Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak erabaki du zerga berriak ituntzea

2014.eko urtarrilak 16

Gainera, Arbitraje Batzordearen osaketa berrituko da

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak, Euskadiren eta Estatuaren arteko zerga- eta finantza-harremanak arautzen dituen organoak, zerga arloko hainbat hitzarmen egin ditu Kontzertu Ekonomikoa eguneratzeko. Horretarako, Estatuko Administrazioak azken urteetan onartutako zerga-figurak txertatu dira.

Bestalde, Batzorde Mistoak bi aldeek aurretiaz lortutako aurrekontu-egonkortasunerako aldebiko akordioak berretsi ditu. Halaber, Euskadiren eta Estatuaren arteko Kontzertu Ekonomikoan aurreikusitako Arbitraje Batzordearen osaketa aldatzea onartu du.

1.- Zerga berriak ituntzea

Hitzartutako zerga-arloko akordioen bidez, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak ituntzea ebatzi du; hau da, Kontzertuaren sisteman sartzea Estatuak onartutako zenbait zerga. Ondorioz, aurrerantzean, foru-aldundien esku egongo da zerga berri horien ordainarazpena, kudeaketa eta bilketa.

Hauek dira itundutako zergak:

1.- Loteria eta apustu jakin batzuen sarien inguruko karga berezia PFEZaren esparruan.- Loteria eta apustu jakin batzuen sarien gaineko karga bereziari dagozkion atxikipenak itundu dira. Karga hori 2013ko urtarrilaren 1etik indarrean dago. Araudiari jarraiki, estatuko administrazioak edo lurraldea dela-eta eskumena duen foru-aldundiak eskatuko ditu, sariaren hartzaileak ohiko bizilekua edo helbide fiskala lurralde komunean edo euskal lurraldean duen.

Atxikipen horientzako zerga-tasa sariaren zenbatekoaren % 20 da egun. Kargatik salbuetsita daude beren zenbateko osoa 2.500 euro edo gutxiago den sariak.

2.- Bankuek ordaindu beharreko kreditu-erakundeen gordailuen gaineko zerga.- Kreditu-entitateen gordailuen gaineko zerga itundu da, 2013ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoena.  Bankuak suspetzen dituen zerga hau estatuko administrazioari edo lurraldea dela-eta eskumena duen foru-aldundiari egokituko zaio ordainaraztea, ezarleen funtsak dauden bankuen egoitza zentrala edo sukurtsalak lurralde komunean edo euskal lurraldean dauden.

Foru-aldundiek zerga horren karga-tasak ezarri ahalko dituzte, mugen barruan eta lurralde komunean une bakoitzean indarrean dauden baldintzetan.

3.- Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga.- Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga itundu da, 2013ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoena eta sistema elektrikoan energia elektrikoa ekoizteko eta bertara energia elektrikoa gehitzeko jarduerak zergapetzen dituena. Estatuko administrazioari edo lurraldea dela-eta eskumena duen foru-aldundiari egokituko zaio ordainaraztea, energia elektrikoa ekoizteko instalazioak lurralde komunean edo euskal lurraldean dauden.

Zerga horren karga-tasa, gaur egun, elektrizitatea ekoizten duten enpresek energia elektrikoaren sistema elektrikoan ekoizten eta gehitzen duten zenbateko osoaren % 7 da.

Gai horretan adostutako akordioak zehazten duenez, Euskadik finantza-konpentsazioa emango dio estatuari, bi hauen artean dagoen diferentziaren eraginez: energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren bilketa Euskadin, eta kupoaren zenbatekoan gertatutako aldakuntza, aipatutako zergaren bilketa dela-eta estatuaren sarrera-aurrekontuan jasotako sarrerak gehitzearen ondoriozkoa. Estatuko sektore elektrikoari buruzko legerian aurreikusitakoarekin bat, finantza-konpentsazio hori bakarrik desagertuko da, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren ondoriozko sarrerak sistema elektrikoaren kostuak finantzatzera bideratzen ez direnean.

4.- Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga eta erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga.- Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako

erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga eta erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga itundu dira, 2013ko urtarrilaren 1etik indarrean daudenak. Estatuko administrazioari edo lurraldea dela-eta eskumena duen foru-aldundiari egokituko zaio ordainaraztea, erregai nuklear agortua eta/edo hondakin erradioaktiboak ekoizten eta/edo biltegiratzen diren instalazioak lurralde komunean edo euskal lurraldean dauden.

Zergen karga-tasak zerga horiek arautzen dituen araudi komunean ezarritakoak dira. Bi zerga horiek ez dira sortzen Euskadin, ez baitago erregai nuklearrak ekoizteko ez hondakin erradiaktiboak biltegiratzeko instalaziorik. Hala ere, etorkizunean zer gerta ere, Kontzertu Ekonomikoaren Legearen testu artikulatuan gehitu dira.

5.- Hidrokarburoei buruzko zerga berezia.- Zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zerga desagertu ondoren, eta hidrokarburoen gaineko zerga berezia berritu ostean, 2013ko urtarrilaren 1etik, alor horretan beharrezkoak diren arau-egokitzapenak gehitu dira Kontzertu Ekonomikora.

Hala, foru-aldundiek zerga horren karga-tasa ezarri ahalko dute lurralde komunean une bakoitzean indarrean dauden baldintzen barruan.

6.- Berotegi efektuko gas fluoratuen gaineko zerga.- Berotegi efektuko gas fluoratuen gaineko zerga itundu da, 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean jarriko dena. Estatuko administrazioari edo lurraldea dela-eta eskumena duen foru-aldundiari egokituko zaio ordainaraztea, zergaren xede diren produktuen amaierako kontsumitzaileek lurralde komunean edo euskal lurraldean dauden instalazioetan, ekipamenduetan edo gailuetan (adibidez: aire egokitukoak, esaterako) erabiltzen dituzten.

Zergaren karga-tasak ingurumen-fiskalitateari buruzko araudi komunean ezarritakoak dira.

7.- Joko-jardueren gaineko zerga.- Joko-jardueren gaineko zerga itundu da, 2011ko maiatzaren 29tik indarrean dagoena. Estatu mailan modu elektronikoan, informatikoan edo telematikoan egiten diren jokoak, zozketak, lehiaketak eta apustuak zergapetzen ditu.

Zerga honek zergapetzen dituen joko-jarduerak antolatzen dituzten enpresek, operadoreek eta erakundeek foru-aldundietan, estatuko administrazioan edo biotan ordaindu beharko dituzte zergak, helbide fiskala non duten gorabehera, zerga-ekitaldian zehar lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenarekiko proportzioan.

Zergaren karga-tasak jokoari buruzko araudi komunean ezarritakoak dira. Hala ere, zergaren bidez zergapetutako jarduera gauzatzen duten operadoreek, antolatzaileek edo hura garatzen duten bestelakoek egoitza fiskala Euskadin dutenean, lurralde historikoetako erakunde eskudunek ezarritako zerga-tasak handitu ahalko dituzte, gehienez ere % 20ra arte.

Zergak ituntzearen ondoriozko administrazioen arteko finantza-doikuntzen gaineko akordioak

Adostu den zerga-figuren itunaren kudeaketak hainbat doikuntza egitea eskatzen du euskal erakundeen eta estatuko administrazioaren arteko finantza-fluxuetan.

Hala, alde batetik, honako zenbateko hauek jarriko ditu estatuko administrazioak Euskadiren esku:

- Joko-jardueren gaineko zergaren bilketa, zerga hori indarrean jarri zenetik (2011ko maiatza) foru-aldundiek bere ordainarazpena eta bilketa benetan gain hartu zituzten arte eskatu beharrekoa, jada ordaindutako zenbatekoak kenduta.

- Loteria eta apustu jakin batzuen sarien gaineko karga bereziari dagozkion atxikipenen bilketa, karga hori indarrean sartu zenetik (2013ko urtarrila) foru-aldundiek bere ordainarazpena eta bilketa benetan gain hartu zituzten arte foru-aldundietan ordaindu beharko luketena.

Eta, bestetik, honako zenbateko hauek jarriko ditu Euskadik estatuko administrazioaren esku:

- 2013ko ekitaldian foru-aldundiek hurrengo zergengatik lortutako sarrerak: Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga, eta erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga.

Araudia indargabetzeko eta errekurtsoa kentzeko akordioa

Adostutako zerga-itunaren esparruan, Bizkaiko Foru Aldundiak otsailaren 26ko 2/2013 Foru Dekretu Arauemailea indargabetzeko konpromisoa hartu du, zerga berrien aplikazioa zehazten duena Bizkaiko lurralde historikoan. Bestetik, estatuko administrazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren aipatu dekretuaren aurka jarritako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa kentzeko konpromisoa hartu du.

2.- Beste akordio batzuk

Adierazi beharra dago ere beste akordio batzuk lortu ditugula, aurrekontu-egonkortasunaren esparruan eta Kontzertu Ekonomikoaren Arbitraje Batzordea aldatu eta osatzeari dagokienez, alegia.

Hona hemen akordiook:

1.- Aurrekontu egonkortasuna.- Kontzertu Ekonomikoaren Legean Euskadi eta estatuaren artean ezarritakoa aplikatuz, aurrekontu-egonkortasunaren inguruko informazioa trukatzeko prozedurak berrituko direla adostu da; baina, horretaz aparte, hurrengo bileran, aurreko ekitaldietan horren inguruan izenpetutako alde biko akordioak berretsiko ditu Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak, zehazki, 2013ko irailaren 12an lortutakoak, 2013ko ekitaldirako eta 2014-2016 aldirako defizit- eta zorra-helburuak xede zituztenak.

2.- Arbitraje Batzordea.- Era berean, Kontzertu Ekonomikoaren Legean aurreikusitako Euskadiren eta estatuaren arteko Arbitraje Batzordea aldatzea adostu da; hala, izendapenaren sei urteak igarotakoan, beren karguetan berriro hautatuak izateko aukera edukiko dute kideek; lehen, ordea, agintaldi bakarra bete zezaketen.

Beste alde batetik, zerga edo ogasunaren alorrean hamabost urte baino gehiagoko ibilbide profesionala duten hiru aditu entzutetsu Arbitraje Batzordeko kide gisa izendatzea proposatu da. Hauek dira:

- Gabriel Casado Ollero jauna.

- Isaac Merino Jara jauna.

- Francisco Javier Muguruza Arrese jauna.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EmpreSEA
    2014.eko urtarrilak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: La Comisión Mixta del Concierto Económico acuerda la concertación de nuevos impuestos. http://t.co/1qLuRGWsQG

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)