Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak FITURko Euskadiren standa inauguratu du gaur goizean, erakundeen eta sektorearen ordezkari ugariren aurrean

2014.eko urtarrilak 22

Tapiak adierazi du lau milioi turista erakarriko dituela Euskadik 2020an, baldin eta Basque Country marka sektorearen eta erakundeen estrategia bateratu gisa sendotzen bada.

Madril. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak FITUR 2014ko Euskadiren standa inauguratu du gaur goizean, eta azpimarratu du zeinen garrantzitsua den Basque Country marka irmo eta ondo koordinatuta sendotzea, «horretxen bila baitabiltza gu bisitatzen gaituztenak; Basque stylea»

Erakundeetako zein turismoaren sektoreko enpresa eta ordezkari ugari izan dira ekitaldian. Tapia sailburua garapen turistikoa berrikuntzan, merkatu lehenetsietan sustatzean eta turismoaren pisua euskal ekonomian duen pisua handitzean oinarritzearen alde mintzatu da haien aurrean, horiek baitira Euskadi destino gisa indartzeko eta 2020an lau milioi turista erakartzeko gakoak.


ARANTZA TAPIAREN HITZALDIA, 2014ko FITURRERAKO

Aisialdiko eskaintza bikainak dauzkaten ehunka lehiakidez inguratuta gaude. Bai gaur, hemen, Fiturren, bai egunero, erakundeek, eta batez ere zuek, turismo-sektoreko profesionalek, egiten dugun lanean. Euskadiko turismoa sendotu nahi dugu, sortzen duen jarduera ekonomikoa hobetzeko, eta badakigu ez dela erraza, baina gure lehiakideek ez daukaten zerbait daukagu, «Basque style»-a: kultura, historia, herrialde baten izaera kopiaezina. Euskadi Basque Country-rena.

Euskadi helmuga turistiko paregabe eta berezi gisa kokatzea da 2020rako Euskadiko Turismoaren Plan Estrategikoaren lehenengo helburua. Plan hori datozen asteetan aurkeztuko diegu erakundeei eta euskal gizarteari, baita sektoreko profesionalei ere, jakina. Plan hau egiteko laguntza zuzena eman diguzue, gainera. Eskerrik asko zuen inplikazioagatik eta zuen ekarpenengatik.

Zuek inork baino hobeto dakizue lehiatu ahal izateko gure berezitasuna agerian jarriko duen marka indartsu bat behar dugula. Horregatik, hurrengo urteetarako planean jaso den bigarren helburua Euskadi marka turistikoa nabarmentzea da; lehentasunezko merkatuetan nabarmentzea, hain zuzen ere. Euskadiri ez zaio interesatzen sarea botatzea turistak arrantzatzeko. Gu selektiboagoak izango gara; alderdi asko bateratzen dituen helmuga turistiko adimentsu gisa sendotu nahi dugu.

Zer esan nahi du horrek?

  • Gobernua jabe eta sustatzaile eta enpresak ahulak, kontsumitzaileengana zuzenean iristeko aukerarik gabeak, ziren garapen turistikoaren garaia gaindituta dagoela.
  • Inbertsioan oinarritutako garaia gainditu behar dugula; hau da, esparru zehatzetan jarduten duten enpresek eta laguntza handia ematen dieten administrazioek bakoitza bere aldetik ibiltzeari utzi behar diotela.
  • Eta berrikuntzan oinarritutako garapen turistiko batekin iritsiko garela 2020ra: sektoreak oso produktibo eta eraginkorra izan behar du eta zerbitzu aurreratuak eskaini, estrategia global bereziak ezarrita. Marka indartsu bat eduki behar dugu, lehentasunezko merkatuen bidez interesatzen zaizkigun bidaiari-profiletara iristeko.

Sektoreak garai berri honetan aurrera egiteko izan duen prestasuna eskertu dut, eta Euskadiko foru aldundietako, udaletako eta gaur gurekin dauden erakunde guztietako ordezkariei, hona etorri izana eskertuz, guztiokin batera, sektorearen ahotsa entzuteko deia egin nahi diet. Izan ere, Plan Estrategikoaren diagnostikoan zera adierazi digu sektoreak, argi eta garbi: «Ezinbestekoa da sektoreko askotariko eragileen arteko koordinazioa hobetzea; bereziki, sektore publikoarekiko koordinazioa».

