Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Haurreskolak Partzuergoak hamar urte bete ditu

2014.eko urtarrilak 22

Cristina Uriarte sailburuak haur-eskolen izaera pluralista eta integratzailea nabarmendu du urteurreneko ospakizunean

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua buru zela, Haurreskolak Partzuergoaren hamargarren urteurreneko ospakizuna egin da gaur goizez, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Hamar urteko historia jasotzen duen bideo laburra ikusi ondoren, omenaldia egin zaie Partzuergoko kide diren udalei, hamarkada honetan zehar Batzar Nagusian ordezkaritza izan duten zazpi kideri oroigarriak emanez. Ekitaldian, Cristina Uriartek haur eskolen izaera pluralista eta integratzailea nabarmendu ditu haur eskolen nortasun-ikur gisa. “Gure haur eskola eredua pluralista eta librea da, aniztasunari irekia, eta diferentziak errespetuz eta tolerantziaz hartzen dituena. Integratzailea eta konpentsatzailea da, pertsonen arteko berdintasunei eta errealizazio aukerei zuzendua”, gaineratu du.

Halaber, haur eskolen bereizgarriak ere aipagai izan ditu Cristina Uriartek bere hitzaldian. “Euskara komunikatzeko eta ikasteko hizkuntza moduan erabiltzeko beharrezkoak diren baldintzak sustatu eta bultzatzen dira haur eskoletan” esan du, eta “familiekin lankidetzan dihardugu, haurren onenaren bila beti”.
Haurreskolak Partzuergoaren eskaintzaren berri eman eta daturik esanguratsuenak aurkeztu ondoren, “euskal gizartean oso egoera pozgarrian gaudela” azaldu du sailburuak, “adin honetan (0-2 urte) ematen den eskaintza publikoa kontuan hartuz, bai Europako herrialdeekin eta beste autonomia erkidegoekin alderatuta”.

Gaur goizeko ekitaldian, gainera, Angeles Iztueta sailburu ohiak ere parte hartu du, bera baitzen Hezkuntza sailburu Haurreskolak Partzuergoa sortu zenean. Hamargarren urteurreneko ospakizunak amaitutakoan, Haurreskolak Partzuergoaren Batzar Nagusiak jarraitu du, eguneko gai-zerrendarekin aurrera.
Haurreskolak Partzuergoa, datutan:

  • 228 haur eskola daude egun Haurreskolak Partzuergoan, EAEko 176 udalerritan. Orotara 8.111 plaza eskaintzen ditu, 0-2 urte adin tartean. 2014ko irailean 8.200 plaza eskainiko ditu.
  • Haurreskolak Partzuergoaren eskaintzak 5.500 haur eta familiari ematen die erantzuna ikasturte honetan.
  • 1.200 hezitzaile ari dira lanean bertan (eta beste 100 ordezko).
  • 10 urteko ibilbidean, 35.000 haur inguru pasatu dira Haurreskolak 
Partzuergotik.
  • Haurreskolak Partzuergoa 2003ko abenduan sortu zen, Eusko Jaurlaritzako 
Hezkuntza eta Nekazaritza sailak eta EAEko 31 udal partaide zirela.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)