Berriak Osasuna
Eu

Gorantz egiten jarraitzen du gripearen eraginak urtarrilaren lehen astean

2014.eko urtarrilak 09

Eragin-tasa 100.000 biztanleko 255,63 kasura iritsi da, aurreko asteetan baino nabarmen gorago.

Orain arte gaixoa ospitaleratu behar izan den kasu larriak 33 izan dira; horietatik % 61ek, arrisku-taldeko kide izanagatik ere, ez zuten txertoa hartu.

Euskadin gorantz egiten jarraitzen du gripearen eraginak urtarrilaren lehen astean, negua iritsi ahala gertatuko zela espero bezala eta aurreko urteetako joerari jarraikiz.

EAEko Mediku Jagoleen Sareak (sasoikako gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sarea da) eskainitako datuen arabera, urtearen 1. astean gripearen eraginak gora egiten jarraitu du eta 100.000 biztanleko 255,63 kasuetara iritsi da, aurreko asteetako goranzko joeraren ildotik. Gorakada, hala ere, handiago izan da oraingoan.

Urteko lehen asteetan ugaritu egin ohi dira gripe-kasuak, eta maiz izaten dira ordukoak urteko eragin-tasa altuenak.

Haur eta gazteek pairatu ohi dute gehien olde hori.  0 eta 4 urte bitarteko haurrek dute orain tasa handiena, 809 kasu 100.000 biztanleko, eta 5-14 bitartekoek hurrena, 344 kasu 100.000 biztanleko.

Sasoiaren hasieraz geroztik, halaber, ospitaleratu beharreko 33 kasu larri izan dira, egiaztatuta, programan parte hartzen duten hiru ospitaleetan, eta horietatik 19 (10 emakume eta 9 gizonezko) ZIUra ingresatu behar izan dituzte.

Ospitaleratutako gaixoen % 61 txertoa hartu gabeak ziren, nahiz eta gripearen aurkako txertoa hartzea gomendatzen zaien arrisku-taldekoak izan. Datu horrek indartu egiten du txertoa hartzeak arrisku gehigarriak dituzten pertsonengan duen prebentzio-balioa: infekzioa gertatuta ere, gaixotasuna larritzea eragozten du txertoak.

Osasun Sailak darabiltzan datuen arabera, aurtengo sasoian hauteman diren birus guztiak A motakoak dira, aurtengo txertoan sartutakoak bezala. Beraz, aurten atzemandako birus guztien kontra balio luke txertoak.

Hori guztia dela-eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak berriz azpimarratzen dute zeinen garrantzizkoa den txertoa hartzea gripearen kontrako prebentzio-neurri moduan, eta gripearen aurkako txertatze-sasoian txertatzearen beharra nabarmendu dute, gaixotasunaren jarduera hasi aurretik immunizatuta egotearren.

Kasuen kopuruaren gorakada ikusita, Osakidetzak, kasuen segimendua egiten baitu, prest dauka ospitaletako azpiegitura guztia gripeak eragindako konplikazio larrienak dakartzaten gaixoak artatzeko.

Gainerako kasuetan, Osakidetzak gomendatzen du edozein gripe-sintoma antzemanez gero osasun-zentrora edo Arreta Jarraituko Puntuetara (AJP) jotzea osasun-arreta jasotzeko.

Lehen mailako arreta

Urteko lehen astean 2.359 kontsulta egin dira Osakidetzan gripearen sintomak zirela-eta; aurreko astean baino % 64 gehiago, hain zuzen ere. Tasa handiena Gipuzkoan hauteman da, Bizkaiaren eta Arabaren aurretik.

Gripeari buruzko informazioa kontsultatzeko, jo Osakidetzaren webgunera

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 9a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @manycomics
    2014.eko urtarrilak 14

    Comentario de Twitter:
    @Gripenet_Es ¿Funciona bien el mapa? País Vasco aparece en verde y la incidencia de gripe es alta http://t.co/Xvbf7C0jB4