dutela nabarmendu du Gatzagaetxebarriak. «Euskadiko ekonomia egoera ekonomiko zailean» egonda, ebazpena ematerakoan ahalegin hori kontuan hartu behar da, sailburuaren arabera. «Arauak testuinguru errealaren arabera aplikatu behar dira», ziurtatu du Gatzagaetxebarria sailburuak.

Herri Irratiak elkarrizketatu du Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria, gaur goizean. Elkarrizketan, halaber, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak egin berri duen batzarraz hitz egin dute, baita urte honetarako aurreikuspen ekonomikoez ere.

Gatzagaetxebarriak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak duela astebete eskas hartutako erabakia «oso garrantzitsua» dela esan du. Sailburuaren arabera, arlo politikoan, zazpi zerga adostea aurrerapen bat izan da, kontzertu ekonomikoa eguneratu delako, foru aldundiek, «Euskadiko agintari fiskalek», zazpi zerga horiek kudeatu behar dituztela aitortuz. Horrez gain, zerga-arloan ere aurrerapauso bat eman da, Euskadik Europa ezartzen ari zen zerga batzuk biltzeko ahalmena lortu duelako, adibidez: fiskalitate berdearen zergak, joko eta loteriekin lotutakoak eta bankuetakoak.

Bestalde, Ogasun eta Finantzetako sailburuak 2014rako gako ekonomiko batzuk eman ditu. Gatzagaetxebarriak esan duenez, urtea hazkunde positiboarekin bukatuko da, baina ez da nahikoa izango lanpostuak sortzeko. Hori azaltzeko, zera esan du: «Atzeralditik ateratzeak ez du esan nahi krisitik aterako garenik». Gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiko lehenengo bi urteak gogorrak izango zirela iragarri zuen. Sailburua azken biei begira baikorra da, ordea. «Pixkanaka eta motel» lortuko da krisitik ateratzea, esportazioei eta industriaren eta zerbitzuen sektorearen suspertzeari esker.

Gatzagaetxebarriak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak, datozen asteetan, enpresei, autonomoei, profesionalei, eta enpresa txiki eta ertainei laguntzera zuzendutako dekretu bat onartuko du, finantzazioa lortzea errazteko, eta hala, jarduera ekonomikoari eutsi ahal izan diezaioten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)