Berriak
Eu

Jaurlaritzak eta euskal unibertsitateek Bake eta Bizikidetza sustatzeko akordio bat sinatu dute

2014.eko urtarrilak 08
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakariarentzat Bakea eta Bizikidetza Planaren “aurrerapauso berri bat” da Jaurlaritza eta euskal unibertsitateen artean sinatutako akordioa. Hitzarmen honen helburua bakea eta gizartearen elkartzea dela argitu du Urkulluk  eta indarkeriaren amaierak sortzen dituen erronka sozio-politiko eta kulturalaren aurrean erantzunak eskainiko ditu.  Unibertsitateen “ekarpen partekatu” hau  Bake Bizikidetza Planaren hamaikagarren ekimenean jasota dagoela gogoratu du. Lehendakariak hitzarmen honen elkarlan izaera azpimarratu du eta azaldu du martxan jarriko diren ekimenak oinarri akademiko eta zientifikoa izango dituztela baita “bokazio zehatza eta praktikoa” ere.

Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateen artean Bake eta Bizikidetzaren arloan sinatutako esparru-akordioa azaltzeko agerraldi bat egin du komunikabideen aurrean. Lehendakariarekin batera hauek ere egon dira: EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaia, Deustuko Unibertsitateko errektore María Guibert eta Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala. Hainbat proiektu zehatz «diseinatu, garatu eta gauzatzeko» akordio bat; horiek berau sinatzen denetik 2016ra arte egingo dira, eta bakea eta bizikidetza sendotzea izango dute xedetzat.

Akordioak xedatzen duen moduan, «unibertsitate bakoitzak izendatutako ikertzaile bat duen lantalde batean» zehaztuko dira proiektuok. Proiektu horiek «zehatzak» izan beharko dira, eta «gizarte-erabilgarritasunean» oinarrituko dira. Halaber, izaera irekia izango dute ekimen horiek, bai gizarte zibilak zein gizarte-eragileek parte hartzeko, bai beste unibertsitate batzuekin nazioarteko lankidetza-lerroak abiatzeko.  Hala, irakasleak eta ikertzaileak bideratuz laguntzeko konpromisoa hartu dute unibertsitateek, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, proiektu bakoitza abiarazteko baliabide materialak eta ekonomikoak jarriz lagunduko du. Horretaz gain, aldeak ordezkatuta dauden Jarraipen Batzorde bat ere sortuko da ekimenak onartzeko, zalantzak argitzeko eta akordioa zein proiektuak betetzen direla egiaztatzeko.

ETAren disoluzioa

Lehendakariak bere agerraldian adierazi du ETAren disoluzioa “lehebailehen” izatea espero duela. Presoen adierazpenaren ostean ez du zentzurik, Urkulluren ustez, ETAk gehiago luzatzea bere disoluzioa eta armagabetzea burutzeko pausuak. Pausuak ere espainiar Gobernuari eskatu dizkio "gauzak aldatu ez balira bezala" jarraitzen duelako. Honi eskatu dio egun bizi den egoeraz kontziente izatea eta espetxe politikan aldaketak egin ditzala, presoen urruntzeari amaiera emanez, esaterako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Goirizelaia, José María Guibert, Iosu Zabala