Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du asteburu honetarako olatuengatik

2014.eko urtarrilak 03

Baliteke olatuek bost metrorainoko altuera izatea

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du kostaldean, biharko 00:00etatik igandeko 09:00ak arte, bost metrorainoko altuera izan ditzaketen olatuengatik.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, azken 15 egun hauetan Uharte Britainiarretatik gertu dauden depresio atlantiko jarraituen eragina jaso dugu, eta depresio horiek sortuko dituzte hurrengo egunetako olatu bortitzak. Gainera, larunbatean eta igandean, depresioek haize gogorrak eta tenperaturen eta elur mailaren jaitsiera laburrak ekarriko dizkigute.

Itsasoaren eta kostaldearen egoerari dagokionez, Euskalmetek iragarri du gaur arratsaldean hasiko dela olatuen altuera handitzen, eta egunaren azken orduetan 4 eta 4,5 metro artekoa izango dela. Larunbatean eta igandeko lehen orduetan, berriz, olatuak 4,5 eta 5 metro artekoak izango dira.

Igandean olatuen altuera txikituko da eta egunaren azken orduetan 3,5 metro ingurukoa izango da. Bestalde, kontuan izan behar da itsasaldiak biziak izango direla, eta horrenbestez, baliteke egoera zaila izatea kostaldean. Itsasgorak eta olatuen altuerarik handiena larunbatean 6:28an eta 18:58an eta igandean 7:18an izango dira.

Gainera, denboralearekin haizea ere bortitzagoa izango da. Larunbat goizaldean eta lehen orduetan hego-ekialdeko haize-bolada gogorrak izango dira, batez ere, Bizkaiko eta Arabako mendi-inguruetan. Eguerdi aldera iritsiko den fronte batek haizearen norabidea ipar-mendebaldera aldatuko du bat-batean. Fronte horren eraginez, larunbat arratsalderako zaparradak espero dira, eta baliteke zakarrak izatea.

Era berean, altuerako aire hotzak ekaitzak eta txingorra eragin ditzake. Elur-mailari dagokionez, larunbat arratsaldean azkar jaitsiko da 700-800 metrotaraino. Dena den, igande goizeko lehen orduetan azkar igoko da 1.200-1.300 metrotaraino.

Laburbilduz, Atlantikoko depresio sakonek olatu zakarrak eragingo dituzte, itsasaldi biziek nabarmenduko dituztenak, eta depresioei lotutako fronteek ekaitzak eta elurra ekarriko dituzte, maila erlatiboki baxuetan.

Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da ( http://www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko