Berriak Osasuna
Eu

Bortzirietako gaixoen historia klinikoak partekatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Osasunbideak eta Osakidetzak

2014.eko urtarrilak 08

Osasunbideko zuzendari nagusi Juanjo Rubiok eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxebarriak sinatu dute hitzarmena, bi osasun-sailetako arduradunek Iruñean izan duten bileran.

Nafarroako eta EAEko osasun-sailetako zuzendari nagusiek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Nafarroako Bortzirietako (Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera) gaixoak hobeto artatzearren.

Geografikoki gertu daudela-eta, eta bide-komunikazioa ona dagoenez, herri horietako gaixoek Osakidetzaren zerbitzu-antolamenduetan hartu izan dute, ohiz, hainbat osasun-arreta. Horregatik, ahalik eta arreta onena eskaintzearren, bi administrazioek egoki iritzi diote elkarlana bultzatzeari, eta sinatutako hitzarmenari esker,  Osakidetzak nafar udalerri horietako gaixoen historia klinikoak kontsultatzen utziko dio Osasunbideari, eta alderantziz: Osasunbideak ere beste hainbeste egiten utziko dio Osakidetzari, arreta egiteko azken osasun-zerbitzu horren baliabideak erabiltzen diren kasuetan.

Horrez gain, jarraipen-batzorde bat sortzea ere aurreikusi du hitzarmenak, hura behar bezala betetzen dela bermatzeko, pitz litezkeen zalantzak argituz eta haren aplikazioa sustatuz. Urtebeteko indarraldia izango du hitzarmenak, eta urtero luza liteke.

Bi administrazioek interes komuneko kontuak aztertzeko egin duten lan-bileraren testuinguruan sinatu da hitzarmena. Marta Vera eta Jon Darpón sailburuak eta horien kabineteburu Marta Borruel eta Fatima Ansotegiz gain, Juanjo Rubio  Osasunbidearen kudeatzailea, Cristina Ibarrola Osasun Saileko zuzendari nagusia, Victor Peralta Nafarroako Ospitale Konplexuaren zuzendaria, Fernando Balduz Osasunbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia, Guillermo Viñegra Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea, Beatriz Artolazabal Osakidetzako zuzendari ekonomiko-finantzarioa eta Antonio Arraiza Osakidetzako Osasun Arretako zuzendaria ere izan dira lan-bileran.

Lan-saiook, halaber, hainbat arlotako esperientziak eta jakintza partekatzeko balio izan du, hala nola botiketako osasun-gastua arrazionalizatzeko politikakoak, Plan Soziosanitarioaren barruan egindako ekimenak eta emaitzetan eta adierazgarrietan oinarritutako ebaluazio-sistemak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Marta Vera , Nafarrako Gobernuko Osasun Sailburua, Juanjo Rubio, Osasunbideko Zuzendari Nagusia, Marta Borruel, Nafarrako Gobernuko Osasun kabineteburua