Berriak Osasuna
Eu

Politika publikoen emaitzak eta eraginkortasuna berdintasunari, ongizateari eta osasunari dagokienez hobetzeko 146 ekintza aurreikusi ditu Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 Osasun-Planak

2014.eko urtarrilak 17

Jon Darpon sailburuak adierazi duenez, euskal osasun-sistema sendotzeko bide-orria ez ezik, herritarrekiko hitzarmen soziala ere bada Plana.

Danimarka, Finlandia, Norvegia, Suedia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Irlandako osasun-politika aurreratuak hartu ditu Planak eredutzat.

Politika publikoen emaitzak eta eraginkortasuna berdintasunari, ongizateari eta osasunari dagokienez hobetzea da 2013-2020 Osasun Planaren helburu nagusia, zeinak «Osasuna, Pertsonen eskubidea, guztion ardura» lelopean 35 helburu berezi eta 146 ekintza aurreikusi baititu.

Horixe azpimarratu du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darponek, iazko azken gobernu-kontseiluan onetsi zen planaren edukiaren aurkezpen xehean. Osasuna politika sektorial guztietara zabaldu nahi du Jaurlaritzak, sailarteko, erakundearteko eta sektorearteko kontua baita osasuna. Ehundik gora profesional, aditu, gaixo eta erakundek hartu dute parte planaren prestakuntzan, eta osasun publikoaren alorrean tradizio luzea duten herrialdeetako politiken analisian oinarritu dira, aldi berean genero-ikuspegia ere gehitu diotelarik.

Sailburuak adierazi duenez, euskal osasun-sistema sendotzeko bide-orria ez ezik, herritarrekiko hitzarmen soziala ere bada Plana, zeina, aldi berean, Urkullu Lehendakariaren gobernuak osasun-politikekin eta -sistemarekin hartutako konpromisoaren isla baita, euskal gizartearen bizi-kalitatearen eta ongizatearen oinarri. «Funtsezkotzat daukagu osasuna sustatzeko kultura lehenestea eta bizitza osasuntsuaren kultura sustatzea, zer esanik ez erakundeen jardun koordinatuaren bidez, baina horrela ez ezik, pertsonak eragile aktibo, kontzientziatu eta konprometitu moduan inplikatuta ere bai», adierazi du.

Hori dela eta, bost eremu lehenetsitan antolatu da Osasun Plana; bi zeharkakoak eta beste hirurak gizatalde jakin batzuei lotuak-

ZEHARKAKO LEHEN EREMUAren helburua da euskal osasun-sistema ekitatiboa, sendoa eta kalitatekoa izatea, eta osasuna eta osasun-ekitatea politika publiko guztietan txertatzea.

ZEHARKAKO BIGARREN EREMUAren ardatzak dira bizimodu eta inguru osasungarriak, sektoreen arteko elkarlanaren bidez, arlo lokalean eta komunitarioan jardunda. Hala, alor ugaritan proposatzen ditu neurriak: elikadura egokian eta obesitatea prebenitzen, sexu- eta ugalketa-osasunean, tabakismoaren, alkoholismoaren eta antzeko adikzioen prebentzioan, osasun mentala sustatzen, inguruaren kalitatea bermatzen eta osasunak lan-eremuan paira ditzakeen mehatxuak prebenitzen.

Bestalde, 2013-2020 Osasun Planak hiru gizatalde berezi hartu ditu helburu lehenetsitzat:

1.- GAIXOAK Planaren bidez arreta berezia eskaini nahi zaie minbizia, diabetesa, iktusa, infekzio komunitarioak, bihotz-biriketako gaixotasunak, arnasbideetakoak, giltzaduretakoak eta erreuma, asaldu mentala, prebalentzia eskasekoak, adikzioak, Alzheimerren sindromea eta hainbat eta hainbat gaixotasun dituzten pertsonei. Helburua da populazioari eragitea -hartara gizartean zalduen dauden gaixotasunen erikortasuna eta hilkortasuna eta horiek eragiten duten mendekotasuna gutxitzeko- eta, osasun-arazo esanguratsuenei, bereziki kronikoei eta mendekotasuna eragiten dutenei, dagokienez, helburu espezifikoak planteatzea. Adibidez:

  • Minbizia duten pertsonak artatzeko eredu berri bat, arreta integrala eta integratua, pertsonalizatua eta koordinatua eskainiko duen diziplinarteko talde batzuen bidezkoa, sustatzea.
  • Bihotzeko, garuneko hodietako eta sindrome metabolikoari lotutako gaixotasunek eta diabetesak eragindako erikortasuna eta hilkortasuna gutxitzea.
  • BGBK pairatzen duten pertsonen diagnosia, tratamendua eta bizi-kalitatea hobetzea.
  • Gaixotasun mentalen bat duten gaixoei arreta egokia bermatzea.
  • Harreman sexualen bidez kutsatzen diren gaixotasunak urritzea eta GIBa prebenitzen eragitea.
  • Gaixotasun urriek eta bizi-kalitateari nahiz osasun publikoari nabarmen eragiten dioten gaixotasunek jotako pertsonen arreta hobetzea.