Guztion helburua, bai eragile publikoena bai pribatuena, lana, aberastasuna sortzea da, baita Euskadiko jarduera ekonomikoa bultzatzen laguntzea ere. Baina hori lortzeko, jadanik ezartzen ari garen eraginkortasun- eta koordinazio-irizpideak bete behar ditugu. Izan ere, esan dizuedan bezala, ezinbestekoak dira.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak pozik inauguratuko du, gaur, Euskadik Fiturren daukan stand hau, foro berean berriz ere Euskadiko eskaintza turistiko osoa bildu dela ikusita. Eskerrik asko hori posible egin duzuen guztioi. Horrez gain, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako kide guztiek azoka honetan egin duten lana ere nabarmendu nahi dut. Halaber, 2020an Euskadin lau milioi bisitari izatera iristeko, eskuragarri dauden baliabideak, maila guztietan eta esparru guztietan, sare-lanean eta elkarlanean erabiltzea eta konbinatzea oso garrantzitsua izango dela adierazi nahi dut.

Gu ezagutu ondoren, turisten % 98k Euskadi bisitatzea gomendatuko luketela diote. Beraz, zer edo zer ondo egiten ariko gara.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi turismo-helmugaren eta turismo-industriaren kontrola, kudeaketa eta jarraipena hobetu ahal izateko informazioa edukiko du. Turismo-datuen konparazioak, duela gutxi arte, bost urtean behin egiten ziren; orain, aldiz, bi urtean behin egingo ditugu. Eta Cicturgune-ren azterketak sektoreari ezagutza handiagoa ematera bideratuko dira.

Gure 2020rako Turismoaren Plan Estrategikoa handinahia da, baina bisitari kopurua baino gehiago, bidaiarien batez besteko gastua handitzea lortuko dugulako, jadanik gertatzen ari den bezala, eta jarduera ekonomikoa areagotzea. Horretarako, turismo eredu iraunkor bat ezarriko dugu, kalitate maila handikoa, gero eta hobeto ezagutuko ditugun bisitariei beren gustuko eskaintza egitean oinarritua.

Helburu horiek lorgarriak dira, ondo lan egiten badugu eta errealistak baldin bagara.

  • Munduko Turismo Erakundearen arabera, 2020ra arte, bidaiari kopuruaren urtetik urterako hazkundea % 3,4koa izango da. Guztira, 1.400 milioi bidaiari izango dira, eta horietako askok helmuga ezberdinak bilatuko dituzte, adibidez: Euskadi.
  • Lortzeko gai gara, herrialde aurreratua garelako eta datozen urteetan berrikuntzak turismo-industrian funtzio garrantzitsua betetzea lor dezakegulako.

Horretarako, turismoa ezagutzan oinarritzea bultzatu behar dugu.

Hala, negozio turistikoen errentagarritasuna handituko da.

IKTak lehentasunezko merkatuetara iristeko ez ezik, gu ezagutzeko interes potentziala daukaten bidaiarien segmentuetara iristeko erabili behar ditugu.

Lehentasunak ezartzeko informazioa eta irizpideak dauzkagu, Euskadira etortzeko interesa daukaten pertsonen profila ezagutzen dugu: 33 eta 55 urte bitartekoak dira, maila kultural eta eros-ahalmen handikoak, eta gurearekin zuzenki lotuta dauden helmugetatik etorriko dira. Gainera, badakigu atzerritarrak egunean bisitari nazionalak baino 55 € gehiago gastatzera iristen direla. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Plan Estrategikoak, lehenik eta behin, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuko 77 milioi bidaiari potentziali zuzenduko dizkie bere sustapen-mezuak; eta bigarrenik, Italiako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Eskandinaviako bisitari potentzialei.

2013. urteko turismo-balantzearen datuak ezagutu berri ditugu. Bilakaera irregularra izan bada ere, bidaiari atzerritarren kopurua % 3,5 hazi da. Dena den, Estatuko turismoarekiko menpekotasunak oraindik ere kalte egiten digu; batez ere, menpekotasun handiena daukan zonaldeari. Hori aldatu beharra dago eta lortuko dugu, gure bidaiariek eta gure sektoreak zer eskatzen duten entzuten badugu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)