Berriak
Eu

URAk aurten lizitatuko du Faduraren hobetze hidraulikorako proiektua

2014.eko urtarrilak 16

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzari atxikirik dagoen erakundea, 2014ko urtarrilaren 31rako izango du Fadurako eremuaren hobekuntza hidraulikorako behin betiko proiektua. Horrela iragarri dute gaur goizean prentsaurreko batean erakunde honen zuzendariak, Iñigo Ansolak, eta Ingurumen sailburuordeak Josean Galerak. Proiektuaren izapidetze administratiboa - "Getxon Gobela ibaiaren egokitze hidrauliko eta ingurumena hobetzeko" proiektuaren 4 Fasea izango dena - 2014. urtean zehar egingo da. Izapidetze horrek barne hartzen ditu informazio publikorako epea, ingurumen izapideak eta behin betiko onarpena. Horren bestez, proiektuaren lizitazioa 2014ko azken hiruhilabetekoan egin ahal izango da, eta obrak 2015ko lehenengo hiruhilabetekorako hasi litezke.

Proiektuan zehazten diren lan hauek Uribe Kosta zubitik eta ,uretan gora, Salsidun jada eginak diren lanen hasieraraino doan tartean egingo dira. "Beraz, Gobelako ibilguan 775 metrotan zehar egingo diren lanak, arro osoan ur hustuketa handituko dute" adierazi du Ansolak.

URAko zuzendariak azaldu duenez, "lan hauen xedea da , Faduran Gobela ibaiaren aldameneko eremuak hustea, ur hazkundeari lekua emango dion albo-plataforma bat sortzeko. Hau da, ur handiko sasoietarako ibaiaren ur hustuketarako ahalmena handitzen dugu Faduran, urak tokia izan dezan ur goraldiek kalterik sortuko ez duten eremuetan zabaltzeko. Horretarako, Fadurako zubi eta pasabideak eraitsi eta ordezkatu beharko dira."

Ansolaren aburuz, "Fadurako lan hauek ahalmen hidraulikoaren hobekuntza nabarmena ekarriko dute Gobelaren arro osoan". Izan ere, lan hauek "Gobela ibaiaren egokitze hidrauliko eta ingurumena berreskuratzeko proiektua" deritzonaren IV fasean kokatzen dira. Proiektuak bilatzen du aurre egitea arro honen 4 kilometrotan sarri ematen diren ur goraldiei.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak gogora ekarri nahi izan du Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren konpromisoa Gobela arroko segurtasunarekin. Horren adibide gisa jarri ditu "azken 20 urteetan ur goraldiei aurre egiteko Getxon egindako ekintza sorta: 94ean egindako Cristobal Valdeseko gainezkabide berria, Etxezuri-Larranazubi edota Salsidun egindako hobekuntza hidraulikorako lanak. Eta, nola ez: ur hustuketa ahalmena zeharo hobetuko duen eta orain abian diren Errekagane Inguruko lanak (azken eremu horretan bakarrik 14 milioitik gorako inbertsioarekin)".

Ansolak adierazi du IV. Faseko lan hauek abian izango direla 2015ean: "prozedura administratiboaren mugarriak pasatu ondoren, IV. faseko lan hauek egiten hasiko gara 2015eko lehen hiruhilabetekoan. Lanek 12 hilabeteko iraupena izango dute, eta, horretarako, 4,1 miloi eurotako inbertsioa egingo dugu." Haren hitzetan, EAEn uholde kudeaketan egin beharreko ekintzarik garrantzitsuenetarikoa da Gobelaren Egokitze eta Hobetze hidraulikorako proiektu globala.

Bere aldetik, Getxoko alkate Imanol Landak azpimarratu du "albiste paregabe baten aurrean aurkitzen gara, lan hauekin URAk Gobelarako duen proiektuaren IV. faseak biribiltzen dituelako; eta, hain zuzen ere, uholdeak jasateko arrisku gehien duten hiri-eremuetan. Urrats erabakigarri bat da denon lasaitasun eta segurtasunerako".

Galeraren iritziz, "Fadurako IV. Faseari dagozkion bideratze lan hauek EAEn uholdeen kudeaketaren arloan egin beharreko lan garrantzitsuen artean dago. Horren harira gogoratu behar da, URAk - beste administrazio batzuekin batera - EAEko Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluazioa (U.A.A.E.) egin zuela 2011an, Uholde Arriskuaren Ebaluazio eta Kudeaketarako Europar Zuzentarauak esandakoari jarraiki. U.A.A.E-k uholdeak pairatzeko arrisku gehien dituzten eremuak definitu zituen. Alegia, zeintzuk diren uholdeak izateko probabilitate handieneko lurraldeak, eta zeintzuetan izango diren eragin esanguratsuenak pertsona, ondasun edota azpiegiturentzat".

Sailburuaren esanetan, "azterketa horrek argi utzi zuen gure lurraldearen zaurgarritasuna uholde arriskuari dagokionez: 100 Uholde-Arrisku Handiko Eremu (U.A.H.E.) zehaztu ziren EAE mailan, gehienak EAEko kantauriar isurialdean. Horietako bat da, hain zuzen ere, Gobelareko ingurua, Getxon, non, orain Faduran ere bideratze lanak egingo diren". Faduran egingo diren lanen proiektua ezagutarazteko, URAko webgunean, URAko Mendabaldeko Kantauriar Arroetako Bulegoan eta Getxoko Udalena izango dira eskuragarri.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)