Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Klima aldaketari buruzko foroaren inaugurazioa

2010.eko maiatzak 03

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak,  “Posible izango al da Mexikoko hurrengo Gailurrean?” klima aldaketari buruzko foroaren inaugurazioan parte hartu du gaur

Ekitaldian, Unzaluk azaldu du bost kontinenteetako eskualde gobernuek emisioak murrizteko beren helburu propioak ezarri dituztela, eta energia berriztagarriekin edo emisio txikien mugikortasunarekin lotutako neurriak hartu dituztela. “Euskaditik, jakitun izanik, eurak bezala, arazoaren zati bat garela, baina baita konponbidearen zati bat ere, klima aldaketa gure gobernuaren lehentasunetako bat bihurtu da”, adierazi du sailburuak.

Testuinguru horretan, Pilar Unzaluk beharrezkotzat jotzen du klima aldaketak dakarren erronkari “zeharka eta modu eraginkorrean” aurre egitea. Horretarako, bere esanetan, funtsezkoa da “lidergo politiko indartsu bat izatea, ez soilik energia, industria edo etxebizitzaren sektoreko politiketan klimaren aldagaia sartzea ahalbidetuko duena, baita, gure gobernua osatzen duten gainerako sailen inplikazioa ere, iraunkortasunaren zeharkako politika batean beharrezkoak diren ko-egile gisa”.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuarekin batera, “Posible izango al da Mexikoko hurrengo Gailurrean?” klima aldaketari buruzko foroaren inaugurazioan, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Diputatuen Kongresuko presidentea izan zen Manuel Marín González egon dira.

Unzaluk, bere hitzaldian, adierazi du klima aldaketa gizateriak aurrean duen erronka kolektiborik handiena dela, eta gehitu du, herrialde, gizarte, ekosistema, erakunde eta populazio biologikoei eragingo dien arazoa dela. Sailburuaren hitzetan, egintza horrek, “munduko estatu, herrialde eta eskualde guztien arteko baterako ekintza koordinatu bat abian jartzeko eskatzen du, berotegi efektuko gasen emisioak hein handi batean murrizteko eta gu, sortzen dituzten eragin ugarietara egokitu ahal izateko”.

Gainera, Pilar Unzaluk ohartarazi du beharrezkoa dela “hazkuntzaren gure paradigma aldatzea, gure ekoizpen eta kontsumo ereduak zeharo aldatzea, ekoeragingarriagoak diren energia alternatiboak eraikitzea”, eta berrikuntza teknologikoaren, baliabide naturalak mantentzearen, osasun publikoaren edo enplegu nitxo berriak sortzearen ikuspegitik eskaintzen dituen aukerak baloratzeko gai izatea.

Sailburuak emandako datuen arabera, azken bi urteetako adierazleek, EAEn berotegi efektua duten gasen emisioa “apur bat murriztu” dela diote; 2007an, % 1 zen, 2008an, % 3.

Zentzu horretan, Unzaluk onartu du herritarren ohiturek ez dutela oraindik bereganatu klima aldaketaren aurkako borroka norbere zeregin bat ere badenaren kontzientzia iraunkorra, eta gure etxeak kudeatzeko moduak eta gure mugikortasun ereduek zerikusi handia dutela berotegi efektua duten gasen handitzearekin. Beharrezkoa da, beraz, norbere erantzukizuna eskatzea, “aldaketa txiki handi bati” ekiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu, saliburua