2.- ADINEKO PERTSONAK Adineko pertsonak aktibo eta osasuntsu zahartzeko eta beregain atxikitzeko proposamenak egin dira. Esate baterako, adineko pertsonak artatzeko plan bat garatzea eta zainketa beren inguruan bertan jasotzen jarraituko dutela bermatzea.

3.- HAUR, NERABE ETA GAZTEAK Horiek ezin hobeto eta osasuntsu haziko direla bermatzearren eta osasunaren arloko trebetasunak sendotzearren, hartara beren bizitzako fase garrantzitsu horretan erabaki osasungarriak hartzen jakin dezaten. Horretarako, besteak beste, ekintza hauek aurreikusi dira:

  • Haurren osasuna sustatzea esku-hartze integralen bidez, umeak hazten ari diren familiei lagunduta.
  • Osasun-, gizarte- eta hezkuntza-alorreko zerbitzuetan arreta goiztiarraren eredua garatzea eta abiaraztea.
  • Gazteen ohitura osasungarriak bultzatzea eta arrisku-portaerak urritzea.
  • Haurren obesitatea prebenitzeko plan bat bultzatzea.

Proposamen horiez gain beste batzuk ere azpimarratu ditu sailburuak, esanguratsuak izateagatik:

  • Ikerkuntza eta berrikuntza bultzatzea, osasunaren mesederako jakintza sortzeko jarduerak direnez.
  • Erabateko arreta soziosanitarioa eskaintzea, integratua eta pertsonak helburu nagusi dituena.
  • Botiken erabilera egokia eta segurtasun klinikoa ahalik eta handiena izan dadila sustatzea.
  • Erabateko arreta pertsonalizatua eta kalitateko eskaintzea azkenetan dauden eta zainketa aringarria jasotzen ari diren pertsonei eta haien familiei.
  • Osasun alorreko ekintza komunitarioa garatzea eta indartzea, eremu lokaleko eragileek parte hartuta eta horiei emanik protagonismoa.
  • Osasun Eskola garatzea

Jon Darponek nabarmendu duenez, planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko guztizko antolamendu berri bat erabiliko da, bi ikuspegi dituena:

- OSASUNAREN ALDE GOBERNATZEA:

Sailarteko mailan:

  • Osasun Planaren Zuzendaritza Batzordea, Lehendakaria bera duela Presidente. Osasun Planaren estrategiak eta helburuak politika guztietako osasunaren ikuspegitik eta garapenaren jasangarritasunaren ikuspegitik berrikustea eta berrestea ditu zereginak.
  • Politika Guztietako Osasunari buruzko Batzorde Teknikoa, Osasun Publikoa eta Adikzioetako zuzendaria duela presidente. Planean proposatutako esku-hartzeen estrategiak garatzeko, kasuan kasuko ekintzak proposatu eta diseinatu egingo ditu, eta haren helburuak monitorizatuko ditu.

Erakundearteko mailan:

Dagoeneko existitzen den egitura baten bidez gauzatuko da jarraipena: Euskadiko Osasun Kontseilua, hain zuzen.

- OSASUNA BERA GOBERNATZEA:

Sailaren barne-mailan (alegia, Osasuneko sailean eta Osakidetzan)

  • Kasu honetan, jarraipena Osasun Saileko Zuzendaritza Kontseiluak egingo du, Osasun Sailburuak presidituta.
  • Osasun Planaren Batzorde Teknikoak, berriz, aldian behin ebaluatuko du Planaren bilakaera lehendik xedatutako adierazle batzuen bitartez eta jardun ahala definituko dituen beste prozedura, metodo eta tresnez baliatuta.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @FundacionEDEX
    2014.eko urtarrilak 22

    Comentario de Twitter:
    El Plan de Salud 2013-2020 del Gobierno Vasco contempla 146 acciones específicas http://t.co/LljVbJlpio

  • @PatxiGalarraga
    2014.eko urtarrilak 18

    Comentario de Twitter:
    Plan de Salud 2013-2020 del Gobierno Vasco: 146 acciones para mejorar en equidad, bienestar y salud @Irekia http://t.co/noKALrbVyt

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)