Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

2010eko Seafood azokan Eusko Jaurlaritzak izan duen presentziaren balantze positiboa

2010.eko apirilak 30

Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak hainbat bilera egin ditu erkidegoko arduradunekin

Brusela (Belgika), apirilak 29-. Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak "balantze positiboa" egin du, Belgikako Bruselako XVIII European Seafood Exhibition azokan Euskal Autonomia Erkidegoak izan duen presentziaz: "erakusleiho horrek gure produktuak hobeto saltzeko balio behar du, eta gure ekoizpenaren kalitate handiagatik ezagutu gaitzaten". 

Azkue Jokin Díaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariarekin joan da Bruselara, Europako azoka horretan izan diren EAEko hamar enpresei sostengua emateko. Arrainari eta itsasoko produktuei loturiko azokarik garrantzitsuena da.

"Zuei sostengua ematera etorri gara, arrantzako produktu onak egiten dituzuela dakigulako, eta beste merkatu batzuetan kalitateagatik ere ezagunak izatea lortu behar dugulako", esan du Azkuek.

Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordea, Bruselara egin duen bidaia baliatuz, Fokion Fotiadis Europako Batzordeko Itsas Gaien eta Arrantzaren zuzendari nagusiarekin bildu da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak baxurako EAEko ontziteria Arrantza-politika Bateratuaren Liburu Berdean artisau-ontziteria gisa sartzeko gogoa duela adierazi dio. Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoa dagoeneko artisau-arrantzarako berariazko laguntzen politika bultzatzen ari dela nabarmendu du Azkuek. Halaber, EAEk "zientziaren irizpideekin sustatzen diren arrantza-politika guztiak" babestuko dituela jakinarazi dio. 

Beste behar bat ere azpimarratu dio Azkuek Fotiadisi, antxoaren populazioaren gainean egin diren azterketa zientifikoak ikusita: "lehenbailehen ekin behar zaio kudeaketa-plan bati, nabaria baita espezie hori merkaturatzen hasi garela berriro, bost urteko debekualdiaren ondoren".

Orobat, Indiako Ozeanoan segurtasuna izateko Atalanta Operazioari loturiko gaiei heldu die sailburuordeak; eta, gainera, EAEn arrantza sektorean Emakumearen Garapenerako Osoko Plana lantzen ari direla jakinarazi dio Fotiadisi, eta sektoreko ekonomiaren eta jendartearen jasangarritasunaren gainean hitz egin dute.

Era berean, Nicolas Guichoux MSC Marine Stewardship Councileko Europarako eskualdeko zuzendariarekin bildu da, eta Alma Román eta Chris Ninnes arrantza jasangarrirako erakunde horretako kideekin ere bai.

Gure arrantzaldiei "arrantza jasangarriaren ziurtagiriak" emateko aukera proposatu die Azkuek MSCren ordezkariei -esate baterako, hegaluzearenari, banan-banan harrapatzen baitira kainaberaz-. "Artisau-arrantza eta arrantza selektiboa bultzatuz Euskal Autonomia Erkidegoa ahalegin handia egiten ari dela onartu dute, baina argi utzi dute, halaber, ziurtagiri hori emateko oztoporik handiena stockaren egoera bera dela". Ziurtagiria emateko, Ipar Atlantiko osoa hartzen da kontuan, eta, ondorioz, "hain selektiboak ez diren" bestelako arrantza-moduak ere aintzat hartzen direla baieztatu du.

Bestalde, Diego Canga Europako Batzordearen lehendakariordearen kabinete atxikiaren buruarekin eta Antonio Tajani Industria eta Enpresa komisarioarekin bildu da Azkue. Azken horrekin, nekazaritzako elikagaien sektorea eta turismoaren arteko harremanean handitzen doan interesaz jardun du, eta elikagaien industriako enpresa txikiek kredituak eskuratzea errazteko beharraz ere bai.

Bilera horiek egiteaz gain, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak zenbait topaketa izen ditu, azokan, Europako Batasunaren eta Ingurumena, Landa-ingurunea eta Itsasoko ingurunearen Ministerioaren beste ordezkari batzuekin. Horiekin, 2010eko Seafood azokaren garrantzia partekatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Azkue