Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzaren promozio berri bat deitu dute

2010.eko maiatzak 02

Datorren ostegunean, maiatzaren 6an, Ertzaintzaren 23. Promozioa izango denaren deialdia publikatuko dute EHAAn. Guztira, 140 plaza deituko dituzte; erdiak emakumezkoentzat izango dira. Aurrekoekin alderatuta, deialdi honetan nobedade nagusi bat izango da: 35 urtera zabalduko dute sartzeko gehienezko adina. Aldaketa hori duela gutxi onartu zuten, bai Ertzaintzan bai Udaltzaingoetan sartzeko.

Datorren ostegunean hasiko da Ertzaintzaren 23. Promozioan sartzeko deialdiaren epea. 140 lanpostu deituko dituzte, azken hilabeteotan plantilla ofizialean hutsik geratu diren plazak betetzeko, eta, hartara, plantilla une oro 8.000 agentez osatuta egon dadin, Ares sailburuak Legealdiaren hasieran iragarri bezala. Gainera, deitutako lanpostuen kopurua handitu liteke, aukeratze-prozesuan eta oinarrizko ikastaroan plaza gehiago hutsik geratuz gero.

Hogeita hamabost urte

23. Promozioan, 35 urtera (bete gabe) zabalduko dute sartzeko adina; hortaz, aldaketa hau indarrean izango duen lehenbiziko promozioa izango da 23.ena, apirilaren 20an EAEko Polizietan sartzeko Araudia zehazten duen Dekretuan Gobernu Kontseiluak onartutako aldaketa betez. Aldaketarekin, EAEn polizia-funtzionario izateko gizon-emakume askok orain arte zuten muga garrantzitsu bat gaindituko da.
Azken promozioetan bezala, oraingoan deituko diren 140 lanpostuen erdiak (70) emakumezkoentzat izango dira. Plaza-erreserba horrekin, Herrizaingo Sailak Berdintasun Legean jasotakoa bete egiten du; hau da, bai gizonek bai emakumeek Administrazioaren plantilletan sartzeko aukera berbera izan dezaten bermatzea, Ertzaintzan dagoen desoreka (gizonezkoen kopurua askoz handiagoa baita) konpentsatzea eta emakumezko izatea nahitaezkoa den polizia-lanak egin ahal izateko emakumezko agenteen kopurua nahikoa izatea.
Sartzeko bete behar diren gainerako baldintzak aurreko deialdietako antzekoak izango dira. Horien artean, esaterako, honakoak daude: 18 urte baino gehiago izatea, Espainiako nazionalitatea izatea eta, gutxienez, eskola-graduatu mailako titulua izatea.

Aukeratze-prozesua

Aukeratze-prozesuan parte hartu ahal izateko izen-ematea Internet bidez egin ahal izango dute hautagaiek. Horri esker, eragozpenak sinplifikatu eta izapideak eta epeak nabarmen azkartuko dira. 
Izen-ematea bete ondoren, hautagaiak aukeratze-prozesuan sartuko dira. Prozesuak aurkeztutakoen ezagutza, adimen-gaitasuna eta nortasuna aztertzeko proba kanporatzaileak izango ditu, baita euren egoera fisikoa neurtzeko ariketak ere. Proba hauek gainditu ostean, hautagaiak aukeratze-prozesuaren azken fasean sartuko dira, eta proba psikoteknikoak gainditu beharko dituzte bertan.
Proba guztiak gainditzen dituzten ikasleak Euskadiko Poliziaren Ikastegian sartuko dira, Arkautin, eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroari ekingo diote.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko