Berriak Lehendakaritza
Eu

Osasun enpresa bati emandako baimena aztertzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak fiskaltzari

2010.eko apirilak 30

 

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, joan den astearteko bilkuran, Euskal Autonomia ·Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Fiskaltzari bere sasoian Gestión de Servicios Sanitarios XXI SL enpresari emandako funtzionamendurako osasun baimenaren inguruko administrazio-jardunak bidaltzea erabaki zuen.

 Osasun Sailak zenbait osasun-zerbitzuren kontratazioa argitzeko ireki zuen informazio-espdientean ondorioztatu denez, Osasun Saileko Bizkaiko lurralde-zuzendariak, 2006ko ekainaren 9an, "legez ezarritako prozeduratik kanpo", funtzionamendurako baimen bat sinatu zuen enpresa horrentzat. Egun horretan, Gestión de Servicios Sanitarios SL enpresak funtzionamendurako osasun baimena eskatu zuen eta "egun horretan bertan, eskabidearekin hasitako espedientean ezein izapiderik egin gabe" Osasun Saileko Bizkaiko lurralde-zuzendariak "ebazpena eman zuen, instalaziorako eta funtzionamendurako osasun baimena emanez". Egun batzuk geroago, ekainaren 26an, Gestión de Servicios Sanitarios XXI enpresa itxaron-zerrendan zeuden pazienteen egoerari aurre egiteko kontratu baten esleipendun izan zen, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kontrako txostena eman arren.

 Azken Gobernu Kontseiluaren bilkuran onartutako txostenean adierazten denez, ez 2006ko ekainaren 9an emandako baimena ageri da Osasun Antolamenduaren Sistema Integratuan (OASI), ez baimendutako enpresa ageri da osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduen erregistroan, aginduzkoa izanagatik. Bi arrazoi horiengatik, espedientearen instruktoreak pentsatu zuen "arauz kontra emandako baimenak izan zitzakeen eraginak zehazki eta sakon aztertu behar zirela". Ikertzaileak, halaber, gomendatu zuen "baimen hori eman zuen organoaren titularrak izan zezakeen erantzukizuna ikertzen hasi behar zela."

Justizia eta Herri Administrazio Sailak 2009ko abenduaren 18an emandako txosten baten jasotako ondorioaren arabera, ezagun diren egitateak kontuan hartuz, prebarikazioaren aztarnak ageri dira; Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak gai horren gainean emango duen txosten "aginduzko eta lotesleak" zer esango duen ikusi behar. Organo horrek 2010eko martxoaren 10ean eman zuen gai horri buruzko irizpena. Bertan erabat deusez jo zuen 2006ko ekainaren 9ko ebazpena, "legez ezarritako prozedura alde batera utzirik eman izanagatik".

Osasun Sailaren jardunez eta Gobernu Kontseiluak iragan asteartean onartutako erabakiaz gain, Eusko Legebiltzarrak, osoko bilkuran, ez- legezko proposamena onartu zuen 2009ko irailaren 24an, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatuz iker zezala eta irizpena eman zezala Gestión de Servicios XXI enpresari baimena emateko prozedurari" buruz, araututako administrazio-prozedura huts egin ote zenez ebazteko. Eskatutako txostena ez da egin oraindik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan