Berriak Osasuna
Eu

Osasun Planak politika publiko guztietan ageri den zeharkako gai bat bihurtu nahi du osasuna

2014.eko urtarrilak 17

Jon Darpón sailburuak adierazi duenez, 2013-2020ko Osasun Planak bidezko eta kalitatezko osasun-sistema bat indartu nahi du, eta politika publiko guztietara eraman. Planaren berritasunetako bat da azken hori; hau da, osasunaren banako eta taldeko erantzukizuna. Lehendakaria bera buru izango den «jarraitzeko eta ebaluatzeko» batzorde bat sortuko dela ere aurreratu du Darpónek. Hainbat herrialde aurreratutako (Danimarka, Finlandia, Norvegia edo Suedia, besteak beste) osasun-politikak erreferentziatzat hartzen ditu planak.

Jon Darpón Osasuneko sailburua Onda Vasca irratiaren Euskadi Hoy programan elkarrizketatu dute gaur goizean. Gaurkotasun handiko hainbat gai jorratu ditu elkarrizketan, hala nola gripea, Kontsumobidek Eroskiren mendeko ekarpenek kaltetutakoen gaian izandako bitartekaritza, itxarote-zerrendak, eta abar.

Kontsumobidek Eroskiren mendeko finantza-ekarpenen gainean izandako bitartekaritzari dagokionez, finantza-erakundeen eta Eroskiren arteko akordioak gatazka «konpontzea» dakarrela azaldu du Darpón sailburuak.  Akordio horri esker, oraingo finantza-produktua hasieran eskuratutako zenbatekoaren % 15en truke aldatu ahal izango dute kaltetuek «hala nahi badute». Halaber, oraingo betiko bonoa hamabi urterako mugaeguna duen beste batez aldatzea ere jasotzen da akordioan mendeko finantza-ekarpenen balioaren % 55erako. Azken horren tipoa urteko Euriborra + % 3 izango da, 12 urtez. Hala, lor zitekeen «akordiorik onena» dela nabarmendu du sailburuak, eta, hitzarmena borondatezkoa denez, kaltetuek orain dituzten hiru aukerak azaldu ditu: batetik, oraingo bonoari eustea; bestetik, akordioaren ondoriozko trukea onartzea, eta azkenik, bide judizialera jotzea.

Asteotan nabarmen egin dute gora gripe kasuek; hori dela-eta, gaixotasunari «garrantzia kendu» nahi izan gabe, egoera hori ez dela «ezohikoa» berriro esan du sailburuak. Txertoak A gripea aurreikusten eta barnean hartzen du, sailburuaren iritziz. Birusa Gabonetan agertzen denean, berau errazago hedatzen dela azaldu du Darpónek. Sailak ez dauka pertsona «osasuntsuen» heriotzak izan diren berririk. Dena den, azterlan mediko guztietan adinean aurrera doazen zein minbizia edota bihotz edo giltzurrunetako gaixotasun bat duten pertsonen artean % 3 eta 5 arteko heriotza-tasa dagoela azaldu du Darpónek.

Azken talde horrek 30 egun zain egon beharko du gehienez osasun-sisteman artatu ditzaten, sailburuaren arabera. Itxarote-zerrenden gaia «lehentasunezko helburu» bat da Eusko Jaurlaritzarentzat, gizartearen kezka nagusietako bat baita. Horregatik, «zain dauden pertsonen batez besteko itxaronaldia 60 egun baino txikiagoa izatea» dutela helburutzat azaldu du Darpónek, minbizia edo bihotzeko gaixotasunak dituzten pertsonei dagokienez izan ezik, 30 egunekoa izango baitute horiek.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @carlosrojas0611
    2014.eko urtarrilak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] El #PlandeSalud busca hacer de la salud un asunto transversal presente en todas las políticas públicas ► http://t.co/

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)