Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak 2013an Euskadin gertutako indarrezko hamabost hilketetatik hamalau argitu ditu

2014.eko urtarrilak 04

 

Bilboko adineko emakume baten eta ostalari baten hiltzaileak bilatzen ari dira oraindik ere

 

Ertzaintzak 2013an EAEn gertatutako indarkeria bidezko hamabost hilketetatik hamalau argitu ditu. Oraindik ere kasu bat argitzeke dago: ekainean bere Bilboko etxean hilik agertu zen adineko emakumearena, hain zuzen. Halaber, identifikatuta badaude ere, oraindik ere ihesi daude abenduan Bilboko ostalari baten hilketan parte hartu zuten bi lagunak.

2013ko kronika beltza maiatzean ireki zen; hilabete hori zorigaiztokoa izan zen oso. Maiatzaren 2an, brasildar bat hil zen N-121 errepidean, Irunen, ihesi zihoan kamioilari batek harrapatuta. Ertzaintzak egindako ikerketa nekezei esker, gertatutakoa birsortu ahal izan zen, bai eta istripua eragin zuen ibilgailua identifikatu ere. Albaceteko Guardia Zibilak ibilgailuaren gidaria atxilotu zuen, Ertzaintzak eskatuta.

Maiatzaren 6an, bi gaztek eztabaida izan zuten Getxoko Bizkerre kalean eta batak bestea, 20 urteko gizonezkoa, hil zuen labanaz. Ertzaintzak handik gertu aurkitu eta atxilotu zuen ustezko hiltzailea handik gutxira.

Maiatzaren 9an, senar-emazte batzuen gorpuak aurkitu zituzten beren etxean, Gasteizen. Ikerketaren hipotesiari jarraiki, gizonak emakumea hil zuen eta, ondoren, bere buruaz beste egin.

Maiatzaren 22an, 52 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten Gasteizko Lakua auzoko erkidego-garaje batean. Ekainaren 6an, Ertzaintzak 17 urteko gazte bat, hildakoaren lankidea, atxilotu zuen, hiltzailea zelakoan.

Maiatzaren 23an, 49 urteko gizon batek 29 urteko bikotekidea hil zuen labanaz beren etxean, Laudion. Hiltzailea han bertan atxilotu zuten.

Maiatzeko gertakari tamalgarrien kronika 24an amaitu zen. Egun horretako gauean, emakume bat atxilotu zuten Muxikan, ama aizkoraz hiltzea egotzita.

Ekainean, azken hilabeteetako euskal delitu-historiako oihartzun mediatikorik handiena izan duen gertakaria izan zen. Ekainaren 2ko arratsaldean, pertsona bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilboko Máximo Agirre kaleko gimnasio batean, 29 urteko emakume bat torturatzen ari zela. Emakumea handik egun batzuetara hil zen ospitalean, zauri larriak baitzituen. Ustezko hiltzailearen lokalean eta etxebizitzan gorpuzkiak aurkitu zituzten. Gorpuzkiok, baina, beste emakume batenak ziren, hain zuzen ere, aurrekoaren antzeko egoeran hildako 40 urteko emakume batenak. Hiltzaileak "Shaolin monje" esaten zion bere buruari.

Ekainaren 6ko arratsaldean, 79 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda bere etxean, Bilboko Gordoniz kalean. Lotuta zegoen, eta ahoa estalita zuen. Oraindik ere ikertzen ari dira, hilketaren egileak identifikatzen eta atxilotzen saiatzeko.

Ekainaren 29ko goizaldean, Errumaniako bi anaiak herrialde bereko beste pertsona bat hil zuten labanaz Gernikan, lokal batean eztabaidan egon ondoren. Handik gutxira atxilotu zituzten biak.

Irailaren 29an, Kolonbiako 28 urteko gazte baten gorpua aurkitu zuten Eibarren. Ikerketaren arabera, hilketa egun batzuk lehenago droga-plantazio bat desegitearekin lotuta dago. Lau lagun atxilotu zituzten hilketan parte hartzeagatik, eta horietako bat kartzelan sartu zuten.

Urriaren 12ko arratsaldean, gizon batek aita hil zuen labanaz Zallan eta, ondoren, ama hiltzen saiatu zen; horretarako, gas-instalazioa ireki zuen. Jarraian, egileak trenbidera bota zuen bere burua, eta larri zauritu zen.

Azaroaren 10eko goizaldean, gizon batek arma zuriz hil zuen beste bat Tolosan, biek partekatzen zuten etxebizitzan. Ertzaintzak eta Udaltzainek egilea atxilotu zuten, eta, ondoren, psikiatrikora eraman, epaileak aginduta.

Urteko azken hilketa abenduaren 1ean izan zen. Pertsona batek Bilboko Errekalde auzoko taberna bateko jabea tiroz hil zuen. Zauritua ordu batzuk geroago hil zen ospitalean. Ertzaintzak bi pertsona identifikatu zituen gertaera horietako parte-hartzailetzat, eta une honetan bilatzen ari dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau