
Eusko Jaurlaritzak Belfast bisitatu du, Bakeari eta Bizikidetzari bururzko esperientziak trukatzeko
Euskal ordezkariak Europako Programa Berezien Erakundearen-SEUPBren arduradun nagusi Pat Colganekin, Belfaseko alkatearekin, biktimak artatzeko erakundeekin eta hezkuntza-arloko erakundeekin bildu dira.
Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat, Bake eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusi Jonan Fernandezek, Biktima eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok eta Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antonek osatua, eta Gazteriaren Euskal Kontseiluaren lehendakari Itsaso Andueza Belfasten daude egunotan, SEUPBrekin (Special EU Programmes Body - Europako Programa Berezien Erakundea) batera, Ipar Irlandako hainbat erakunderekin eta tokiko erakunderekin bilerak egiteko. Bileron helburua, EB Ipar Irlandan gauzatzen ari den Peace programa dela eta, Bake eta Bizikidetza gaietan abian jarritako programak ezagutzea da.
Bidaiari esker, Ipar Irlandan martxan dauden ekimen zehatzak ezagutu nahi dira, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Bake Planaren harira ezarriko dituenak ezagutaraziz.
Hain juxtu ere, aztertutako arloak hezkuntza, gazteria, herritarren parte-hartzea, bizikidetzarako udal-politikak eta biktimen aitortza izango dira.
Bilera horien artean dago, esaterako, gaur goizean Jonan Fernandezek Belfasteko alkate Máirtín Ó Muilleoirrekin izan duena. Ó Muilleoirrek interes handia agertu du idazkari nagusiak aurkeztu dion Bake eta Bizikidetza Planari buruz. Gainera, erakunde bien artean elkarlana bultzatzeko prestasuna adierazi du. Bestalde, Mikel Anton, Monika Hernando eta Itsaso Anduez biktimen arretarako elkarteekin eta hezkuntzako elkarteekin bildu dira.
Eusko Jaurlaritzak oso positibotzat jo ditu Belfasten izandako bilerak. Jonan Fernandezen iritzian, «oso aberasgarriak» izan dira bilerok, eta lankidetzarako esparruak sortu daitezkeela adierazi du. «Eusko Jaurlaritza eta, oro har, euskal gizartea aurrerapauso positiboak eman dituzte bakea eta bizikidetza eraikitzeko. Bide hori osatzeko, biolentzia pairatu duten beste herrialdeetako esperientziei irekita egon behar gara», esan du Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak. «Ipar Irlanda eta Euskadi bi errealitate desberdin dira, fase desberdinetan daudenak, baina, hain zuzen ere horregatik, ezagutzak eta esperientziak trukatzea aberasgarria da, Euskadin txertatu ditzakegun ekimenak aztertu ditzakegulako».
Argazkiak:
1. Jonan Fernandezek Belfasteko Udaletxeko bisita liburua sinatu du
2. Jonan Fernandez Belfasteko alkate Mairtin Ó Muilleoir eta SEUPBen Zuzendari Orokorra pat Colgan
-
2014-01-16
Comentario de Twitter:
RT @Irekia_News: El Gobierno Vasco visita Belfast para intercambiar experiencias en materia de Paz y Convivencia. http://t.co/hw4p57YwSA