Berriak Segurtasuna
Eu

700 pertsona inguruk parte hartu zuen 2013an 64 urtetik gorakoei zuzendutako Harrapatzeei buruzko gogoetak sentsibilizazio-kanpainan

2014.eko urtarrilak 10
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak iragarri duenez, jardunaldiei jarraipena emango zaie udaberrian

64 urtetik gorako seiehun eta laurogeita hamahiru parte-hartzaile izan zituen 2013an Harrapatzeei buruzko gogoetak sentsibilizazio-kanpainak. Kanpainaren helburua oinezkoek harrapatzeak pairatzeari eta ez pairatzeko autobabeseko neurriei buruzko gogoeta sustatzea da. Segurtasun Saila pozik dago kanpainaren emaitzekin, eta jarraipena emango dio udaberrian.

«Adineko pertsonak interes bereziko kolektiboa dira, datuen arabera, zaurgarriak direlako oso –adierazi du Trafiko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Kanpaina honen bidez, oinezkoak hartzen dituzten erabakien ondorioez ohartzea lortu nahi da. Bideak behar ez den lekuetatik edo semaforoa gorri dagoela zeharkatzea arriskutsua da, heriotza edo lesio larriak eragin ditzake eta».

Begirale batek gidatutako bilerak erretiratuen egoitzetan edo zentro zibikoetan egiten dira, eta bi helburu dituzte. Batetik, harrapatzeen aurrean beren burua babesteko ohiturak bultzatu nahi dira, arauak errespetatzen dituen jokabide seguru baten onurak gogora ekarriz (semaforoa berde dagoenean zeharkatzea, ibilgailuak oinezkoen pasabidean gelditu direla egiaztatuta...), eta bestetik, interesdunei iritzia eskatuko zaie administrazioek har ditzaketen neurriei buruz. Hala, bide-segurtasunean inplikatzea lortu nahi da.

2013. urtean honako udalerri hauek bisitatu ziren: Andoain, Bilbo, Donostia, Erriberagoitia, Eskoriatza, Galdakao, Gasteiz, Muskiz, Oñati, Sestao, Sopuerta, Tolosa, Urarte, Urnieta eta Zumarraga.

Bileren gaineko iritzia eskatzen zaie amaieran, inkesta bidez. Emaitzak oso positiboak izan dira; parte-hartzaile gehienek dinamikaren planteamendua txalotzen dute, eta eraginkorra iruditzen zaie. Gainera, parte hartzeko gomendioa egingo diete beste pertsona batzuei.

Harrapatzeen bilakaera

Euskadin zirkulazioko istripuetan hildakoen kopuruak beheranzko bilakaera izan du duela urte batzuetatik hona, baina badira kolektibo bereziki ahul batzuk, 64 urtetik gorako oinezkoena, besteak beste. 2013an, guztira 57 pertsona hil dira Euskadin, zirkulazioko istripuetan. Hamalau harrapatzeen ondorioz hil ziren; zortzik 64 urte baino gehiago zuten. 2012an, harrapatzeen ondorioz 11 pertsona hil ziren (zazpik 64 urte baino gehiago zuten). 2011n, 15 hiletatik 8 adinekoak ziren. 2010ean, 14 oinezko hil ziren harrapatzeetan; erdiak, 64 urtetik gorakoak.

«Gure iritzian –adierazi du Trafiko zuzendariak– kopuru horiek murrizteko modukoak dira. Hori dela eta, Segurtasun Sailak adin-tarte horretako pertsonak kontzientziatzea bultzatuko du. Kanpainak udaberrian izango du segida».

 

 

 

Prentsa-oharrarekin batera doa kanpainaren bideo-laburpena, ikusgai dagoena Trafiko Zuzendaritzaren Youtube-ko kanalean eta webgunean (www.trafikoa.net).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)