Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Usabelartzako (Leitzaran) mendi-hegalak eta zohikaztegia leheneratu dituzte

2014.eko urtarrilak 03

• Europan habitat gisa hartzen diren sei zohikaztegi mota daude, eta EAEn nahiko eskasak dira
• Amaia Barredo: «aniztasun biologikoari onura egiten dioten ekosistemak dira, fauna eta flora espezie arraroen eta ezohikoen babesleku direlako»
• Ziklo hidrikoari eusten eta hura erregulatzen laguntzen dute


Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Usabelartzako mendi-hegalak leheneratu dituzte, zohikaztegiko ziklo hidriko naturala ahalbidetzeko, pista baten eraikuntzak kaltetu baitzituen. Azken hiletan, bi erakundeek zenbait obra gauzatu dituzte arroko urak ez daitezen beste leku batzuetara igaro. Lubaki handiak desagerrarazi dituzte eta pista nagusia txukundu dute, 2,5 hektareatako zohikaiztegiko habitataren egoera hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak eta Mendietako eta Natura Inguruetako Zuzendaritzak hartu dute parte leheneratze-lanetan.

«Zohikaztegiak funtsezko baliabide ekonomikotzat eta ekologikotzat hartzen dira mundu osoan, duela gutxi arte haietan jarritako arreta txikia izan arren -azaldu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen zuzendariak-. Ekosistema horiek aniztasun biologikoari onura nabarmena egiten diote, hezeguneetako floraren eta faunaren espezie arraroenetako eta ezohikoenetako batzuen babeslekua direlako. Ziklo hidrikoari eusten eta hura erregulatzen laguntzen dute, eta hezeguneen beste funtzio asko betetzen dituzte; beraz, gizaki-komunitateetarako baliotsuak dira».

Hezeguneak
Mundu osoko hezeguneen erdia gutxi gorabehera zohikaztegiak dira, eta karbono-biltegi edo hobi nagusi gisa errekonozituta daude nazioartean, basoetakoak gainditzen baitituzte. «Gainera, garai bateko paisaietan eta klimetan izan diren aldaketak birsortzeko informazioa biltzen dute, eta gizakien jarduerek ingurumenean izan dituzten ondorioak zehazteko balio dute», erantsi du Barredok.

Europako zuzentarauak interes komunitarioko habitat gisa hartzen dituen sei zohikaztegi mota daude. EAEn habitat nahiko eskasak dira.

Euskadiko zohikaztegi garrantzitsuenetako bat Andoainengo Leitzaran biotopo babestuan dagoen Usabelartza da. Gipuzkoako handiena ere bada, gainera. Zohikatzaren hobi nahiko handiak (bi metro artekoak) dituen bakarra izateaz gain, eskualdean nahiko ezohikoak diren zenbait habitat eta desagertzeko arriskuan dauden espezie botanikoak biltzen ditu eta anfibioentzako baliabide egokia da.

«Usabelartzan, zohikaztegiko habitatak (lokaztiak edo padura azidofilo-esfanalak) malda txikiko mendixka edo hegal batean daude. Eskualdeko prezipitazio ugariak bilduta geratzen dira, eta habitat hauetarako egokiak diren lurzoru hidromorgikoak sortzen dituzte. Horri eta inguruko litologiari esker, batez ere eremu silizeoei esker, flora azidofila berezia sortzen da, etengabe istilduta dauden zoruetan bizitzeko eta elikagaien garbiketa nabarmenari eusteko gai direnak», azaldu du Barredok.

Pista
Duela zenbait urte, Usabelartza bitan bereizten duen baso-pista baten eta pista lehor edukitzeko bi zangen eraikuntzak zohikaztegietan beharrezkoa den istiltzean eragin zuen. «Pistak zohikaztegiaren goiko aldetik ateratzen zen ura bildu eta drainatzen zuen, zangen bitartez; beraz, sistemaren ohiko funtzionamendu hidrikoa galarazten zuen. Ondorioz, zohikaztegiaren bi eremuak lehortu egin ziren, baldintza ekologikoak aldatu ziren eta habitatak aldatu eta pobretu ziren», azaldu du Natura Ingurunearen zuzendariak.

Egoera horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak eta Mendietako eta Natura Inguruetako Zuzendaritzak zenbait leheneratze-lan gauzatu dituzte, pistaren eraginak zuzentzeko eta horrek zohikaztegiaren funtzionamendu hidrikoan ondoriorik ez izateko.

«Helburu hori lortzeko, sistemako ur-fluxuaren norabidea eta abiadura aldatu behar izan ditugu -azaldu du Amaia Barredok-. Ura lehen azkar-azkar igarotzen zen zangetatik eta pistatik, baina orain ur-fluxua askoz ere motelagoa da, eta sisteman denbora luzeagoan egoten da. Horretarako malda zohikaztegiaren gainetik jarri da, balasto baten bidez. Bestalde, zangak eta pistaren areka buztinez bete dira, eta areka pistako material harritsuz eta geruza geotestil batez isolatu da».

Gainera, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek pistaren goiko aldeko drainatze-sistema aztertu dute eta norabidea aldatu diote, elikatze-arroko ur guztia ez dadin beste arro batzuetara igaro. Lubaki handiak desagerraraztean eta pista nagusia txukuntzean, 2,5 hektareatako inguruko natura hidroturbosoaren egoera hobetuko da. Goiko drainatze-sistemaren norabide-aldaketak iparraldeko zohikaztegiari (1 ha) eragingo dio.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ARAUDIslp
    2014.eko urtarrilak 07

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Usabelartzako (Leitzaran)... http://t.co/zV1VEj4ztr

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)