Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Oregi: «Eusko Jaurlaritzak autobus-geltokiaren % 84 finantzatuko duenez, udalari eskatzen diogu auzotarrekin sentiberatasunez jokatzea, zirkulazioa arina eta segurua izateko»

2014.eko urtarrilak 10

• 16,5 milioi euroko kostua izango duen azpiegitura berria bisitatzea

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Gasteizko udalari eskatu dio «sentiberatasun handia izan dezala autobus-geltoki berriaren inguruan bizi diren auzotarrekin, behin martxan jarrita zirkulazioa arina eta segurua izan dadin, eta % 84 Jaurlaritzak eta gainerakoa Aldundiak finantzatutako azpiegiturak bere xedea eraginkortasunez bete dezan, mugikortasun jasangarriaren mesedetan eta garraio publikoa bultzatuz».

Oregi, Maroto alkatea eta De Andres diputatu nagusia Arabako hiriburuko autobus-geltokia izango denaren instalazioetan izan dira gaur goizean. Fernando Ruiz de Ocendak, obra-proiektua egin duen arkitektoa eta lanen zuzendaria, eta Vias y construccionesek, Opacuak eta Balgorzak osatutako ABEEren kideek azaldu diete lanen bilakaera.

«Ezin da ahaztu Eusko Jaurlaritzak 33 milioi euro bideratuko dituela 2014an Arabako hiriburuan egingo diren inbertsioetara, hasieran aurreikusitakoa baino 2.650.000 euro gehiago. Geltokiak 16,5 milioiko kostua izango du; % 84 (14 milioi) finantzatuko du Eusko Jaurlaritzak eta gainerakoa Foru Aldundiak. Orain arte (2012 eta 2013 urteetan) 6,8 milioi euro inbertitu dira: 6,2 milioi jarri ditu Eusko Jaurlaritzak eta 600.000 euro Aldundiak», Oregiren kalkuluen arabera.

Ruiz de Ocenda arkitektoak bidaiarien eraikineko, itxarongelako eta dartsenen-eremuko lanen aurrerabidea erakutsi die Oregiri, Marotori eta De Andresi, eta azken asteetan estalkiaren egiturako lanen egoera ikusi ahal izan dute.

Kudeaketa
Ana Oregik azaldu duenez, «Eusko Jaurlaritzaren ekarpena dela eta, Gasteizen egindako beste batzuetan bezala, udalaren eskutik jakin nahi izan dut, obraren arduradun den aldetik, azpiegituraren lanek zein neurritan egin duten aurrera. Ezinbestekoa da hasieratik, autobus-estazioak zirkulazio-irtenbideak ematea Euskaltzaindia eta Lakua auzoan, eta hiri-garraioa azkar kudeatzen lagun dezala».

«Hemen bertan, Euskaltzaindia plazaren eta Boulevarden ondoan, tranbiaren bi geltoki eta Tuvisarenak daude, eta Gasteizko taxi profesionalak erabilgarri daude, garraio jasangarriko beste aukera batzuk ahaztu gabe», azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.

«Egia da autobus-geltokiaren kokapena PPren eta PSOEren arteko akordio baten ondorio dela, baina egungo Eusko Jaurlaritzak, konpromiso ekonomikoa dela-eta, arduratsua izan nahi du, eta proiektua behar bezala gauzatzen lagunduko du, batez ere, baliabideak optimizatuz. Horregatik, udalari auzokoak aintzat har ditzala, eta zirkulazio segurua berma dezala eskatu nahi diogu», berretsi du Oregik.

Ordezkari instituzional gorenez gain, bisitan izan dira Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Antonio Aiz, Alicia Ruiz de Infante foru diputatua, Miguel Garnica zinegotzia, Eusko Jaurlaritzako Garraio-azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulo, Natura-ingurunearen zuzendari Amaia Barredo, Ensanche 21ko kudeatzaile Iñaki Díez Unzueta, Miguel Ángel Aguado eta Raquel Gómez Mardones.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Maroto, Javier de Andrés