Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Elkarlaneko Zuzenbidea, gatazkak konpontzeko alternativa berritzailea Madrilen aurkeztu dute

2014.eko urtarrilak 24

Berrikuntza juridiko honek auzitegietara iristea saihesten du

• Elkarlaneko zuzenbidea gatazkak konpontzeko modu berritzaile eta alternatiboa da. Epaiketara joatea saihesteko negoziatzean oinarritzen da. Horrek, denbora eta kostu aldetik aurrezpen handia ekartzeaz gain, auzibideek inplikatutako aldeei eragiten dizkieten nekeak saihesten ditu.

• Berrikuntza juridiko hori aurkeztu dute, Madrilgo Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren egoitzan egin den jardunaldi batean (Serrano kalea 9 eta 11), honetan Manuel Valín Justizia Zuzendariak parte hartu du, besteak beste. Elkargoak antolaketan parte hartu du, Euskadiko Elkarlaneko Zuzenbidearen Elkartearekin, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin eta Innobasquerekin (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) batera.

• Metodo hori zuzenbidearen edozein adarretan aplika daiteke: familiakoan, merkataritzakoan, lanekoan eta zigor arlokoan, besteak beste, eta bereziki, araudi ezberdinak dituzten herrialdeetako bazkideen arteko merkataritzako eta negozio arloko desadostasunak konpontzeko balio du, jardunaldian enpresen, pertsonen eta erakundeen esperientziaren bitartez azalduko duten bezala.

Elkarlaneko zuzenbidea gatazkak negoziazioaren bitartez konpontzeko modu berritzaile eta alternatiboa da. Gatazka horiek epaiketara iristea saihesten duenez, denbora eta kostu aldetik aurrezpen handia ekartzen du. Horrela, auzitegietako lan-zama arintzen da eta prozesu judizialek aldeei eragiten dizkieten nekeak saihesten dira.  Madrilgo Abokatuen Elkargo Ohoretsuak (ICAM) eskatuta, berrikuntza juridiko hori aurkeztu dute, Madrilen, «Elkarlaneko zuzenbidea: baloreetan oinarritutako diziplina arteko negoziazioa» izeneko jardunaldian (ikus programa erantsia). ICAMek antolatu du, bere egoitzan (Serrano kalea 9 eta 11, Madril), Euskadiko Elkarlaneko Zuzenbidearen Elkartearen, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren eta Innobasqueren (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) laguntzaz.

Elkarlan Zuzenbidearen zutabea hauxe da: aldeen abokatuen, beren bezeroen eta bestelako profesionalen (notarioak, ekonomialariak, lan-harremanetako gradudunak, psikologoak, bitartekariak, artekariak, eta abar) arteko taldeko negoziazioa, epe luzeko akordio bat lortzeko, sormenezko irtenbideen bitartez, errespetua, gardentasuna, ekitatea eta konfidentzialtasuna oinarritzat hartuta. Esparru horretan berariazko prestakuntza daukaten eta lanean gutxienez urtebete eman duten profesionalek parte hartzen dute. Nolanahi ere, negoziazio prozesuak huts egiten badu, inplikatutako adituek –abokatuak barne– ezin dute aldeen ordezkari izan ondorengo epaiketetan.

Jardunaldian, Euskadin arlo horretan dagoen berritze-bultzada erakutsi da. Modu aitzindarian, Euskadik, Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko Elkarlaneko Zuzenbide Elkartearen eta Innobasqueren (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) arteko lankidetzaren ondorioz, gatazkak konpontzeko modu berri hori bultzatzeko ekimen bat jarri du martxan, gure errealitate soziokulturalera egokituta.  Hala, 2014rako, Ameriketako Estatu Batuetako IACP elkartearen estandarrak betetzen dituzten prestakuntza-ikastaroak antolatzen ari da, Espainiako edozein tokitako profesionalei zuzenduta. Beste alde batetik, beste autonomia erkidego batzuetan sortu duen interesa dela-eta, Euskadi erkidego horietako batzuetan elkarlaneko zuzenbidearen esparruko elkarteak sortzea bultzatzen eta laguntzen ari da. Jardunaldiak Madrilgo Elkarlaneko Zuzenbidearen Elkartea eratu berri dela jakinarazteko balio du.

Ameriketako Estatu Batuetan 20 urte baino gehiago daramatzate elkarlaneko zuzenbidea praktikan jartzen. Han, gatazken % 85 negoziatzen dituzte eta gainerako % 15a bakarrik iristen da auzitegietara. Espainiari dagokionez, kasuen % 33 negoziatzen dira eta gainerako % 67an epaiketa egiten da. Diziplina horrekin, proportzioa aldatzen laguntzea espero da. Europar Batasuneko hainbat zuzentarauk gatazkak konpontzeko modu alternatiboak erabiltzea sustatzen dute. Duela hamarkada batetik, pixkanaka, Europar Batasuneko hainbat herrialdetan ezartzen ari dira.

Hauek izango dira jardunaldiko parte-hartzaileak: Begoña Castro, Madrilgo Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordeko diputatua; Manuel Valín, Eusko Jaurlaritzako Justiziako zuzendaria; Gotzon Bernaola, Innobasqueko (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) Programetako zuzendaria; María José Anitua, abokatu eta Euskadiko Elkarlaneko Zuzenbidearen Elkarteko presidentea, eta Helena Soleto, abokatu eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Gatazken Bitartekaritza eta Konponketako Masterreko zuzendaria. Nathalie Carnier-Raymondek, Parisko Abokatuen Elkargoko abokatuak, prozesu horren abantailak aztertuko ditu eta Frantzian oso hedatuta dagoela azalduko du. Bestetik, Prisma Global, Uría&Menéndez, SLK, Bartolome&Briones, Abydos eta CGAE enpresetako ordezkariek enpresen eremuko gatazken konponbidean daukaten esperientziaren berri eman dute, jardunbide egokien adibide gisa.

(JARDUNALDIAREN EGITARAUA, ERANTSITAKO DOKUMENTUAN)
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)