Berriak Osasuna
Eu

Gorantz egin du berriz gripearen eraginak urtarrilaren hirugarren astean

2014.eko urtarrilak 22

Eragin-tasa 100.000 biztanleko 340 kasukoa da, aurreko astean baino handiagoa, hain zuzen ere.

Gripearen jarduerak gora egin du berriz Euskadin urtarrilaren hirugarren astean, eta 100.000 biztanleko 340 kasutara iritsi da. Beste urteetan sasoi honetan erregistratutakoen oso azpitik daude balio horiek; izan ere, 100.000 biztanleko 600 eta 800 kasu ere neurtu izan dira.

Urtero sasoiko gripeari erreparatzeko aktibatzen den EAEko mediku jagoleen sareak egiaztatu du berriz ere 0-4 eta 5-14 urte bitarteko adin-tarteko biztanleei eragin diela gehiena. Gabonen osteko egun hauetan urtero hautematen da fenomeno hau, haurrak eskoletara itzultzearekin batera.

Halaber hauteman da eraginak zertxobait behera egin duela 65 urtetik gorako biztanleen artean, eta zertxobait gora, berriz, 15 eta 64 urte bitartekoen artean.

Egin diren analisi mikrobiologikoei dagokienez, bestalde, dabilen birusa A motakoa dela berretsi da berriro ere, bildutako laginen % 62an agertu denez. Horien anduia aurten eskaini den gripe-txertoan jasota dago.

Osasun Sailak eta Osakidetzak berriz ere azpimarratu dute gripearen aurkako txertoa urtero eta garai egokian hartzeak zenbateko garrantzia duen. Udazkenean hartu behar da, izan ere, sasoiko gripea agertu aurretik.

Halaber, sasoia hasi denetik, gripeak ez du pertsona sanorik hil EAEn. Haatik, aurreko urteetan bezala, lehendik gaixotasun larriren bat zuten lagun txertatu gabeen artean bai, izan da heriotzarik gripearen ondorioz.

Izan ere, immunodepresioak eragindako bi lagun hil dira azken egunetan Osakidetzaren ospitaleetan; kasu batean minbiziaren kontrako tratamenduaren ondorioz eta bestean giltzurrunetako asaldura larri baten ondorioz.

Europa osoan aurreikusita dagoen eta patologia larriak dituzten gaixoen kasuan handiagoa izan  ohi den % 0,1eko heriotza-tasaren barruan kokatzen da egoera hori.

Lehen mailako arreta

Urteko lehen astean 5.023 kontsulta egin dira Osakidetzan gripearen sintomak zirela-eta; aurreko astean baino % 28 gehiago, hain zuzen ere. Lurraldeka, oso antzekoak dira zifrak. Tasa handiena Bizkaian hauteman da (236 kasu/100.000 biztanle), hurrena Gipuzkoan (227) eta azkenik Araban (222).

Azkenik, Osasun Sailak eta Osakidetzak emandako gomendioa aipatu behar dugu: gripea dela-eta osasun-arreta behar izanez gero, familiako medikuarenera jotzea eta haren aginduak jarraitzea.

Kasuen kopuruaren gorakada ikusita, Osakidetzak, kasuen segimendua egiten baitu, prest dauka ospitaletako azpiegitura guztia gripeak eragindako konplikazio larrienak dakartzaten gaixoak artatzeko.

Gomendioak

Gripea gaixotasun birikoa da, hori dela-eta ez da antibiotikoekin tratatu behar, alferrik baita. Oso kasu puntualetan bakarrik, eta, nola ez, medikuaren aginduz, hartu behar dira antibiotikoak.

Gaixotasun hori desatsegina da, baina onbera biztanle osasuntsuengan, eta ez du berezko tratamendu berezirik. Atseden hartzea eta likido eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko; horiexek dira gomendio nagusiak. Sukarra luzatzen bada, medikuarekin hitz egin beharko dugu.

Transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, ezinbestekoa da prebentzio-neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

Gasteizen, 2014ko urtarrilaren 21ean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau