Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Prestakuntza eta lana bateratzen dituen Lanbideren programa batek Alemanian lan esperientzia bat izateko aukera emango die Euskadiko 94 gazteri

2014.eko urtarrilak 22

Datorren astelehenean amaituko da Lanbidek Alemaniako enpresetan lan egiteko aurkeztu dituen 94 eskaintza betetzeko eskariak aurkezteko epea. Lanpostuok ikasketak eta ordaindutako lana uztartzen dituen trebakuntza programa baten baitan eskaintzen dira.

Bigarren urtez jarraian, Lanbidek eta Alemaniako Enplegu Zerbitzuak (ZAV) Europako EURES sarearen bitartez egiten duten lankidetzari esker, 18 eta 35 urte arteko 94 gaztek ordaindutako lan bat eskuratuko dute Alemanian, trebakuntza aldi bat igaro ostean. Hautaketa prozesuan parte hartzeko interesa duten gazteek, aurretik, Lanbidek kudeatzen duen lanbide heziketa dualeko programan eman beharko dute izena. Hain zuzen ere, datorren astelehenean amaituko da izena emateko epea. Era berean, programan parte hartzeko ezinbestekoa da eskola graduatuaren eta goi mailako lanbide heziketaren arteko heziketa maila izatea.

Beste heziketa programa batzuetan ez bezala, Erdialdeko Europan tradizio eta entzute handia duen Alemaniako heziketa dualeko ereduan enpresek ordaindutako lan kontratuak trebakuntza teorikoarekin uztartzen dira. Hala, programotan parte hartzen duten gazteek lanbide heziketako zentroetan ematen diren ikastaro espezializatuak jasotzen dituzte. Oro har, prestakuntza praktikoa astean hiruzpalau egunetan ematen da, eta gainerako egunak prestakuntza teorikoari eskaintzen zaizkio. Zikloaren amaieran, ikasleek burututako espezialitatearen inguruko azterketa bat gainditu behar dute Alemaniako lanbide heziketako titulua eskuratzeko.

Programa Alemanian burutzen da oso-osorik, eta, guztira, hiru urtez luzatzen da. Hori bai, enpresek hitzartutako lan kontratua modu mugagabean luza dezakete.

2013an jarri zen lehen aldiz programa hau indarrean Euskadin Lanbideren bitartez, eta, hala, hamahiru euskal gaztek Alemanian trebakuntza eta lana lortzeko aukera izan zuten, batik bat Saxonia Behereko eta Bremengo ostalaritza eta geriatria sektoreko enpresetan. Aurten, berriz, eskainitako plaza kopurua esponentzialki areagotu du, guztira 94 lanpostu eskainiko direlarik, erdia ostalaritzarekin lotuak. Eskainitako gainontzeko espezialitateak eraikuntzarekin, industriarekin edota merkataritzarekin lotuta daude.

Heziketa dualeko programa honetan parte hartzeko, ez da beharrezkoa aldez aurretik alemanezko ezagutzak izatea. Izan ere, aukeratuta suertatzen direnek 400 orduko ikastaro bat jasoko dute martxotik ekainera bitartean. Ikastaroa diruz lagunduta dago eta partaideek behar besteko hizkuntza maila lortuko dute Alemaniara joaten direnerako.

Horrez gain, kontuan izan behar da ZAV Alemaniako Enplegu Zerbitzuaren "The Job of My Life" programak diru laguntzak eskaintzen dituela bai joan-etorrietarako bai ostatu eta mantenu gastuetarako herrialdean emandako egonaldi guztian zehar.


"Zure lehen EURES lana"


Lanbidek gure lurraldetik kanpo lehen lan esperientzia bat izan nahi duten gazteekin duen harremana, gainera, harago ere badoa. Izan ere, dauden lan eskaintza ezberdinen gaineko informazioa eskaini eta soslai bakoitzarentzako herrialde egokienen aukeraketa bat ere egiten du.

Era berean, EURES sareren bitartez, gazteei beste herrialde batzuetako lan hautaketa prozesuetan izena emateko aukera ematen zaie. 2013an zehar, Lanbidek 3.000 pertsona ingururi eskaini zien laguntza, gehienak 35 urtetik beherakoak; horietatik, gutxienez 25 izan ziren kontratuak.

Azkenik, iaz Lanbidek "Zure lehen EURES lana" proiektua jarri zuen martxan, bai Europar Batasuneko herrialde batean lan bila ari direnei bai 18 eta 30 urte arteko Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako gazteak kontratatzeko interesa duten enpresei laguntza finantzarioa ematen diena.

Gazteen kasuan, programak 200 eta 300 euro arteko laguntzak eskaintzen ditu dagokion herrialdera joan ahal izateko, eta,  sei hilabete baino gehiagoko lan kontratua izanez gero, 600 eta 1.200 euro artekoa bertan kokatzeko.

Gazteok kontratatzen dituzten enpresen kasuan, berriz, laguntzen helburua gaztea enpresan integratzeak eragindako gastuei edo hizkuntza ikasi beharrak eragiten dituenei aurre egitea da. 2013an arlo honetako 19 diru-laguntza kudeatu ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)