Berriak
Eu

URA eta Laudioko Udala batzartu dira Nerbioiren segurtasun hidraulikoaren hobekuntzan aurrera egiteko.

2014.eko urtarrilak 09

URA-Uraren Euskal Agentzia eta Laudioko Udalaren gobernu- taldea gaur batzartu dira Gasteizen etorkizunean egingo diren Nerbioi ibaiaren bideratze lanez jarduteko. Lan hauek segurtasun hidraulikoa handitzea dute xede, Aiarako herriari aldiro eragiten dioten ur-goraldiei aurre egiteko.


Uraren Euskal Agentziak 2014ean ekingo dio Laudion Nerbioi ibaiaren bideratze lanak egiteko proiektu teknikoaren definizioari. Horren helburua garbia da: 100 urteko itzulera-aldiko ur goraldien emaria husteko ahalmena bermatzea, eta, horrela, pertsona eta azpiegituren segurtasuna nabarmen handitzea gaur egungo egoerararekin alderatuta.

Laudioko bideratze lana EAEn uholdeen kudeaketaren arloan egin beharreko lan garrantzitsuen artean dago. Horren harira gogoratu behar da, URAk - beste administrazio batzuekin batera - EAEko Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluazioa (U.A.A.E.) egin zuela 2011an, Uholde Arriskuaren Ebaluazio eta Kudeaketarako Europar Zuzentarauak esandakoari jarraiki. U.A.A.E-k uholdeak pairatzeko arrisku gehien dituzten eremuak definitu zituen. Alegia, zeintzuk diren uholdeak izateko probabilitate handieneko lurraldeak, eta zeintzuetan izango diren eragin esanguratsuenak pertsona, ondasun edota azpiegiturentzat.


Azterketa horrek argi utzi zuen gure lurraldearen zaurgarritasuna uholde arriskuari dagokionez: 100 Uholde-Arrisku Handiko Eremu (U.A.H.E.) zehaztu ziren EAE mailan, gehienak EAEko kantauriar isurialdean. Horietako bat da, hain zuzen ere, Nerbioi ingurua, Laudion, non bideratze lanak egingo diren. Beste Uholde-Arrisku Handiko Eremuekin batera, Laudiokoak ere 2015erako Uholde-Arriskua Kudeatzeko Plan berezi bat izango du. Plan horrek uholdeei aurre egiteko neurri sorta barne hartuko du: bai azpiegitura berriak (etorkizuneko bideratze lan hauek kasu), bai azpiegiturak eraikitzeaz haratago hartu beharreko neurriak (lur antolamenduan egin beharreko hobekuntzak edota alerta goiztiarren hobekuntza kasu).

Gaur egindako batzarrean, URAren zuzendari nagusi Iñigo Ansolak adierazi die udal arduradunei behin ibai ibilguaren zabaltze eta bideratzearen proiektu teknikoa definitu ondoren ezagutu ahal izango direla zeintzuk diren, zehatz-mehatz, lur-eremuaren beharrizanak 100 urteko itzultze-aldiko ur goraldiek pertsona eta etxebizitzetan eraginik izan ez dezaten; eta, horrekin batera, zein etxebizitzari eragingo dioten bideratze lan horiek. Horren harira gogoratu die udal arduradunei proiektu teknikoaren helburua segurtasun hidraulikoa bermatzea dela, eta horretarako, ahal den heinean, teknikarik samurrenak eta etxebizitza gutxienei eragingo dioten irtenbideak bilatuko direla.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)