Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak ia 2,4 milioi euro eman zituen 2013an mendekotasunarekin lotutako 281 proiektu garatu eta Prebentzioko Ekipo Teknikoak mantentzeko

2014.eko urtarrilak 03

Laguntzak tokiko euskal erakundeei eta Euskadin lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta daude  

Osasun Sailak ia 2.400.000 euro bideratu dizkie diru-laguntza gisa tokiko erakundeei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei 49 programa eta 281 proiektu garatu ahal izan ditzaten. Hain zuzen ere, mendekotasun arloan lan egiten duten erakundeak dira guztiak ere, VI. Euskadiko Mendekotasunen Planean eskaintzaren kontrolaren, prebentzioaren, laguntzaren eta gizarteratzearen arloetan aurreikusitako ildo estrategikoak, jarduerak eta programak kontuan izanik lan egiten dutenak.

Ildo horretan, laguntzak,era berean, tokiko erakunde ezberdinetan mendekotasunaren prebentzio komunitarioan erabiltzen diren 38 ekipo tekniko mantentzeko baliatuko dira. Hain zuzen ere, 71 profesionalek erabiltzen dituzte ekipo horiek, bai teknikariak bai administrazioko langileak.

Laguntza ekonomiko hauek Euskadin mendekotasun arloan egiten den lanerako ezinbesteko euskarri dira. Era berean, nabarmendu beharra dago lan horretan erakundeen arteko koordinazio eta elkarlana oinarrizkoa dela, baita hirugarren sektorearekin eta elkarteekin lankidetza ere. Laguntzen helburua VI. Mendekotasun Planaren oinarrizko jarduera ildoekin bat egiten duten programa eta proiektuak mantentzea, behar berriak azalaraztea eta egitasmo berriak laguntza da, baita egun indarrean diren programa eta proiektuak hobetzen laguntzea ere.

Jarraian, diru-laguntzak nola banatuko diren azalduko dugu. 951.130 euro mendekotasunaren prebentzio komunitarioan erabiltzen diren 38 ekipo tekniko mantentzeko bideratuko dira, ekipo bana laguntza eskatu duen tokiko erakunde bakoitzeko, izan udal, mankomunitate edo partzuergo.   Tokiko erakunde horietatik 4 Arabakoak dira, 21 Bizkaikoak eta 13 Gipuzkoakoak.

Era berean, programa zehatzak garatuko dituzten 49 tokiko erakundek 455.000 euro jasoko dituzte. Horietatik 3 Arabakoak dira, 25 Bizkaikoak eta 21 Gipuzkoakoak. Guztira programa horiek mendekotasunaren prebentzio komunitarioko 200 proiektu baino gehiago barnebiltzen dituzte, guztiak ere droga-mendekotasunari aurre egiteko tokiko planen barnekoak eta Eusko Jaurlaritzaren VI. Mendekotasunen Planean ezarritako prebentzio unibertsal, selektibo eta adieraziaren lan ildoak jarraitzen dituztenak.

Azkenik, 738.660 euro arlo sozialean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko 44 elkartek jasoko dituzte mendekotasunen prebentziorako eta arriskuen eta kalteen murrizketarako 81 proiektu abian jar ditzaten. Azken kasu horretan, jasotako zortzi eskaera ez dira kontuan izan. Lurraldeka, azken sail hau honela banatu da: Araban 6 erakunderen 11 proiektuk jaso dute laguntza; Bizkaian, 27 erakunderen 42 proiektuk; eta, azkenik, Gipuzkoan, 9 erakunderen 19 proiektuk. Egitasmo horiek guztiek VI. Mendekotasun Planaren prebentzio, gizarteratze eta laguntza terapeutikoko lan ildoak jarraitzen dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak betidanik mantendu dute droga-mendekotasunaren auzia eremu instituzionaletik jorratzeko konpromisoa, arlo honetan lan egiten duten beste erakunde eta kolektiboekin elkarlanean eta koordinazioan ahalik eta erantzun onena eman asmoz.

Legegintzaldi honetan zehar, Eusko Jaurlaritzak mendekotasunen lege berri bat aurkeztuko du araudia gaur egungo errealitate berrietara egokitu asmoz. Lege horrek VI. Mendekotasun Planean aurreikusitako estrategia, jarduera eta programak garatuko ditu eskaintzaren kontrolaren, prebentzioaren, laguntzaren eta gizarteratzearen arloetan. Bereziki, tabakoaren, alkoholaren eta beste substantzia batzuen presentzia eta eskaintza gutxiagotzeko neurrietan jarriko da indarra, baita bizitza estilo, ohitura eta balio osasungarriak eta prosozialak sustatzen ere.

VI. Mendekotasunen planak honako sei ildo estrategikohauek ditu:

1.- Eskaintzaren kontrola. Hau da, drogen eta jokoen presentzia eta eskaintza murriztera bideratutako neurriak, horiek legaltasunarekin bat egiten dutela ziurtatuz.

2.- Prebentzio unibertsala. Herritarrei oro har edo inolako arrisku faktoretan oinarrituta identifikaturik ez dauden pertsona multzo zabalei zuzendutako programa edo jarduerak hartzen ditu baitan. Hezkuntza, familia, lan mundua edo gizarte arloak oinarri hartuta egiten da lan.

3.- Prebentzio selektibo eta adierazia.

  • Prebentzio selektiboa: Droga kontsumitzaileak izan edo ez, drogekin edo jokoarekin lotutako arazoak sor ditzaketen arrisku faktoreen eraginpean dauden gizarte talde zehatzei bideratutako ekintza multzoa hartzen du baitan.

Prebentzio adierazia: Drogak kontsumitzen dituzten edo bestelako jokabide arazoak dituzten arrisku altuko pertsonei zuzendutako parte-hartzeak hartzen ditu baitan.

Prebentzio selektibo eta adieraziari dagokionean, honako eremuetan egiten da lan: eskola, familia, jaiak eta aisialdia, eta gizarte arloa.

4.- Laguntza terapeutikoak menpekotasunen bat duten pertsonen osasun eta bizi baldintzak hobetzera edo/eta errehabilitaziora bideratutako jarduerak hartzen ditu baitan.

5. lan ildoak prebentzio determinatua eta gizarteratzeaditu ardatz.

  •  
    • Prebentzio determinatua: Droga-mendekotasunak dituzten pertsonen osasun arriskuak edo kalteak murriztera bideratutako jarduerak hartzen ditu baitan.
    • Gizarteratzea: Iraganean edo gaur egun mendekotasun arazo bat izanagatik bizitza normalizatu bat eramateko gai diren pertsonei bideratutako esku-hartzeak.

6. Azkenik, profesionalen koordinazio eta laguntza: Erakunde publikoen, gizarte ekimeneko taldeen, profesionalen eta boluntarioen esku-hartzeak hobetu eta sustatzeko helburuarekin egiten diren jarduerak. Horiek laguntzeko ikerkuntza, aurrerapausoen zabalkundea, prestakuntza, koordinazioa, eta esku-hartzeen plangintza eta ebaluazioa baliatzen dira.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrillaren 3a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau