Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2014 programan parte hartzeko epea ireki da

2014.eko urtarrilak 14

 

  • Izen-ematea Internet bidez egin daiteke, otsailaren 24ra arte
  • Uztailetik urrira bitartean 100 gazte murgilduko dira lankidetza programetan Amerika, Afrika eta Asian

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendari Jon Redondok 2014ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa aurkeztu du gaur goizez Bilbon egin den prentsaurrekoan. Programan izena emateko epea zabalik da dagoeneko, eta halaxe jarraituko du otsailaren 24ra arte. Ehun gazte, 20 eta 30 urte bitarteko gizon-emakumeak, behar dira 2014. urtean hegoaldeko herriekiko lankidetza egitasmo honetan parte hartzeko. Lankidetza-programa honen helburua hirugarren mundurekin garapen ekintzetan kolaboratzea da, eta horretarako euskal gazteek Amerika, Afrika eta Asiako hainbat herritan burutuko diren garapenerako ekitaldietan lan egingo dute. 300.000 euroko aurrekontua bideratu du Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak aurtengo Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako, iazko diru-kopuru berbera.

Aurkezpenean, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzarentzat ekimen honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Jon Redondok, eta "gure Zuzendaritzako programa kuttuna" dela hau azaldu du, ez bakarrik 20 urtetik gorako ibilbidea duelako, baizik eta "gazte askorentzat Gobernuz Kanpoko Erakundeen eremuan barneratzeko lehen aukera delako, eta lankidetza bidetan murgiltzeko lehen pausoa izaten delako" ere bai. "Gazte hauek munduko beste errealitate batzuk bertatik bertara ezagutzen dituzte programa honi esker -azaldu du- eta Euskadin daukaten bizitza kalitatea hobeto baloratzen ere ikasten dute, kontraste hori ezagutu ondoren" 

Euskadiko Gazteak Lankidetzan egitarauan izen-ematea Interneten egin daiteke oso erraz: www.gazteaukera.euskadi.net web orrian, formulario elektroniko baten bitartez, Lankidetza atalean. Internet ez dutenek, aldiz, KZguneetara jo dezakete, bertatik egin ahal izateko..

Egitasmo hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria  eta Kirol Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bultzatzen dute eta hegoaldeko herrietan egiten diren ekintzak bertako gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen dituzte.

Irten zure burbuilatik! da aurtengo Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren kartelaren leloa. Gazteaukerak lehiaketa abian jarri zuen aurtengo kartelaren irudia eta leloa gazte batek egina izan zedin. Aritz García de Cortázar Arriola gasteiztarrak egindako kartela suertatu da garaile. Bere saria, Hego Amerikara joan-etorria egiteko bidaia txartela da. Irabazleari egindako elkarrizketa Gaztaukera web gunean irakur daiteke.(http://gazteaukera.blog.euskadi.net/2014/01/burbuila-moduko-batean-bizi-garela-esango-nuke/)

1993an martxan jarri zenetik, 1.900 gazte inguruk hartu dute parte Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan. Iazko edizioan, boluntario gazteek Amerika, Afrika eta Asiako

15 herrialdetan burutu ziren 44 lankidetza proiektutan hartu zuten parte, hala nola Bolivian, Kolonbian, Ekuadorren, Haitin, Nikaraguan, Perun, Venezuelan, Beninen, Ekuatore Ginean, Hegoafrikan, Ugandan eta Indian.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2014:

Esperientziaren iraupena: hiru hilabete, 2014ko uztailetik urrira arte.

Parte-hartzaileen kopurua: 100 gazte gehienez.

Parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

-2014ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.
-2014ko urtarrilaren 1ean 20 urtetik gora izatea eta 2014ko abenduaren 31ra arte 31 urtetik behera izatea.
-Jarduera egingo den herrialdean erabiltzen den nazioarteko hizkuntza menperatzea.

Eusko Jaurlaritzak zer ordaintzen duen:

-Jarduera egin beharreko herrialdeko GKEarekin elkartu arteko bidaia-gastuak (joan-etorrikoak)
-Bisa.
-Gaixotasun eta istripuetarako asegurua.

Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek zer hartzen duten bere gain:

-Lotarako tokia eta janaria eskaintzea gazteei lankidetza eskaintzen duten herrian;
-Gazteei prestakuntza eskaintzea, lankidetzan aritzera abiatu aurretik.

Hautatutako gazteek bete beharreko konpromisoak:

-Hegoaldeko herrialdean esperientzia hasi aurretik, tutore den GKEak antolatutako prestakuntza fasean parte hartuko du.

-90 euro ordaindu GKEari.

-Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatzea.

-Jarduera egin behar den herrian, esperientzia bukatu arte irautea.

-Osasunari dagokionez emandako aholku guztiak errespetatzea.

-Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztea, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola bete den azalduz eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuz.

-Urteko egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazioa egiteko izango diren jardunaldietan parte hartzea.

-Urte betez, GKEek eta Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egotea.

-Gutxienez, 30 ordu eskaintzea garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreari, bueltan iritsi eta biharamunetik aurrera, 30 eguneko epearen barruan. 

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 14an

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko urtarrilak 25

    Me gustaria participar cn ustedes gracias

  • @IkaslanBizkaia
    2014.eko urtarrilak 15

    Comentario de Twitter:
    Plazo abierto para participar en el programa Juventud Vasca Cooperante 2014 http://t.co/vCB4GZpwaK

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)