Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Datorren urtarrilaren 7tik aurrera, Euskotrenek tren zerbitzu zuzenak eskainiko ditu Gernikatik eta Durangotik Bilbora

2014.eko urtarrilak 03

Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Sozietate Publikoak, Bizkaiko hiriburuaren eta Durangaldearen eta Urdaibairen arteko joan-etorrien tren eskaintza zabalduko du, datorren asteartetik, urtarrilaren 7tik, aurrera. Horretarako, lanegunetan tren zerbitzu zuzenak eskainiko ditu Durango – Bilbo eta Gernika – Bilbo ibilbideetan. Egun horretatik aurrera, Bilboko Tranbiaren irteera ordua Atxuritik eta La Casillatik bi minututan aurreratuko da, hiritarrei, Atxurin Euskotreneko tren zerbitzuarekin lotura errazteko.

Tren zerbitzu zuzenak, Durangoko, Boluetako (lotura Metro Bilbaorekin) eta Atxuriko (lotura Bilboko Tranbiarekin) geltokietan baino ez dira geratuko, Durangaldeko zerbitzuei dagokienez, eta Gernikako, Lurgorriko, Boluetako (lotura Metro Bilbaorekin) eta Atxuriko (lotura Bilboko Tranbiarekin) geltokietan Urdaibaiko zerbitzuei dagokienez. Horrez gain, tren zerbitzu zuzen horiei esker bidaia egiteko denbora 10 minutu laburragoa izango da, Euskotrenen ohiko eskaintza osatzen duten gainerako trenekin alderatuz.

Datorren urtarrilaren 7tik aurrera Euskotrenek 13 tren zerbitzu zuzen eskainiko ditu egunero lanegunetan.

Beraz, tren zerbitzu zuzen berriei esker, 25 minututan heldu ahal izango da Durangotik Boluetara, bertan modu azkarrean eta erosoan konbinatu ahal izateko Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineetako zerbitzuekin. 29 minutu beharko dira Atxurira (Bilbo) heltzeko. Bertan dago La Casillaraino zirkulatzen duen tranbiaren geralekua, eta erraz heltzen da bertatik Bilbo erdialdera (Zazpi Kaleetara eta Abandora), Itsasadarraren paraleloan doan Abandoibarra auzora eta Basurtuko Ospitalera.

Alderantzizko noranzkoan, Boluetan Euskotreneko Bilbo-Durango tren zerbitzu zuzenekin konbinatzen duten Metro Bilbaoren erabiltzaileak 25 minututan helduko dira Durangoko geltokira. Euren bidaia Atxuriko geltokian hasten duten pertsonei dagokienez, 29 minutu beharko dituzte Durangoraino heltzeko.

Gernikan abiatzen diren tren zerbitzu zuzen berriei dagokienez, Boluetako geltokira 32 edo 30 minututan heltzeko aukera emango dute, trena Gernikan edo Lurgorrin hartu izanaren arabera. Atxurira heltzeko 36 edo 34 minutu beharko dira, hurrenez hurren.

Durangaldeari dagokionez, tren zerbitzu zuzen hori, geltokian dagoen aparkalekuarekin osatuko da. Trena erabiltzen duten pertsonek 0,80 euroren truke aparkatu ahal izango dute automobila 24 orduz. 

Bidaiak egiteko behar den denboraren murrizketa horiei tarifen abantailak gehitu behar zaizkie, zerbitzu zuzen berriek zerbitzu erregularren prezio bera izango baitute. Horrela, Euskotrenen Hileko Bonoarekin, bidaia 1,38 euro ordainduz, Euskotrenek 29 minututan eramango zaitu Bilbora Durangotik, eta 38 minututan Gernikatik. 30D Gaztea Bonoarekin, berriz, bidaia bakoitzak 1,10 euro balioko ditu.

Beste alde batetik, eta Atxurin hiritarrei Euskotrenen tren eta tranbia zerbitzuen arteko lotura errazteko helburuz, urtarrilaren 7tik aurrera, tranbien irteera ordua Atxuritik eta La Casillatik bi minutu aurreratuko da.

Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek, Euskotrenen 902 543 210 informazio telefono zenbakia dute. Horrez gain, tren geltokiak eta geralekuak, tranbia geralekuak eta Euskotrenen www.euskotren.es web gunea ere erabili ahal izango dira informazio gehiago jasotzeko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko urtarrilak 07

    Berri bikaina. Baina, zerbitzu hauek jarri diren bitartean, zergatik ez da berrezarri Bilbo-Donostia arteko tren zerbitzu erdi-zuzena? Nire ustez zerbitzu horiek zenbait herrien arteko lotura lasterragoak ahalbidetzen zituzten eta prezio onetan gainera.

Komunikabideek behera kargatzeko